Gero eta internauta gehiago, gero eta muga eta eskubide urraketa gehiago
Bihar edo etzi zer?
Internet etenik barik hazten dagoan mundua da; aukera barriak ia-ia segundoro azaltzen dira eta, jakina, gauza asko arautu barik dagoz eta arazoei sortu ahala emon behar jake konponbidea; iruzurrak eta legez kanpoko jarduerak asko ugaldu dira Interneten eta, horrenbestez, zuhur ibiltea da onena. Gobernuak oso arduratuta dagoz eta espezialistarik onenak kontratetan dabez hasi baino egin ez dan iraultzeari aurre egiteko; bien bitartean, kasino informatikoak eta joku sexualak gune erabilienetarikoak dira, negozio iturri galanta diralako, ezelako duda barik. Mundu elektroniko eta digital honetan, ezin da guztia kontrolpean jarri, oinarrizko eskubideak be tartean dagozalako, baina gobernuek zentsurea planteetan dabe konponbide moduan.
Gotzon Plaza,
Informatikoa.
Danok dakigu AEBak teknologia arloan eta Internet kontuetan beti pausu bat aurretik egoten dirana, baina orain gitxi jaso dogun albisteak dakarrenez, Europan AEBetan baino internauta gehiago dago: munduan gitxi gorabehera 580 miloe internauta dagoala dinoskue adituek; kopuru horretatik % 32 Europan eta % 31, ostera, AEBetan. Datu esanguratsu horrezaz ganera, Internet sarearen erabiltzaile kopuruaren hazkunde erritmoan be aldeak nabarmenak dira: AEBetan % 1ekoa da hazkundea eta Europan % 15ekoa.
Euskal Herriari jagokonez zer?
Kontuan izan estadu espainiarraren mailea oso eskasa dala, Europan azkenaurrekoa, Grezia baino aurrerago, baina beste herrialde guztien atzetik. Europari jagokonez, gehien konektetan diranak Holanda, Suedia eta Danimarkako biztanleak dira. Herrialde horreetako % 59 baino gehiago dira Interneten sartzen diranak. Erresuma Batuan eta Alemanian % 34 eta % 31,9 dira portzentajeak. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak honeexek dira: populazinoaren % 29,3k nabegetan dau Interneten eta estadu mailan lehenengo postuan gagoz (kontuan hartu, 2000. urtean Katalunia izan genduala estadu mailako nagusiena, % 11,5eko portzentajeagaz, eta datu honeek EAEkoak baino bi bider handiagoak zirala). Hazkundea ohi dalakoa izan da. Ez dago, ez, bape txarto azken urteotan emon dogun pausua, baina oraindino gehiago egin behar dogula dinoe aditu guztiek, batez be enpresa txikien arloan oraindino gauza asko dagozalako jorratzeko.
Kontuak kontu, EAEan izan dogun gorakadea itzela izan da, batez be, Eusko Jaurlaritzeak “Konekta Zaitez” programea plazaratu ostean. Programa hau dala eta, lehenengo fasean 172.000 ordenagailu baino gehiago saldu dira, eta danak Interneterako konekzino eta guzti (www.konektazaitez.net).
Asko hazi da eta aurrerantzean be haziko da Interneten sartzeko jokera hori, eta, jakina, Sare globalaren indarra gero eta handiagoa da; gaur egun, nabegetan ez dakiana galduta dago. Mundu honetan mugarik ez egoala pentsetan genduan oraintsura arte. Halan da guztiz be, terrorismoaren kontrako eta segurtasuna bermatzeko atxakiagaz muga asko ipini dabez gobernuek (konekzinoen murrizketea, espioitzea, zentsurea...) eta, kasu askotan, oinarrizko eskubideak urratu ditue.
Interneten gero eta muga gehiago
Azken barria Txinatik heldu jaku. Txinako Gobernuak debekua ezarri deutse internautei eta, horren arabera, delitutzat hartu daiteke munduan zehar zabalpen handia daben Google edo Altavista lako bilatzaileak erabiltea (www.google.com // www.altavista.com). Gaiaren harian, CNN edo BBCko web orrialdeetara sartzea be galarazo egin dau hango gobernuak. Zergaitik? Arrazoia sinplea eta argia: internautek bilatzaile horreek erabiliz, 'web orrialde ez egokietara' sartzeko aukerea dabelako. Txinako erabiltzaileak ez eze, Google amerikar bilatzailearen arduradunak be oso hasarre agertu dira eta negoziazinoetan ibili ondoren, debekua indarrik barik ixtea lortu dabe. Edozelan be, hamar egunetan egon da indarrean debekua. Google eta Altavista bilatzaileak erabiltea libre dago barriro, baina Txinako internautek makinatxu bat web orri ditue galarazota; zerrendea honako helbidean ikusi zeinkie: http://code.law.harvard.edu/filtering/list.html
Hackerrak edo pirata informatikoak jaun eta jabe
Txinako gobernuak hackerrak erabilten ditu, besteak beste, oposizinoko mobimendu politikoen web orrialdeak ezabatzeko, birusak edo antzekoak sortuz. Orrialde horreetara ezinezkoa da Txinatik bertatik sartzea, gobernuaren zentsurea dala-eta, baina orrialde horreetan izan dira bai erasoak. Tibeteko Gobernua, Xinjiang probintziako mobimendu independentistea, edo Falun Gong talde budistea (Txinako gobernuaren ustez sekta oso arriskutsua dana) izan dira erasoak sufridu dituen batzuk. Birusak bialtzea, orrialde horreek mantentzeko erabilten dan zerbitzaileko artxiboak kopietea eta informazinoa Txinan dagoan ordenagailu zentral batera bialtzea...: holakoak izan dira erasoetariko batzuk. Datorren hilean, zemendian hain zuzen be, Txinako Alderdi Komunisteak kongresua egingo dauenez, hango gobernuak ez dau gura ezelako kritikarik, ezta Interneten ganean be.
Grezian ziberkafeak galarazo ditue
Guzurra edo film bateko kontua emoten badau be, ez da guzurra ezta fikzinoa be. Greziako Gobernuak 3.037 legea onartu eban joan dan garagarrilaren 30ean. Lege hori jokoaren kontra preparauta egoala esan eban gobernuak, legez kanpoko jokoen kontra batez be. Antza danez, asko dira Grezian aberastu guran dabilzanak (egunero 320 miloe euro jokatzen dala dinoe gobernuko bozeroaleek) bai tabernetako makina zaratatsu eta diztiratsuetan, bai ziberkafeetan, Internet bidezko kasino birtualak erabiliz. Egia esan, Grezian eta munduan zehar be asko ugaldu dira kasino elektronikoak.
Gobernuak erro-errotik konpondu gura izan dau arazoa eta epelkerietan ibili barik makina mekanikoak eta Interneteko joko elektronikoak galarazo ditu. Horren ondorioz, ziberkafeak zarratu egin ditue legez kanpoko zentruak diralakoan. Horrezaz ganera, kalean bideojokoak erabiltea be galarazota dago eta, horrenbestez, legea zorrotz interpretau ezkero, nahikoa arrazoi dago eskolatik etxerako bidean, eskuetan makinatxua dabela olgetan joaten diran umeak atxilotzeko.
Dana dala, Txinako kasuan bezela, polemikea itzela izan da eta debekua bi hilebetetan baino ez da egon indarrean. Tarte horretan, Grezian eztabaida handia sortu da, eta gizarte mailako gairik erabiliena izan da. Epaitegietara be ailegau da gaia, eta epaile batek esan dau legea konstituzinoaren kontrakoa dala eta auziperatuta egon diran ziberkafe bateko ugazaba biak libre itxi ditu.