Euskerea berbagai  IV. urtea // 101. zenbakia

Agiriak.net


Fondoak urtero-urtero agiri barriak gehitu gura deutsoz 100 idazkien taldeari. Edozein kasutan, taldetxu horretan atal nagusi bi dagoz: batetik, dokumentuen zati handi bat dobakoa da, word edo pdf formatuan eskuragarri dagoana. Bestetik, ordainpeko testu batzuk be agiri dira eta hartzaileak, horreek testuak jaso gura izan ezkero, aldez aurreko ordainketea egin beharko dau.

Agiri-sortea sendotu guran, inok idazki edo testuren bat eukiko baleu fondo honetan sartu gurako leukeena, ez dagiala duda izan aukerea izango dauela testua webgunean sartzeko. Bestalde, inok testuren bat behar eta ez baleu topauko fondoan, testu hori sortzeko eskatu ahal izango deutso Euskara Zerbitzuari.

Xabier Paia

Aste honetako artikuluak amaraunean topau geinkezan dokumentu interesgarrien ganekoak dira. Korrika eta Ikastolen Alkartearen alkarlanak emondako frutuez aparte, Artez Euskera Zerbitzuak sortu dauen webgune txiki-handi bat dakart gaur pantaila ganera.

Enpresa, eskola, alkarte, erakunde eta abar asko egongo dira gure lurralde zabalean euren dokumentuak euskeratu guran, baina ahalegina lar handia izakeran, pauso hori emon barik dagoz. Eta beste askok itzelezko nekea hartzen dabe bezeroak normaltasunez eta euskeraz jaso dagiazan dokumentu danak. Ente eta entidade horreen guztien beharra eta zama arindu guran, Euskerazko Dokumentuen Fondo interesgarria izan gura dau agiriak.net guneak.

Fondoak eguneroko hartu-emon sozio-ekonomikoetan eta eguneroko bizitzan baliagarri diran dokumentu eta inprimaki estandarrak biltzen dauz. Euskeraz bizi eta behar egiten dogunoi gaur egun eskura ez daukaguzan idazki estandarrak eskaintzea da fondoaren helburua, eta azken urteetako beharrari esker 100 idazki daukaz gaur egun fondoak. Ezin ahaztu geinke 1950ean, frankismo garai ilunean, Nemesio Etxanizek mueta honetako lehen liburua kaleratu ebala, eta ordutik behar desbardinak egin dira helburu beragaz. Orain gitxira arte, harpidedunek baino ez eukeen aukerea fondo hau jasoteko, baina interneten jarteagaz salto kualitatibo eta kuantitatiboa emon da, gura dauenaren eskura iminteko dokumentu guztiak. Webgunean hainbat eratako dokumentuak topau leitekez: behar kontratuak, alkarteak legeztatzeko estatutuak, ikastetxe bateko barne araudia, eutanasia egiteko baimena…