Bidaide  IV. urtea // 102. zenbakia

Ekialdeko Timor (III)

Planetako herrialde gazteenera egindako bidaiaren hirugarren eta azken atala


Estadu Batuen erpeak

Ekialdeko Timorren ikusteko dagoan gauzarik ederrenetarikoak herrialdearen berregituraketea eta behin-behineko gobernuaren funtzionamentua dira. Hezkuntza eta osasun-sistemea bereziak dira, eta defensea be bai. Izan be, Ekialdeko Timorrek ondo daki inbasino bat zer dan; eta badaki, baita, independentziak indarkeria eskatu leikela edozein momentutan. Eta zelan ez, herrialde askok dauka interesa hemen, Estadu Batuek, besteak beste (ohikoa dan legez). Amerikarrek Marineak bialtzen dabez bihar-etzi Ekialdeko Timorren armadea izango dana osotzeko, beti be Indonesiari begiradea kendu barik eta berau munduan musulman gehien daukazan herrialdea dala kontuan hartuta.

Soldadu honeen buruzagietariko batek (ez dau izenik emon gura) bere herrialdearen interesa baiezten dau: ‘Estadu Batuentzat oso garrantzitsua da munduko leku honetan aliatu bat eukitea. Filipinakaz batera, leku estrategikoa da Ekialdeko Timor, Australiatik eta Indonesiatik hur dagoalako. Armak eta entrenamentua eskaintzen deutsegu bihar-etziko armadearen tropei eta, trukean, terrorismoari aurre egiteko laguntzinoa jaso gura dogu; hau da, Indonesiaren ganeko informazinoa eta kontrola’.

Timorren dagozan marine estadubatuar asko Japoniako baseetatik joandakoak dira. Okinawako sarjentu hispaniar batek entrenamentuak zelakoak izaten diran azaldu deusku: ‘Hemen, jentea ez dago ondo preparauta. Lehenago polizia izandakoak dira eta ez dagoz trebatuta. Armak emoten deutseguz, bai, baina zelan erabili behar diran be erakusten deutsegu. Normalean, norbera defendiduteko, segadatarako, ibilgailuetan miaketak egiteko eta azken baten, eguneroko bizimoduan soldadu batek egin beharreko beste hainbat teknika erakusten deutseguz.

Diliko kostaldetik kilometro batzutara dagoan gerrako itsasontzi batek militar estadubatuarren presentziaren barri emoten deusku. Bertatik, Sikorsky SH54 erraldoiek urtetan dabe, armadearen helikoptero handienak. Goizean heltzen dira, eguna ugarte sikuan pasetan dabe entrenetan eta iluntzean doaz bueltan. Timondar soldaduek mirespenez begiratzen deutse; gustura datoz bueltan. Estadu Batuen beste satelite bat egiten dagoz munduan.

Testua eta argazkiak:
Zigor Aldama

Independentziak erabateko aldaketea ekarri dau Ekialdeko Timorren. ‘Mundua gu existiduten garala konturatuko balitz legez sentiduten gara’, dino Diliko polizia batek, ‘Nazino Batuen lana bikaina eta ezinbestekoa da herrialdearen bakotasunei erantzuteko eta aurrerantz ekiteko’. Nazinoarteko laguntzinoa erabagiorra da, baina oraindino duda asko dagoz etorkizunaren ganean. ‘Herrialdeak ez dauka ia ezer’, zehazten dau Pratt medikuak, ‘portugaldarrek bertoko ia egur osoa eroan eben, berton ezer eregi barik. Gaur egungo azpiegiturak indonesiarrek eregitakoak dira, baina biztanleak erabat zapaldu ebezan. Akaso, turismoa izango da herrialdearen etorkizuna, baina ez behintzat hamar urte baino lehenago. Nazinoarteko laguntzino barik, Ekialdeko Timor gosez hilko litzateke’.

Herritarrek oso ondo eta ikaragarrizko jakin-gureagaz hartzen dabez atzerritarrak. Herritxu osoa hurreratzen da kanpotarrari harrerea egitera. Lehenengo, korrika, umeak euren anai-arreba txikiakaz besoetan. Gero, emakumeak, astiro. Eta azkenik, gizonak. Euren etxe txikitxuetara sartzeko gonbita egiten deutsue, kokoak edateko eskaintzen deutsuez eta, ganera, prest egoten dira daukien janari apurra banatzeko. Bizipen hunkigarria da. Indonesiako leku aurreratuenetan pasetan ez dan legez, hemen inork be ez dau dirurik eskatzen. Askok erabili be ez dabe egiten eta!

Familia arrunt bat

Landa-herri txikitxuetan laupabost familia dagoz, etxe txikietan. Zorionekoek txapazko teilatua daukie eta etxearen barruko aldea berotegi bihurtzen da urte osoan zehar dagoan tenperatura altua dala eta. Etxe gehienetan janaria preparetako lekua baino ez dagoan suete bat eta logela antzeko leku pare bat baino ez dagoz. Komuna kanpoan dago eta danena da. Lurrean egindako zulo txiki bat, banbuz egindako hormez inguratuta. Hori da euren ondare bakarra.

Familiaren egituraketea tradizionala da. Emakumeak ume txikitxuak jagon eta etxeko lanak egiten ditu. Bien bitartean, gizonek (hamar urtetik gorako umeak be gizonak dira hemen) janari bila urtetan dabe, batez be itsasora. Zorionekoek euren familiek behar dabena baino janari gehiago lortzen dabe. Orduan, merkaduetara joaten dira beste produktu batzuk eurenaren trukean hartzeko edota dolarrak jasoteko, Diliko diru ofiziala. Diliko merkaduan ezagutu genduzan gizon bik hainbat kilometro egin ebezan hiru bat kilo platano dolar baten saltzeko. Diru horregaz, euren familiek egun bat gehiago bizirauteko euken.