Oihuka diskoetxearen nobedadeak udabarrirako
Gotzon Uribe
Udabarria berton daukagu eta Euskal Herriko diskoetxeak hasi dira nobedadeak preparetan; Oihukaren labea ondo beteta dago eta labatik atara barri dago Mungiako Los Moñas taldearen lehenengo diskoa. Pop-rocka lantzen dabe gehienbat. Kantu errazak dira, konplikazinorik bakoak, lelo jakin baten inguruan sustraitutakoak. Erresuma Batuko gitarren filosofiari jarraitzen deutse, mod ukutu bategaz; popa, rocka eta Ameriketako surf-punk itxurara egindako kantuak dira oro har baina ska-popa baztertu barik; hori guztia poparen galbahetik pasauta.
Bestetik, lehen La Polla Records taldean eta orain Gatillazo taldean topauko dogu Evaristo bere proiektu barria gidatzen. Danetara, 21 abesti erakargarri dira, azkar, zirikatzaile eta punk-rock zaleak. Hasiera-hasierako burrukarako gogoagaz segiduten dau Evaristok.
Gernikara salto eginaz, 'Zoramena' diskoaren arrakastearen ostean, Gatibu taldeak disko barria atarako dau apirilaren lehenengo astean. Gatiburen lan barrian gitarra soinuek protagonismo berezia eukiko dabe.
Disko eta proiektu barriakaz jarraituz, Sioux Zigor Lezaren (abeslaria) eta Kepa Lezaren (bateria-jotzailea) proiektu barria da. Lehen Kaos Etiliko taldean eta gero Lacaza taldean ibilitakoak dira biak. Zigor aitatuta badakigu nondik nora dabilen Sioux talde barria: punk eta rock leloz josita. Zea Mays bilbotarrek be disko barria dakarre, oso disko homogeneoa. Dagoeneko laugarren diskoa kaleratu dabe. Aihorak ospe ona eta onespena lortu dau Euskal Herriko kantarien artean. Diskoak laguntzaile ugari izan ditu: Rafa Rueda (PiLT), Francis (Doctor Deseo)...
Beste estilo batean, Euskal Rock Radikalaren sasoiko Las Vulpes taldearen “Me gusta ser una zorra” abestiak sekulako astrapalea sortu eban, batez be, Espainiako komunikabideetan. “Me gusta ser…” disko barriak Las Vulpes taldearen 13 kantu ezagunenak bildu ditu, taldeko buru dan Mamenek grabau eta zuzenduak.
2004an Kuban eta Mexikon bira bat egin eta gero, horri buruzko dokumentala grabau dau Pin Pan Pun Band! taldeak, bai eta bideoklip bat be; dokumentala eta bideoklipa maiatzean argitaratuko dan taldearen hirugarren diskoan, "3. bol" izenekoan sartuko dabez.
Heavy eta metal doinuak Harlaxen eskutik etorriko dira; Lezoko taldearen hirugarren diskoa izango da eta berezitasunen artean, Maider abeslariaren ahots sakon eta indartsua azpimarratu behar da.