Kinsey
"Kinsey" pelikuleari sarrera egoki baten bitartez ekiten jako; protagonistearen bizitzearen barri eukiko dogu Kinsey-k berak sexu jokabideen barri eukiteko preparau baina ikasleek egindako itaunen bitartez. Gauzak holan dirala, luzemetraiaren zati honetan, besteak beste aitagaz izandako gatazken barri jaso eta Clara McMillen zelan ezagutu eban jakin ahal izango dogu.
Condon-ek klasikotzat jo geinken errealizazinoa erabilten dau, batzuek morbosotzat hartu leikiezan pasarteak naturaltasun osoagaz erakutsiz. Edozelan be, aurreko mendeko erdialdeko sexologiagaz zerikusia daukien gaiak ez dira bakar-bakarrik ikus-entzuleen arretea bereganatzen dabenak, ezpada personaien definizino korapilatsua.
Film honetan gizakien hartu-emonen konplexutasunaren gaiari oratzen jako eta horixe da, beharbada, kutsu autobiografikoa daukan film honen alderdirik interesgarrienetariko bat. Era berean, sano jakingarria da sexu jokabideen arloan sasoi horretan existiduten ziran tabu eta errepresinoen barri eukitea.
Antzezpenei jagokenez, Lian Neeson-en lana aitatu beharra dago, Oscar sarietan behar zoragarri hau kontuan hartzea ahaztu jaken arren. Haregaz batera, Laura Linney-ren jarduna be ez da maila txikiagokoa izan. Ganera, ez litzateke bidezkoa izango bigarren mailako aktoren antzezpen onak albo batera lagatea, berbarako Peter Sarsgaard-ena, Timothy Hutton-ena eta, batez be, John Lithgow, Tim Curry, Oliver Platt eta Dylan Baker-ena (beharbada harridurea sortu eragiten dau Chris O’Donnell-ek pelikula osoan botaten dauzan esaldien urritasunak).
Sexologiaren gaiak persona batzuei sortu eragiten deutsen morboa bazter itxita, film honetako kalidade teknikoa sano ona da eta are hobeak kontakizunaren benetako hagak eta oinarriak, aktore guztien antzezpenak, hatan be.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Bill Condon.
- Herrialdeak: AEB eta Alemania.
- Iraupena: 118 minutu.
- Antzezleak: Liam Neeson (Alfred Kinsey), Laura Linney (Clara McMillen), Chris O'Donnell (Wardell Pomeroy), Peter Sarsgaard (Clyde Martin), Timothy Hutton (Paul Gebhard), John Lithgow (Alfred Sequine Kinsey), Tim Curry (Thurman Rice), Oliver Platt (Herman Wells), Dylan Baker (Alan Gregg), Lynn Redgrave.
- Argazkia: Frederick Elmes.
- Muntaia: Virginia Katz.