Bizkaiko zinemek 660.000 ikusle galdu dabez azken lau urteotan
Sarrera gitxiago baino irabazi gehiago
Sarrera gitxiago saldu diran arren, zinemek miloe erdi euro gehiago irabazi eben. Danetara, 18 miloe euro batu ebezan eta 2001eko kopuruetara hurreratu ziran; urte horretan, errekor guztiak hausi ziran Harry Potter-en bultzadearen ondorioz. Irabaziak sarreren prezio altuari esker –estadu osoko karuenak– eta palomiten, freskagarrien eta antzekoen salmenteari esker justifiketan dira.
Prezio karuagoak
Astegun arrunta: Bilbon astegun buruzuri batean film bat ikusteak 5 euro balio dau batez beste.
Jaiegunetan: zinema aretoen arabera, zapatu, domeka edo jaiegun batean joan ezkero, 5,8 euro pagetan dira.
“Ikusleen egunak”: Bilbon ikusleen eguna astelehena edo eguaztena baino ez da izaten, egun bakarra. Bartzelonaren atzean (4,55 euro), estaduko uririk karuena da (4,25 euro).
Inflazinoa: oso urrun ikusten dira 90eko hamarkadako 450-500 pezetak.
Begiluzea
Bizkaiko zinema aretoak ez dira kapaz 2001etik aurrera euki daben ikusle galereari aurre egiteko. Estaduan zinemek ikus-entzule kopurua itzel handitu arren (2003an baino 6,3 milioi zinezale gehiago hurreratu ziran), Bizkaian zenbateko horrek 2004an be agiriko moduan egin dau behera, nahiz eta Zubiarteko merkataritza zentroan beste bederatzi gela barri zabaldu eta Deustuko lehengo Avenida –orain Renoir– zinemak barriztu.
2004an, Bizkaian dagozan ehun aretoetara 3,60 milioi ikus-entzule hurreratu ziran, aurreko urtean baino 17.000 persona gitxiago. Edozelan be, jatsierea ez zan hain handia izan 2003ko beherakadeagaz alderatu ezkero, urte horretan 63.000 sarrera gitxiago zenbatu ziralako; datu negatibo horreek 2002ko deskalabruari lotuta, ostera, 660.000 ikus-entzule galdu dira azken lau urteotan.
DVDaren eragina
Víctor Villanueva “Coliseo” zirkuituaren gerentearen esanetan, aurreko ekitaldia “ez da urte ona izan”. Beraren eretxiz, ezin da bestelako irakurketarik egin, etorkizuna baikor ikusten dauen arren; izan be, mende barriagaz batera hasitako jokaera negatiboari galgea imini jakolakoa dauka.
Beherakadearen arrazoietariko bat DVD eta home-cinemaren arrakastan dago, bai eta pirateriaren fenomeno barrian be. Villanuevak, ostera, uste dau aurreko denporaldiko beherakadearen eragile garrantzitsuetariko bat pelikula interesgarrien faltea izan zala; “Coliseo” zirkuituaren gerentearen esanetan, kopuru handiak maila ertaineko pelikula onei esker jadesten dira, neurri handi batean ahoz ahoko informazinoaren bitartez.