Zaratots larregi M-11ko atentaduaren inguruan
Gomutearen osteko zaratotsak
M-11ko Biktimen Alkarteko kideek ez dabe ekitaldietan esku hartu. Pilar Manjon alkarte horretako buruak adierazo ebanez, ez etozen bat egun horretarako antolatutako ekitaldiakaz, euren eretxiz, biktimak baketan itxi eta isiltasun eguna zalako.
Horrezaz ganera, hainbat komunikabidek, esate baterako Prisa taldearen ingurukoek, behin eta barriro gogoratu dabe, arrazoiz baina helburu politiko argiakaz, PPk erabilitako faltsukeria, atentaduaren osteko egun bietan egilea ETA zala adierazotean. Era berean, PPko hainbat ordezkarik oraindino ez dabe ETAren egiletasun intelektuala baztertzen, hori baiezten dauen froga bakar bat be ez dagoan arren.
Martiaren 13an, PPko buruzagiak, Rajoy jaunak, UPNk Iruñean egindako kongresuan adierazo eban “PSOEk Espainiako gizartea banantzen dauela atzera begiratzean”. Bien bitartean, oso jente gitxi gomutau da M-11ko hiltzarre honek Hego Euskal Herriko uriburu historikoan, Iruñean bertan, eragindako 193. biktimeagaz, Angel Berroetagaz, hain zuzen. Oraindino be zaratots larregi dolumina agertzeko baino ez ziran egunotan.
Begiluzea
Espainian banderak haga erdian jarri ebezan dolu seinale moduan. Alberto Ruiz Gallardon Madrilgo alkateak minutu bateko isilunea eskatu eban Atochako geltokian eta udaletxeko zinegotziak bonbek eztanda egin eben lau puntuetan egon ziran. M-11ko Biktimen Alkarteak ez eban ekitaldietan parte hartu, euren esanetan, “isiltasun eguna zalako”.
Madrilgo 650 eleizetako kanpaiek joka jardun eben 07:37tik aurrera zazpi minutuan, orain dala urtebete hil ziran 192 biktimen omenez. Ordu horretan, lehertu zan aurreneko bonba, eta, hori dala eta, kanpaiek biktimak ekarri ebezan gogora.
Madrilgo komunidadeak eta gotzaindegiak alkarlanean eraturiko ekimena izan zan hori. M-11 dolu eguna izentau eben, eta, ondorioz, ekitaldi ofizial guztiak bertan behera itxi eta banderak haga erdian ipini ebezan. Ordu horretan bertan, Madrilgo komunidadearen presidentziaren egoitzan, Puerta del Solen, plaka oroigarria ezarri dabe.
Bestalde, Alberto Ruiz Gallardon Madrilgo alkatea Atochako geltokian egon zan eta minutu bateko isilunea egin eban hara joandako guztiakaz batera. Udaletxeko zinegotziak, ostera, lau taldetan banandu ziran orain dala urtebete bonbek eztanda egindako lau tokietan egoteko.
Eguerdiko 12:00etan, barriz, Madrilgo Retiro parkean "Bosques de los Ausentes" zabaldu eben. Leku horretan 192 arbola landatu ebezan sarraskian hildako lagun guztien gomutaz, zugatz bat persona bakotxeko
Biktimen aldeko ekimenak Hego Euskal Herrian
Eusko Jaurlaritzeak eta Nafarroako Gobernuak kontzentrazino isilak deitu ebezan. Mobilizazino horreen helburua biktimakanako alkartasuna adierazotea eta indarkeria gaitzestea izan zan. Kontzentrazinoak 12:00etan egin ziran Hego Euskal Herriko erakundeen egoitzen aurrean, mobilizazino isilak, hatan be.