Bertsotan  IV. urtea // 101. zenbakia

NBT’05: aldaketarik bako “bertsokundeak”


Bide batez, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea lehenengo lau bertsolariek eskuratu dabe.

Saioko sorpresarik handiena Julen Zelaietak emon eban; bertsolari beratarrak hainbatean erakutsi dau jentea poltsikoratzeko itzelezko erraztasuna daukala. Igaz finaletik kanpo lotu ostean, aurtengoa saioan igazko gogo eta grinak igarri jakoz, ez ebalako nerbiorik be azaldu. Ostantzean, saio ona egin eban goiko zortzikoteak. Iñigo Ibarrak bezperan hartutako gripearen lorratzak itxi ebazan bertsoetan, Lopez, Legarreta eta Barberena gorabeheratsu ibili ziran; Etxabek ez euskun igaz plazaratutako doinua entzuten itxi, baina bertsotarako tenple itzela ikusi jakon.

Lagin lez ekarritako bertsoak lehenengo hiru sailkatuen bakarkako beharrekoak dira. Leidu eta gozau.

1) Julen Zelaietaren puntu erantzuna:
Korrika joanen da
euskara Bilbora
A(g)ujetak ditut eta
arren ez gogora!
Orreagan hasi ta
kostaldean gora,
bueno, joan behar bada,
joan beharko da.

Eta bakarka honi gaioni kantau eutsien bertsolariek:“70 urte bete dozuz. Bizitzan ames ugari izan dozuz, baina amesik ederrena oraindino ailegau barik dagoala pentsetan dozu.”

Denbora zeinen azkar dihoan
zeinen azkar, zeinen arin
ta horrek nire aurpegiko
zimurrei die eragin.
Baina oraindik ametsak ditut
ta odolak dit irakin.
Nire semea bertsolari da
Julen, badakizue jakin…
Ametsa badut ikustekoa
Nafarroko txapelakin!

Umorean da umoretsua,
samur samurtasunean,
baina badauka hortxe zulo bat
trofeoen hutsunean.
Xabier Silveira ona omen da
ona omen aidanean,
baina semeak txapela ez du
izango hain urrunean,
pinta hoiekin noizbait kartzelan
sartzen duten egunean.

2) Xabier Silveira:

Korrika joanen da
euskara bilbora
Herriz herri hor dabil
behera eta gora.
Euskerak behar du gure
diru ta denbora,
sinestu eidazue
bestela hilko da.

Pertsona handia izan naiz ni
nere laurogei urteetan,
oraindik murgildua naiz
gaztaroaren errekan.
Bertsolari izan nahiak
ipintzen nau ametsetan;
Bilbao Exhibition Center
deitzen dioten horretan
kantatu nahi nuke eta
saiatuko naiz benetan,
ezingo bainaiz inoiz hil
kantatzen ez badut bertan.

Munduan dabil milaka,
milaka ni bezalako,
deskriba nitzazkeenak
ene itzalaren kalko.
Burua ongi dabilkit
eta kantatzen dut nahiko…
Nola etsiko dut orain?
Zer ba? Zahartu naizelako?
Nahiz eta onartzen dudan,
asko saiatu beharko:
ametsak bete behar dira
betetzeko daudelako.

3) Estitxu Arozena:
Korrika joanen da
euskara Bilbora
aurten ere hemen da
euskararen froga.
Nahiz korrika egin ta
gelditu gustora,
beti hitz egitea
hobe izango da.

Adin hontara ailegatzean
nire bizitzaren trena
mintzagai soilik ezin da izan
eguraldi ta herrena.
Anai bat badut artzain joana
Ameriketan barrena,
ta biloba gazteena,
preso eraman zutena…
Mahai baten bueltan elkartu nahi dut
nire familia dena:
amets txikia dirudi baina
da nik dudan handiena.

Aipagarria da familiak
eman ohi didan oreka
eguneroko gauza txikiei
jarri ohi diet arreta,
baina mugatzat ez dut izan nahi
nire etxeko lau pareta.
Ideia eta hausnarketa,
burua eduki beteta.
Nahiz eta amets denak ez bete,
nabil gira eta buelta,
amesteko gai ez naizenean
hilda egongo naiz eta.

Xabier Paia

Ezin zehaztu neike Lakuntzan zortziehun edo bederatziehun lagun batu ginan martiaren 13an Erreinu Zaharraren Bertsolari Txapelketea bizitzeko. Ostera, zehaztasun osoz esan neike bertora parajetutako zale guztiek Nafarroako Bertsolaritzearen olatu ganeko apar freskoaz gozau ahal izan ebela txalo eta oihu artean.

Nafarroako Bertsolari Txapelketearen 34. edizinoa izan da aurtengoa; Bizkaian lez, bertsolarien piramide nafarrak izen bigaz osotuta puntea dauka: Estitxu Arozena eta Xabier Silveira, hau azkenau puntaren puntan. Izan be, portugesaren semeak Behar zana pelotalekuan argi itxi eban lez, bertsotan bizi da, bertsoa bizi dau eta berak badaki biziten.

Alaitz Rekondo aurkezleak, ohore-arau danek agintzen eben lez, honako sailkapena zabaldu eban mikrofonoetatik:

Xabier Silveira 425 puntu.
Estitxu Arozena 405,5 p.
Julen Zelaieta 393 p.
J.J. Zubieta “Etxabe” 391 p.
Jon Barberena 382 p.
Xabier Legarreta 380 p.
Juan Mari Lopez 365,5 p.
Iñigo Ibarra 356,5 p.