Jan-edanak  IV. urtea // 101. zenbakia

Elikadurearen garrantzia eskola-edadeko umeentzako


Esan behar dogu ume askok ordu nahiko pasetan dabezala gurasoen zaintzapetik kanpo, eta gurasoek ez dabe hareen elikadurea kontroletan. Ez badabe eskolako jantokian ondo bazkaltzen, eskolatik urtetean gura dabena erosi leikie eta, zoritxarrez, gehienetan opilak edo freskagarriak erosten dabez.

“Otordu lasterrak”, opilak, gozokiak, freskagarriak... Gaur egun ohiko bihurtu dira gure gazteen artean, publizidadearen laguntzinoagaz. Holako jatekoek ez daukie balio nutrizionalik, baina azukerea, koipe aseak eta kaloria-hutsak sobran daukiez. Herrialde garatuetan (geurean be bai) jateko honeek eguneko dietearen herena dira eta transmitiduten ez diran gaixotasunen (diabetesa, hipertentsinoa...) garapenerako faktore oso inportanteak dira umezarotik.

Armozua

Eguneko otordu garrantzitzuena armozua da. Egunero, lehenengo egiten doguna da eta armozua zelakoa izan, eguna be holakoa izango da. Gau osoa ezer jan barik egoten gara eta, normalean, 10-12 ordu pasau leitekez afaritik armozura. Honi ‘gaueko baraua’ deitzen deutsagu eta naturala da, lotan gagoz eta gure metabolismo basala astiro dabil. Baina armozau ezean, baraua luzatu egiten da, 14-16 orduraino, eta ez da bape naturala, eguna ezer jan barik hasi dogulako.

Gu helduak gara, janaria behar dogu gure gorputza mantentzeko. Ume bat hazten dago eta ez bada ondo elikatzen, hazkundea ez da osoa izango, ez arlo fisikoan ezta psikologikoan be.

SENC, Sociedad Española de Nutrición ComunItaria erakundeak ikasketa interesgarri bat egin eban 1998 eta 2000 urteen artean Epainian, “Estudio enKid” izenekoa. Elikadura ohituren aldetik, emoitzak nahiko txarrak izan ziran:

- Espainiako ikasleen % 8,2k ez eban ezer jaten armozutan.
- % 32k kalidade gitxiko armozua hartzen eban.

Beste ikerketa batek, (1999. urtean Galitzian egindako “GALINUT”) armozurik jaten ez eben umeen artean armozua ondo jaten ebenen artean baino ume lodi gehiago egozala erakutsi eben.

Umeek, armozurik jaten ez badabe, desoreka metabolikoak euki leikiez, baraua luzea dalako. Honeek dira ondorioak:

- Adi egoteko gaitasuna gitxitzen da, eta ikasteko eta eskolan adi egoteko arazoak daukiez.
- Ahalmen fisikoa gitxitzen da.
- Beste umeakazko hartu-emon gitxiago eukiten dabez.
- Istripuetarako aukerea handitzen da.

Honezaz ganera, armozurik ez badabe hartzen, ez dabe esnerik, zerealik edo frutarik jaten, eta nutrizino arazoak eukiteko arriskua daukie.

Armozuak, egokia izateko, jatekoen 3 taldeetatik zeozer euki behar dau:

- Esnekia: esne basoa, jogurta edo gaztaia.
- Zerealak: ogia, gailetak edo zerealak.
- Frutea edo fruten ura.

Jolas-orduan, ganera, hamaiketako legez, jogurta edo ogitarteko txikitxua hartu ezkero, ondo hasiko dogu eguna!

Amaia Laforga Peña,
Dietetikan eta gizaki elikaduran diplomaduna

Umeek umezaroan elikagai guztiak jaso behar dabez jakietatik, arlo fisikoan eta psikologikoan haz daitezan. Etenbako hazkunde-etapa honetan beharrezkoak dira elikagai guztiak. Umezaroan eta eskola-edadean gizartearen ohitura asko ikasten doguz, eta jateko moduak be garrantzi berezia hartzen dau, bizitza osorako baita. Azken urteotan, gizartea oso arin aldatu da: teknologi aurrerapenak arrantzan, nekazaritzan eta abeltzaintzan, garraioen garapena eta ekonomiaren garapena... aldaketa honeek milaka produktu barri jarri deuskuez gure esku.

Hau dala eta, eskola-edadeko (6 eta 12 urte artean, gitxi gorabehera) elikadurearen ganean hutsegite batzuk dagoz gure inguruan, honeek berbarako:

- Askotan, armozua edo askariaren partez, umeek gozokiak eta opilak hartzen dabez jatorduetatik kanpo.
- Jatorduak eurak be galtzen dabez: gosaria, eskolako bazkaria...
- Prepareta dagozan gero eta jaki gehiago (pizza, sanjakoboa, kroketak, patata izoztuak... eta holakoak) jaten dabez. Normalean holako jakiek afaria ordezkatzen dabe, arraina, okelea edo barazkiak alde batera itxiz.
- Askotan, ez dabe urik edaten, freskagarriak baino, eta honeek azukera eta gehigarri gehiegi daukiez. Egarria kentzeko ura da onena.