Antxina-barri  IV. urtea // 101. zenbakia

1935eko edurte ikaragarria


Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria

Azken aldi honetan hotz eta edurtza ikaragarriak ezagutu doguz. Bardin barrualdean zein kostaldean, ugariak izan dira edur egunak eta hainbat eta hainbat arazo sortu dabez bai gure herrietako kaleetan zein uri nagusietan eta batez be errepideetan.

Egunkari edo irratiren batek be, azken ehun urteetan ezagututako edurtzarik handienak izan dirala esan ei dau. Kontua da ze hori ez dala zuzena eta hurrengo lerroetan ikusiko dogun moduan, izan dira bai azken aldi honetako hotz eta edurtzen modukoak lehenago be.

Joan gaitezan, berbarako, 1935era. Urte horretan, urtarrilaren 28an hasi eta zezeilaren 4ra arte egun hotzak eta ikaragarrizko edurtzak ezagutu ziran. Berez, negua beroakaz hasi zan, eta urtarrila baino arinago inork ez eban aurreikusten negua gogorra izango zanik. Baina gauzak aldatu egin ziran. Urtarrilaren erdi alderantz, Ameriketan tenporala zabaldu zan. Aurretiaz Europara heldutako barriak jakinarazoten eben moduan, New York eta AEBtako beste hainbat uritan, hotz handia egoan eta sekulako edurteak.

Baina tenporalak Atlantikoa igaro eta Europara salto eginaz. Euskal herrian be itsasoa berehala bizkortu eta harrotu zan. Urtarrilaren azkenetarako gure inguruko barrien artean, tenporalak eukan garrantzi haundienetarikoa. Lehenengo batean, itsasontziak portuetan geldi egozala adierazoten zan. Egunkarietan agertzen zan ardura nagusia ondokoa zan: portuan egonda arrantzaleek ezin ebela beharrik egin horrek ekarren ondorio ekonomiko larriagaz. Horrezaz ganera, hondoratutako itsasontzi batzuren barri be emoten zan.

Kontuak kontu, hotza gero etra nabariagoa egin zan eta urtarrilaren 26an argitaratutako “Euzkadi” egunkarian, bitxikeri modura, hotza zala eta Txinako erreka urdinaren argazkia ikusi eikean, hotzaren eraginez ia guztiz izoztuta.

Urtarrilaren 28rako hotzen eraginez edurteak hasi ziranean, hurrengo egunean, “Euzkadi” egunkariak Pagasarriko argazkia erakusten eban bere lehenengo orrian. Bilboko mendia zuri-zuri agertzen zan, edurrez ganezka. Halako kasuetan beti pasetan danez, atzetik datorrenari jaramon egin barik, egunkarian edurtzan olgetan edo jolasean ibilitakoen barri emoten zan, hau da, olgeteari, edurtearen etxura onari eusten jakon, ondorio larriak edo kalteak kontuan hartu barik.

Hotzak eta edurtzak hurrengo egunetan be jarraitu eben. Eta egoerea okertzen joan zan. Hurrengo egunetan Bilbon ziran zine, teatro eta ikuskizunetako jaubeak kexu agertzen ziran, hotza zala eta jentea euren etxeetan geratzen zalako, eta euren lokalak hutsik egozalako.

Ordurartekoa oso gogorra izan arren, egunik hotzena hileko azkena izan zan. Urtarrilaren 31an, Bilbon, goizaldeko ordu batetan zero azpitik 8 graduko tenperaturea neurtu zan eta uriko iturriak be guztiz izoztuta agertu ziran goizeko lehen orduetan. Goizeko 11:00etan Boulevad kafetegiaren aurrean tenperaturea 3,5 gradukoa zan. Arratsaldean, barriz, euria hasi zan eta apur bat epeldu egin eban. Dana dala, Bilbo ez zan izan bakarra eta egun berean Gasteizen zero azpitik 17 graduko tenperaturea neurtu zan, hotz ikaragarria, beraz.

Zer esanik be ez dago errepideetan leia izan zala nagusi, edurrez beteta agertu zirala egun horreetan eta hainbat arazo ekarri ebazan horrek. Parisen, berbarako, hiru lagun hil ziran. Afrikako iparraldean be ez ziran hotzaren indarretik kanpo geratu eta Tanger aldean aspaldiko tenperaturarik bajuenak izan ebezan, gradu bi baino ez. Marokon bertan hildako bi be egon ziran, mutil bik berotzeko estufea edo berogailua martxan ipini eta botaten eban ke txarraren eraginez kutsatuta hil ziranean.

Iberiar Peninsulan egoerarik larriena Reinosak bizi izan eban hainbat egunetan jentea bertora heldu edo bertotik urten ezinda geratu zanean. Metro t´erdiko altuerea hartu eban bertan edurrak. Beste uri batzuetan izandako hildakoak kalean bizi zan eskalea edo etxerako bidean galdutako gaztea izan ziran. Egunkarietan be behin eta barriro agertzen ziran errepideen ganeko barriak eta Bilbo eta Madrilen arteko errepidea Burgosen zarratuta egoala jakinarazoten eben.

Dana dala, egunak aurrera joan ahala, zezeilaren 4rako eguraldiak hobera egin eta gauzak aldatu egin ziran. Behin edurra kenduta, errepideak garbitu eta kaleak be euren normaltasuna berreskuratu eben.

Esandakoak esanda, egunotan ezagutu doguzan hotz eta edurteen antzekoak orain ez dala horrenbeste be ikusi ziran gure inguruetan.