Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 101. zenbakia

EAEk susperraldi ekonomikoari eutsi deutso 2004an

Europako Batasuneko batez bestekoa baino 3,5 puntu gehiago hazi da azken lau urteotan


Behar barik dagozanen kopurua gitxitu da

Eusko Jaurlaritzako datuen arabera, euskal ekonomiak % 3 igon eban 2004an, eta estadukoak, ostera, % 2,7. Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordearen ustez, igaz "errekuperazino ekonomikoa baieztu egin zan".

Behar barik dagozanen kopurua %7,8 bajatu da azkenengo legegintzaldian. Ganera, kopurua 1985etik izandako kopururik txikerrena da. Bestalde, une honetan biztanleen % 64,2 dabilz beharrean. Guztiagaz be, datu ezkor batzuk be izan dira, berbarako inflazinoarena, % 3koa izan dalako. Ganera, 2005ean, kopuru hori ez dala bajatuko aurreikusi dau Jaurlaritzak.

Bestalde, Jaurlaritzeak iragarri dauan lez, aurton % 3 igongo dau Barru Produktu Gordinak (BPG), 2004ko antzeko parametroen arabera: barruko eskaria % 2,9 igongo dau, eta inbertsinoak, ostera, % 3,5. Eskaintzeari jagokonez, industria arloan urte ona izango dalako ustea dago, % 3,1 haziko dala pentsetan da-eta. Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordeak adierazo dauan lez, “hazkunde eredu orekatua eta lehiakorra daukagu eta horri eutsiko deutsagu”.

Andrazkoen lan egoerea, ostera, ez da hain baikorra

Datu guztiak, ostera, ez dira hain baikorrak. Sindikatuek adierazotakoari jarraituz, andrazkoen langabezia tasea eta behin-behinekotasuna gizonezkoena baino asko be handiagoak dira.

Martiaren 8ko aurreko egunean, ELA, LAB, STEE-EILAS eta ESK sindikatuek gai honeen ganean daukiezan datuak kaleratu eta hainbat hausnarketa egin ebezan. Batetik, ELAk, STEE-EILASek eta ESK-k salatu eben igazko urte amaieran % 7,6koa izan zala andrazkoen langabezi tasea, aurreko urtean baino txikerragoa (% 12), baina gizonezkoena baino handiagoa oraindino be (% 5,7).

Ganera, 2004an Hego Euskal Herrian andrazkoei egin jakezan kontratuen % 93,1 behin-behinekoak izan ziran.

Sindikatuen eretxiz, “ez da kasualidadea andre beharginen kolektiboak eukitea ezegonkortasunik handiena, gaur egun bigarren mailako langiletzat hartzen diralako”. Behin-behinekotasuna eta kontratu bako lana 10 puntu altuagoa da emakumeen kasuan gizonen kasuan baino. Ganera, behar eta jarduera maila 20 puntu azpitik dago.

Lanaldi mueteari jagokonez, barriz, euskal sindikatuen datuen arioan, igaz Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan egin ziran kontratuen % 27 lanaldi partzialekoak ziran eta horrelako kontratuen % 73,1 andrazkoei emon jakezan. Halanda ze, ESK sindikatuko ordezkariak, berbarako, “pobretasunaren feminizazinoa” jazoten dabilela esan dau, beste sindikatuen babesagaz.

Azkenik, gizarte arduren arloan be desbardintasun handiak dagozala adierazo dabe sindikatuek. Holan, andreek gizonek baino ordu 2 eta 21 minutu gehiago jarduten dabe etxeko beharretan eta inguruko personak jagoten, eta gizonek baino ordubete eta 39 minutu gitxiago eskaintzen deutsiez kanpoko beharrari eta prestakuntzeari.

Begiluzea


Eusko Jaurlaritzak azken lau urteotako balantze baikorra egin dau. Arlo ekonomikoari jagokonez, 2004an, EAEk susperraldi ekonomikoari eutsi deutso eta 1985etik euki ez dauzan langabezia eta inbertsino kopuruak jadetsi dauz.

Europako Batasuneko batezbestekoak baino 3,5 puntu gehiago igon dau EAEk azken lau urteotan. Gaur egun, EBko sei herrialdek bakarrik daukie batezbesteko errentea handiagoa. Gure komunidadeko errentea 13.690 eurokoa da.

Juan José Ibarretxe Lehendakariak datuen barri emon eta adierazo ebanaren ildotik, “hemen, egunero, bildurraren mezua emoten dabe, baina errealidadeak ez dau hori erakusten”. Izan be, 2004ko lehen seihilekoan Euskadi izan zan kanpo-inbertsinoa gehien handitu eban lurraldea, % 135 egin ebalako gora. Bestalde, atzerrian inbertsinorik gehien egin eban komunidadea izan zan, estaduan guztira egindako kopuruaren % 57, hain zuzen.