Bertsotan  IV. urtea // 101. zenbakia

99. zenbakiko artikuluaz


Aurrera jarraitu dogu batzuok euskaldun eta bizkaitar izateko asmoa daukagulako. Geuk behintzat, intentzinoa adierazo behar dogu, ez deuskuelako ezer eginda emongo. Bizkaierea, Juanjok dinosten lez, handik eta hemendik hartu beharko dogu, zeaniztar bati aditutako berbak bermeotarrak erabilitakoei lotuz. Eta marraren alde batetik bestera salto egitea gogorra da. Seguru nago erdalgunean jaio garan gehienoi gustauko jakula Bizkaiko oasiren batean jaiotzea, gure berbakerea ona izango zalako inoren zalantzarik barik (ez akaso zuzena edo egokia, baina ez dakit horreek merezidu besteko saririk daukien).

Baina lasai, segidu bizkaierearen presentzia saritzen. Neuk be halakoren batean ikasiko nebazan belu, koiu, suetea eta halako berbak… denporearen porasuz edonork beteko dau bere asmoa. Ostantzean amesa izango da eta.

Akabu aldera, gustako jatan sari partzialen arteko bereizketa txiki bat egitea: gazteenaren saria, lehengoan Bizkaiko aurkezle on batek esaten eustanez, bertsolariak baino horren amak jaso beharko leuke. Gazteen partehartzea saritzeak gaur egun ez dauka zentzurik Bizkaian! Akaso, zaharrenaren saria imintearen aldekoa naz ni… e, Juanjo! Xelebreenaren saria ez da partziala, horretan abiapuntua danok bardina daukagulako. Eta herriko sariaren ganean, Okelar sariketeak mutrikuar onenaren saria badauka, baina bere herrikoak ez diranek be parte hartzen dabelako. Inork bizkaierea saritzekotan, hori BBK-k egin beharko dau, ados, baina ez daigula ahaztu dana ez dala baltza edo zuria, eta zuria saritzekotan, baltza be kontuan izan beharko da, zurikeriatan ez jausteko.

Bizkaien alperrik ibiliko nintzan bizkaierearen aldekoa izango ez banintz. Baina badakit nondik natorren, zer bizi izan dodan eta ahal dala, bidea erraztu gura neuskie atzetik jatoztezanei, bizkaieraz akaso ez, baina bertsotan zer esana emongo dabelako.

Azkenik, egindako akatsak onartzen eta parkamena eskatzen be jakin behar dalako mundu honetan, parka begie neure eretxia gustuko izan ez daben danek, neuk gauzak esateko daukadan modua onena be ez dalakoan.

Xabier Paia

Onartuko dot, ezelako dudarik barik, “eskatzea libre da” esakerea asago eroan nebala testuan. Finean, Bizkaiko aniztasunaren aldarria baino ez neban egin gura, gauzak holakoak diralako: Euskal Herriko Hizkuntza-adierazleen sistemearen arabera, Markinako familien % 70k eta Portugaleteko familien % 0,5k egiten dabe euskeraz etxean (5 urtetik gorako personaz osotutako familien erabilerea); bide batez, esan daigun Portugalete Markina baino 13 aldiz handiagoa dala biztanle zenbakiari jagokonean, eta Portugalete eta Markina saguak atrapau dauzan lehenengo bi udalerriak baino ez dirala izan.

Zorionez, bizkaierea gora doa bertsotan. BBKko finalean bertsolari batek baino ez eban batuaren arrasto nabarmenik itxi. Aurreko artikulu baten esan neban bizkaierea eta batua batzeak ez eukala zentzurik bertsotan, inkoherentea zala. Orain, ostera, ez nago horren seguru. Edozelan be, neuk ez dot esango zelako bizkaierea dan entzuten dana, benetakoa dan ez zelan islatu behar dan mendebaldeko euskalkia epaimahaian. Eta lotsa barik esaten dot bizkaiereari saririk ezin jakola emon esatea ez zala izan neure bizitzako ideiarik onena. Ostera, barrikadearen bestaldetik begira gagozanon ikuspegia zabaldu gura neutsen etxeko berbakereaz bertsotara urteteko plazerra eta pribilegioa daukienei, saioan esandakoa amari itzuli behar ez deutsienei eta erdalgunekoon euskalduntze-prozesu luzea bizi behar ez dabenei. Izan be, RH negatibo barik jaio ginanok ‘pelmadatxua’ eta ‘palmadatxua’ jasan behar izaten doguz geure euskal gizarteratze-prozesuan. Neuk bizkaierea ikasteko beharra Urki Bilbao eta Oier Azula artean sentidu neban… zeinek ulertu sasoi baten lekeitiar batek ondarrutar bati esaten eutsona!

Eta edurte, euri zein ekatx, batzuek aurrera jarraitu dogu. Nahiz eta eskolarteko lehen txapela irabazi genduanean morokila zer zan be ez genekiela leporatu euskuen, hamalau urte ziztrinegaz. Edo bertso-eskolan eten barik norberaren akats larriena euskerea dala esan deuskuenean. Edo zeozer ulertu ez eta itauntzearen bildur izan garanean, pena emongo ete gendulakoan.