Artzantzearen etorkizuna kolokan?
Dionisio Txoperenarentzat ez behintzat
Dionisiok ez dauka arrantxorik, baina bai 300 behi, mila ardi eta lau zaldi. Tomalesetik milia bira bizi da, egurrezko etxe baten; alderdi batetik Ozeano Barea ikusten dau eta bestetik mendiak. Horrek guztiorrek Euskal Herria ekarri ohi deutso gogora. Urtebetean multinazional baten arpegia izan da. Publizidade arpegi bat izan da eta horrek miloe bat dolarreko saria emon deutso. Amerikar amesa, kasu honetan, bete egin da.
Joseba Terreros
Dionisio Txoperena, goizuetarra, 1973an AEBetara joan zan, ardiak jagoteko beharraren bila. Orain goizuetar hau eta beraren artaldea eskuko telefonoen multinazional bateko publizidade-irudia dira.
AT&T konpainiak gure Dionisio artxoaren 2000ko egunean topau eban Tomalesen, Kalifornia Iparraldeko herri galdu baten. Ordurik hona, eskuko telefonoak saltzeko konpainia erraldoi horren publizidade irudia da. Goizuetarrak arpegia eta ardiak ipini zituan eta enpreseak erropak, kamerak eta dirua.
Dionisio Txoperena Goizuetan jaio zan orain dala 47 urte; etxean bederatzi neba-arreba izan ziran eta aita zazpi urte eukazala hil jaken. Sasoi haretan eskolan 'cara al sol' kanta falangistea abestuten behartzen eben eta maisuak sarri joten eban, euskeraz berba egiteagaitik. Dionisio gazteak 13 urte eukazala eskolea itxi eta sekula ez zan ostera be jesarri ikasmahai baten aurrean. Txikitako gomuta guztiak asao lotzen jakoz. AEBetara Franco hil baino urte bi lehenago joaniko artzain hau AT&T sakelako telefonoen multinazionalaren publizidade irudia bihurtu da. Azkenean, bada, Goizuetatik Ameriketara joaniko artzain gaztea XIX. mende amaierako indiano modura bueltetako gauza izan da, oporretan bada be.
Iragarkiko artzain modura bizi izan dauen istorioak heroi baten ukutua dauka eta balizko kondaira baterako izenburu zoragarria: 'miloe bat dolarreko artzaina'. Hori berori izan da Dionisio Txoperenak Hollywoodeko aktore mordo bati castingean irabazteagaitik jadetsitako saria. Berak esan dauen legez, benetako zer edo zer gura eben. Eta Dionisio horixe da, Txiki eta Txoko izeneko txakurrek lagunduta, Kaliforniako Iparraldean ardiei euskeraz egiten deutsen egiazko artzaina, telefonoen erraldoiaren makina bat miloeko kanpainarako amerikar zaporearen benetako ikono bihurtu dan goizuetarra. Mirari hori, artzainaren harridurarako, igazko Gabon egunean hasi zan gauzatzen, artxoaren egunean, hatan be.
Kaliforniako Tomales herri txikitxuan sekula ez dabe ahaztuko, zori hutsak erabagi dau-eta herriko artzain ezezagun bat berbaldiak emon eta autografoak izenpetzen dituan pertsonaia publikoa izatea. Dionisioren arpegiak estadu osoko panelak ez eze San Franciscoko metroaren tunelak be estaldu ditu. Goizuetarrari esker, ehun biztanle inguruko Tomales herria ez da galduta agertzen estaduko mapetan. AT&T enpresearen artzainaren herria da. Bertako tabernan be naparraren argazki handi bat dago, Dionisioren eta, bide batez, herri osoaren arrakastearen erakusgarri.
Dionisio bere animaliakaz egoan, Tony Cervantes andreak, Foote agentziakoak, lokal horretako atea zeharkatu ebanean. Hilebeteak egin zituan isolatuta bizi baina jentea identifiketako moduko gizon arrunt baten bila. Eta ez egoan hoberik Ameriketako Sartaldeko artzain tipiko bat baino. Tabernariak Dionisiori deitu eutsonean, publizisteak berehalakoan jakin eban hori bere gizona zana. Naparraren eta ardien bideo hartualdi batzuek sinistu eragin eutsien aurrean eukana bere publizidade kanpainarako gizonik aproposena zala. Handik gitxira, herrira gudaroste baten moduko jentetzea heldu zan: kamerak, San Franciscotik ekarritako 1.500 estra, kea botetako makinak, helikoptero bat... Tomalesen zurtz eginda egozan.
Orain, Dionisiok Goizuetan kontetan dauenean, inguruko auzokideek taldeka paretan jakoz aurrean. Arrandegi baserrikoak betiko lagun atsegin eta abegitsua izaten jarraitzen dau. Berba egikeran, amerikar eta euskal doinua nahastuten jakoz. Gure artzain ezagunak dinoan moduan, berari esan eutsien Ipar Amerika zapaldu eben lehenengo artzainak 1800. urte inguruan ailegau zirala; izan be, sasoi horretan meatzari piloa ebilen zidarra edo urrezuria ataraten, baina ez egoan ganadurik bape. Artzainak hara hurreratu eta meatzariei artxo gozoak eskaintzen eutseezan jateko.
Wyoming-erako bidean
Dionisio 60 eta 70eko hamarkadako immigrazino programen barruan sartu zan. Elizondoko agentzian 1973an izena emon eta Wyoming-era joatea tokau jakon. Sasoi horretan 18 urte zituan eta Iruñeako jatetxeetan beharrean ibilitakoa zan; aurretik be baso-mutil jardun eban Goizuetako mendi aldapatsuetatik egurrra ataraten. Etxean bederatzi neba-arreba ziran eta Dionisio izan zan AEBetara joan zan hirugarrena (beste bost ondino be AEBn dagoz). Patrikan hiru dolar baino ez zituan heldu zanean. Madriletik New Yorkera hegaz egin eta bertan Salt Lake City-ra joateko beste abioi bat hartu eban, Zigako Tomás Iñarreta artzainagaz batera. Ia ez eben deskantsetako astirik izan. Nagusiak basora eroan eta zaldi bi, errifle bat, 2.000 ganadu buru eta bost txakur emon eutseezan. Eskopetearen kanoiagaz Sartalderantz seinalau eban eta aste bian norabide horretan jarraituta Wyoming-era helduko zirala esan eutsen. Dionisiok hasikera baten sarri madarikatu eban Ameriketara joan izana. Ez ekian ingelesez berbetan eta ez eukan diru askorik. Ingelesa gerora ikasi eban, Kalifornian. Bien bitartean 328 dolar kobretan zituan hilero, baina berak gogora ekarten dauen modura, urtean behin, Gabon Gauean eta dana batera.
Kronikek dinoen legez, Oñatiko Pedro de Altube izan zan Ipar Ameriketara heldu zan lehenengo euskal artzaina. Artzain euskaldunik gehien XIX. mendearen lehenengo laurenean joan ziran. 1895ean 10.000 euskaldun inguru egozala kalkuletan zan eta XX. mendeko 60ko hamarkadan 2.000 artzain geratzen ziran; horreetarik % 90 euskaldunak ziran. Gaur egun, ostera, ez dira 50 baino gehiago, amaitzen dagoan pelikula baten azkenengo aktoreak. Euren aztarnea laga dabe. Dionisio Txoperena edo Tomás Iñarrearen moduko kasuek ondo be ondo justifiketan dabe Renon 1989tik euskal artzainei egindako monumentu bat egotea.