“Aukera Guztiak” taldeari aukerarik emongo ete jako?
Iñaki Atxutegi
Aukera Guztiak izeneko ekimenak hauteskundeetan egon ahal izateko beharrezko sinadurak batu dituala jakinerazo barri dau. Kostata, itxura guztien arabera. Ez dau emoten artikulu hau idazteko orduan zenbaki majikoa (19.000) askogaitik gainditu dabenik. Ganera, epea bete baino arinago arrapaladan hainbat eragile politikoen ateak jo ei ebezan laguntza eske sinadurak batzeko.
Gutako askok ezagutzen doguz ezker abertzalekoak izan barik sinatzera joan diranak. Are gehiago, esaten da ta egia da herri txiki honetan danok ezagutzen garala. Begibistakoa da aurpegia emoten agertu diranetako batzuek behintzat ez daukiela ezelako zerikusirik Herri Batasuna, Euskal Herritarrok, Batasuna edo beste holako hauteskunde markeagaz. Eta ez nabil guzurretan ekimen honen arpegi publiko batzuek ez deutsela hareen zerrendei boturik emoteko ezelako asmorik esaten badot.
Polita da beste batzuen eskubideen defentsan lan egitea. Polita, dinot, gure gizarte honetan norberekeria nagusi dalako eta desbardina denagaz politikan, enpresan, kulturan eta kirolean “Hor konpon, Marianton” oso arrunta dalako.
Gehienetan, eskubideen defentsan gabilzanean geure eskubideen alde edo geure modukoak diranon alde burrukatzen dogu. Kasu honetan, desbardina danaren alde agertzea, desbardina dan honek ordezkapen politikoa izan dagian lan egiteak sekulako eskuzabaltasuna erakusten dau.
Baina oraindino ez dakigu ezker abertzale ofizialak zer pentsetan dauen ekimen honen inguruan. Egia da ezin dabela jentaurrean ezer esan. Esango balebe, berehala izango leukie Madrileko botereek euskarri bat ekimena bertan behera ixteko. Bien bitartean, seguru ilegalizauko dabezan zerrenda "ofizialak" aurkeztu dabez ezker abertzalekoek, betidaniko izen eta presoen presentziagaz. Disimulua ala euren bidetik jarraitzeko asmoa?
Estaduko Fiskal Nagusiak adierazo dau dagoeneko Aukera Guztiak ekimenaren zerrendak ikertu egingo dituala. Ez nintzan harrituko zerrenda honeek be ilegalizauko balebez. Batzuen ekimen ederra modu txarrean amaituko litzake. Eta aldi berean, euskal panorama politikoa nik gura baino gehiago nahastauko litzake.