Jan-edanak  IV. urtea // 101. zenbakia

Mahastien ohiko gaixotasun bat: botritisa


Hurrengo artikuluan gaixotasun honek mahatsean eta ardaoan daukan eragina eta egin ahal diran tratamentuak azalduko doguz.

Imanol Sarasola,
enologoa

Ardao on baten elaborazinorako ezaugarririk garrantzitsuenetariko bat mahatsaren egoera fitosanitarioa da, hau da, mahatsa bodegan sartzen danean ahalik eta osasuntsuen egon daitela.

Hau dala eta, interesgarri eretxi deutsat artikulu honetan eta hurrengoan mahatsean oso normala dan gaixotasun baten ganean idazteari, Botrytisa edo 'usteldura grisa'-ren ganean, hain zuzen be. Gaixotasun honek buruhauste asko ekarten deutsiez bai nekazariei eta baita enologoei be, kalte handiak sortarazoten dauzelako mahatsean eta ardaoan.

 Gaixotasun honen eragilea Botrytis cinerea deitutako honddo bat da. Honddoak ‘usteldura grisa’ izeneko gatxa eragiten dau mahatsean; gris koloretik eta ustel itxuratik jatorko izena honddoaren mizelioak garatzen dauen gaixotasun honi.

 Esan behar da mundu zabaleko mahastietan azaltzen dala gaixotasun hau baina, batez be, ingurune hezeetan eta euriteak izan diran urteetan. Ganera, galera ekonomiko izugarriak sortarazoten ditu.

 Honddoaren garapenak mahatsaren konposizino kimikoa erabat eraldatzen dau, ardaogintza prozesua galarazoten daben alterazinoak sortzen ditu eta ardaoen kalidadea be bajatu egiten da erabat.

 Honddoak garaialdi bi daukaz ziklo biologikoan: bata asexuala, mizelio eta konidioforoen bitartez hedatzen dana eta bestea sexuala, askoesporen bitartezkoa.

 Garaialdi asexuala, mizelioaren bitartezkoa, kutsadurea zabaltzeko erarik ohikoena da. Zabaltzeko, inguruan baldintza batzuk egon behar dira:

- Tenperaturea: Esporak zabaltzeko onena 18-20º C da.
- Hezetasuna: Infekzinoaren garapenerako ezaugarri nagusiena da. Hezetasuna errazten daben ezaugarri guztiak onuragarriak dira, besteak beste, euria, ibai edo itsasoaganako hurrekotasuna, lur-zoruaren iragazkortasuna, hazkuntza sendoko landaretzea, airestatze eskasa...
- Mahatsaren egoera fisikoa: intsektu, txori edo beste honddoren batek erasotzea landarea.
- Arrazoi klimatologikoak: inetasia, euriteak... honek guztiak aleen zaurietatik mahatsaren muztioa ataratea eragiten dau eta, era berean, honddoa hazteko elikagai legez be balio dau.
- Mahats bariedadea: kutikulea edo azala meheagoa daukienak apurkorragoak dira eta errazago eragiten deutse honddoak.