Euskaldunok munduan  IV. urtea // 101. zenbakia

‘Danok daukagu hobetzeko gaitasuna eta beharra’


Zer dala-eta joan zinan Mozambikera? Zergatik hartu zenduan erabagia?

Aurretik banekian Mozambiken proiektu interesgarria egoala, gustetan jatana. Proiektuaren zuzendariagaz berba egin neban eta aukerea emon eustan.

Non egon zinan Mozambiken?

Herri txiki batean, iparraldean, Marrupa izena daukana, Niassa probintzian. Hego Euskal Herriak besteko azalerea dauka baina berrogei mila persona baino ez dira bizi. Egon nintzan herrian ez egoan argirik, noizean behin baino ez: egun batzutan eta ordu batzutan. Telebista barik. Irratia baegoan baina txarto entzuten zan. Egunkaririk be ez egoan. Hurren geunkan telefonoa bost ordura egoan, eta bankua, bardin. Berrehun eta hamar kilometro ez dira hainbeste, baina hango bideakaz-eta... Herrian bertan aireportu bat badago eta bertan dago inguruetako asfaltautako kilometro bakarra! Mozambike Portugesen kolonia izan zan, eta Marrupa oso puntu estrategikoa zan: Tanzanaiako mugatik oso hur. Soldadu piloa egozan han eta funtzionarioak be bai; orduko eskolak, merkaduak eta enparauak, sasoi hareetako aztarnak oraindino badagoz.

Aberatsen eta pobreen arteko aldeak zelakoak dira?

Han dirudunak be ez dauka autorik. Ez dago holako alde nabarmenik. Merkatariak nekazariak baino hobeto bizi dira baina ez dago alde handirik.

Pobreak oso pobreak dira?

Badagoz familia batzuk uztea batu baino lehen gosea pasetan dabenak. Iraupen nekazaritzea darabile. Uztea martitik aurrera izaten da eta urtarrilatik martira bitartean, gosetea egoten da. Bueno, saiatzen dira aldatzen. Izan be, danok daukagu hobetzeko gaitasuna eta beharra. Animalia gitxi daukiez, tse-tse eltxoa dagoalako. Oiloak, ahuntzak eta txarriak daukiez. Txarri gitxi, asko musulmanak dira-eta. Halanda ze, ez daukie sats edo simaurrik. Atxurrak be gitxi, tratorerik ez dago. Sasoi batzuk oso txarrak dira. Dana dago eguraldiaren eta zure eskuen menpean. Gosetean jente asko hilten da. Jan jaten dabe, baina, berbarako, lehen uztea artoarena da eta artaburua bakarrik jateak anemia sorrarazoten dau. Gainera, behar gehien egin behar dozun sasoia da, euritea, eta moskito piloa: malariaren arriskua. Jente asko ez da hilten zer jan ez daukalako, baina gauza asko batzen dira eta horrek eragiten dau jentea hiltea.

Zer egiten zenduan han?

Jenteari laguntzen ibili nintzan enpresak sortzen. Prozesu luze baten ondoren, erabagi zan batzukaz lan egitea enpresak sortzeko. Negozio ideiak landu eta martxan jarri: zein idea izan eikean bideragarria, aukerak ikusi, kontuak-eta eroaten irakatsi. Egunero, goizean goizetik jagiten nintzan. Han argindarrik ez dagoanez, ba, bostak eta erdietan jagi, dutxau, gosaldu, eta beharrera, behar piloa egiten gendun, hamar ordu eta; ganezka egiten euskun, Mundukideko bi eta bertako bat baino ez ginan. Beharragaz estu ibilten ginanean, ilundu arren be, kandelak hartu eta beharrean segiduten genduan.

Zerk erakarri zintuan gehien?

Lanean jenteagaz egoteak eta eurekaz berba egiteak, hango nasaitasunak. Ha
oso altu dago, 800 metrora, eta argirik ez dagoanez, izar guztiak ikusten dozuz: dan-danak. Ikusgarria. Jenteak han bizimodua etxetik kanpo egiten dau, suetea kanpoan daukie. Ohikoa da han beharretik urten, sutondoan jarri eta barriketan luzaroan egotea. Geugaz beste familia bat bizi zan eta eurekaz egoten ginan sarri. Kalean zagozala tam-tamak entzuten dozuz, jentea barriketan eta horrek nasaitasuna emoten deutsu. Oso bizimodu nasaia zan. Akaso, hona etorteko arrazoi bat be izan da nasaitasuna. Ez da ona horrenbesteko nasaitasuna ezta hemengoa be. Batzuetan nasaitasuna faltan daukat, edo alaitasuna. Han jenteak barre gehiago egiten dau, sarriago. Alaiagoak dira.

Eta han zer izan dozu faltan?

Dutxea. Eta gura beste ur eukitea. Han dutxa berorik ez egoan. Goizean ura
berotzen neban, katilutxu bat hartu eta gorputza bustiten neban ur bero haregaz. Dutxea lan bat zan. Eta lagunak be faltan izan dodaz, hemengo gauzak: zinea, teatroa. Hango ardurak bestelakoak dira, eguneroko jatekoa eta umearen koadernoa pagetako nahikoa eukitea dira ardura nagusienak.

Horrezaz ganera, hurreko bateren baten faltea be igarri dot eta jatekoagaz be burukomin batzuk euki dodaz, izan be, han ondo jaten da, baina beharbada, batzuetan hile osoan ia egunero gauza bera jaten dozu eta badakizu...

Iratxe Ormatza

Eneritz Pagaldia Aretxabaletan jaio zan orain 25 urte. Txikitatik jakin izan dau nora joan gura eban nagusitan: hirugarren munduko herri batera. Eta holan egin dau. Enpresa eta Humanitateak egin eta gero, Brasilen praktikan egin ebazan Movimento Sem Terra erakundeagaz. Handik etorri eta ia bi urte Mozambiken emon dauz, Mundukide GKEgaz.