Bertsotan  IV. urtea // 101. zenbakia

BBK’05: Saria Durangora!


Ezin izan dot trankil
hartu gaur astia
nerbioso goiza eta
nerbioso arrastia.
Lau valeriana, hiru
tila ta eztia:
ez dakit nahiko izango
dan hori guztia!

Esan beharra dago txikien mailan itzelezko ahalegina igarri zala bi taldeen partetik bizkaieraz kantetako. Hanka sartzeen kasuan, esan beharra dago nozbehinka trabatzeaz ganera, poto eta erdi gehitu ebela euren palmaresera Durangaldeko gaztetxoek. Hori erdiori Miren Amurizak sortu eban, “erraz” esan gura eta “beraz” errepetidu ebanean: lapsus linguae.

Nagusien saioa baserri giroan ibili zan hasikeratik. Gaiak erabat zehazten ez ebanean be, bertsolariek nekazaritza mundura parajetu eben euren jarduna. Esaterako, gurasoen etxea herentzian jaso daben eta alkarregaz ondo konpontzen ez diran neba-arreba gazteen papelean sartu ebazan Bernardo Mandalunizek Peru Madalena eta Iñaki Iturriotz. Peruk kortara bialdu eban arrebea eta Iñakik mutilagaz dagoala albora ez etorteko agindu eutson nebeari. Hona Peruren erantzuna:

Neska polite zaren kontue
dudan geratu daittela,
ze guzur nahiko kristolakue
esango gendun bestela.
Zu txarrikortan primeran zagoz
argituko dot honela:
Mutilek ere esaten dabe
nahiko txarrixe zarela!

Bakarkako beharrean, ezinbestean aitatu behar da Jabi Olivaresek azken puntuari emon eutson testuinguru neurtu eta errimatua:

Amatxok ere indar e(g)in eban
semetxoak jaiotzeko
komunean be indar e(g)iten da
nor gustora geratzeko.
Geldi egonda ez dogu inoiz
gura dogunik beteko,
indarra egin beharko dogu
gura doguna lortzeko.

Txikitan zein nagusitan, kartzelako beharra zan bakarkakoa; nagusiek bina bertso kantau behar ebezan honen gaiaren inguruan: “Kazetaria zara eta Korrikagaz batera Euskal Herrian barrena ibili behar dozu. Gaur dozue hirugarren eguna.” Gorka Lazkanoren bertsoak honakoak izan ziran:

Orreagatik urten genduan,
ha gendun ha jente masa!
Eta Bilbora helduko dana
izango ete da demasa?
Nahiz ta batzutan dana herdoildu
emongo dautsagu grasa,
herriz herri, plazaz plaza.
Nahiz ta hizkuntza honena izan
hain egoera eskasa,
ia ba nire arnas-estuak
emoten dautsan arnasa!

Guk herenegun korrika hasi
ta hor doa abiadan,
indarra majo hartu ei eban
Orreagako bailaran.
Ia Bilbora ailegaten dan
korrika barik hegaran,
guztiok nahi dogun eran.
Nahiz gauza onik ez dan entzuten
gugatik azken boladan,
nik egi osoa idatziko dot
eta ia baikorra dan!

Bizkaiera onenaren saria Bilboko Oihana Bartrak eroan eban atzera be, baina ezin izan eban agertu oroigarri bila. Gazteenaren saria, barriz, Miren Amurizak jaso eban.

Urteak eta gero, Durangaldeak indarra berreskuratu dau eta berea da BBKaren lekukoa. Ostera, Gorka Lazkanoren agur honek aurreratzen dauenez, hurrengo urtean jente barria ikusiko dogu eskualde honetan kantari, antolatzaileek ez badabe atzera adin tartea luzatzen. Zorionak Durango!

Durangaldean sariketa honek
itxi dau hamaika laino,
baina eguzkiak urten dau behingoz
Ta ezin sinestu ondino.
Gure azken urtean
jausi gara suertean,
ta behin helduta honaino,
agurtzeko zer gauza hobarik
txapela janztea baino.

Xabier Paia

Azkenean be ailegau jaku
finalerako aukera:
Durangaldea ta Arratia
hasi da gure karrera!
Hiru zekor ta abadiñar bi
begitu ezkero atzera,
neska bakarra heldu da erdira,
ta lotsa barik ganera,
emakumeak eta bertsoak
leku onean ixtera.

Miren Amurizak aste honetan ospatutako bi egunak batu ebazan agurrean: martiaren 8a, emakumeen eguna, eta martiaren 12a, Bizkaiko eskualdekako sariketearen final eguna.

Sei kanporaketa eta gero, Durangaldea eta Arratia ailegau ziran joan dan zapatuan Bilboko Kafe Antzokiko bertso-gudura. Arratiak, Iñaki Iturriotzek lehen bertsoan adierazo ebanez, azken hiru urteetan zita finkoa lortu dau BBK sariketearen piramidearen puntaren puntan. Durangaldeak, ostera, urteak igaro dauz aukera barri baten zain, izan be, esan leiteke joan dan milurtekotik ez dauela finalean parte hartu. Ganera, durangarrek ez eben trena pasetan itxi eta azken geltokiraino joan ziran taldeko sei kideak: Eñaut Uruburu, Xabier Solaguren, Miren Amuriza, Peru Madalena, Jon Unanue eta Gorka Lazkano. Trenbidearen bestaldean, Lemoako tranbian eta igaz eskuetatik ihes egin eutsen sari gosez, zekor arratiarrak: Manex Sagarna, Jurek Zienkiewic, Jon Agirre, Iñaki Iturriotz, Gorka Intxaurbe eta Jabi Olivares.

Jon Agirrek Aitor Mendiluzeren bertso bat aitatu arren, airean egoan txanponak gitxika-gitxika buelta emon eban Urkiolako gurutzearen alde. Durangok, danetara, 375,5 puntu lortu ebazan, txikitan eta handitan durangarren nagusitasuna zifra bihurtuz. Arratiak 364 puntu lortu ebazan. Edozelan be, 11,5 puntuko aldea baino ez zan egon hiru kidez osotutako epaimahaian.

Bertso gogoangarriak izan ziran handi zein txikietan. Txikien saioan Jurekek bertso ederra osotu eban lau oinak emonda: