Korrika ikasgela barruan
12. Korrika haretan, batzordeak ikastola danetara bialdu eban (ama eskola eta ume hezkuntzatik 18 urtera arte) material didaktikoa. Orain bi urtekoak amaraunean esegi eban, eta edizino barri honetan eskoletara bialdu eta amaraunean imini dauz unidade didaktikoak. Unidadeok Korrika korrika dabizanen artean lantzeko preparauta dagoz, hau da, hamar-hamalau egunerako diseinauta dagoz. Edozelan be, irakaslearen esku lotuko da euren aplikazinoa eta horren luzerea denporean.
Inok zetaz nabilen sakonago jakin gura badau, www.erabili.com webgunean topauko dauz unidadeak, euren sarrera eta guzti.
Xabier Paia
Martiaren 10ean urten eban 14. Korrikaren lekukoak Mikel Aldasoro Nafarroako AEK-ko arduradunaren eskuetan eta aste honen akaberan Bilboko zazpi kaleek txaloz, pausoz eta izerdiz hartuko dabe. Bien bitartean, lekukoak Euskal Herri osora zabaldu gura dau euskerearen beharra eta lotu barik ekingo deutso, euri zein eguzki, Aturri eta Ebro arteko erret, herri eta auzo eta bide danetan euskerearen oinatzak ixteari.
Halanda be, Korrikak kaleetatik eskola barrura be salto egin gura dau, ekimenak azken edizino bietan egin izan dauen lez. Horretarako, Ikastolen Alkarteak eta 12. Korrikak martxan jarritako ibilbidean urratsak egiten jarraitu gura dau AEK-k. Egia da urteetan eskoletako ume eta gazteek kalera urten dabela AEKgaz eta euskereagaz bat egin guran, baina Korrikak, hainbeste urtetan emondako konfiantzea itzuli gura deutse ikastolei.
Ikasgela barruan Korrika egitea ideia onegia ez danez, Korrikak eta Ikastolen Alkarteak sortutako batzordeak martxan jarritako proiekturik garrantzitsuena Korrikaren ganeko unidade didaktikoak egitea izan zan. Orain dala Korrika bi (orain lau urte) sortu ziran lehenengoz. Izan be, Ikastola askotan labur lotzen ziran Korrika pasetan zan garaian eta “zeozer egin gura izaten eben, baina askotan ez zan euskarri egokirik izaten, edo ez zan jakiten zelan girotu, edo gehienetan korrika egitera mugatzen zan Korrrika-ren inguruko jardun guztia”, dinoe batzordeko kideek.