Bidegileak bildumearen lau sorta barri kaleratu ditu Eusko Jaurlaritzak
Bizkaie!
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak Bidegileak bildumako 34, 35, 36 eta 37. sortak osotu eta argitaratu ditu. Oraingoan, legegile, euskerearen eta euskalgintzearen eragile, euskerea jorratu daben mediku eta euskal irakasle eta ikerlariakaz osotu dira.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatzen dauen Bidegileak bildumearen bidez, euskalgintzan aitzindari izan diran personak eta taldeak ezagutzera emon nahi dira. Bilduman agertzen diran lagun batzuk oso ospetsuak dira; beste batzuk, ostera, ezezagunak dira baina guztiek sekulako lana egin dabe euskerearen alde.
Bilduma honen bidez, bidegile horreen pentsakerea, bizitza eta lana modu ulergarrian eta atseginean kaleratzea da asmoa. Era berean, argitalpenaren kalidadea ziurtatzeko, material grafiko ugari erabilteaz ganera, testuen idazketea adituen ardurea izan da.
Lau liburuxka barrietan Mikel Atxaga izan da zuzendaria eta koordinatzailea. Bi mila eta bostehun ale argitaratu dira, eta papelean zabaltzeaz ganera, www.euskara.euskadi.net webgunean iminiko dira, lehenago argitaratutako sortakaz batera. Zabalkundeari dagokionean, salgai iminiko dira baina ikastetxe, euskaltegi eta herri-liburutegietara be eroango dira.
Gauzka holan dirala, Bidegileak 34. sortea euskeraz landutako legegileakaz osotu da, XIX. mendean jaio eta XX. mendean lan egindakoakaz, hain zuzen be: Nazario de Oleaga eta Hipolito Larrakoetxea bizkaitarrak; eta Jesus Maria Leizaola eta Bonifazio Etxegarai gipuzkoarrak. Andres Urrutia (Oleaga), Jose Luis Lizundia (Leizaola), Luis Baraizarra eta Julen Urkiza (Larrakoetxea) eta Jose Antonio Arana Martija (Etxegarai) izan dira egileak.
Gerra ondoko euskerearen eta euskalgintzearen eragileakaz osotu da 35. sortea: Antonio Arzak eta Felipe Arrese ta Beitia, batez be, XIX. mendean bizi eta lan egindakoak; Pierre Bordazarre eta Tene Muxika XX. mendean lan egindakoak. Ines Pagola (Arzak), Jean Louis Davant (Bordazarre), Itziar Urrutia (Arrese ta Beitia) eta Lukas Dorronsoro (Muxika) izan dira sorta honetako liburuxken egileak.
Bidegileak 36. sorta, barriz, euskerea jorratu daben medikuakaz osotu da: Jean Etchepare argentinarra, Fermin Irigarai nafarra, Teodoro Hernandorena gipuzkoarra eta Jose Luis Goti bizkaitarra. Isabel Arrigain (Etchepare), Joxe Angel Irigarai (Irigarai), Joxemari Iriondo (Hernandorena) eta Lartaun Egibar (Goti) izan dira egileak.
Azkenik, euskal irakasle eta ikerlariakaz osotu da 37. sorta: Joana Atxabal, eta Andolin Eguzkitza, Jose Maria Jimeno Jurio eta Jose Mari Satrustegi. Xabier Kintana (Eguzkitza), IƱaki Sarriugarte (Atxabal), Roldan Jimeno (Jimeno Jurio) eta Patxi Salaberri (Satrustegi) izan dira egileak.