Kulturea  IV. urtea // 101. zenbakia

Bakioko altxorra

‘Izan diralako gara, ta garalako izango dira’

Ander Olalde, Esther Elgoibar, Idoia Markaida, Juan Luis Goikoetxea, Begoña Bilbao eta Iñaki Gaminde izan dira egileak baina, jakina, informatzailerik barik be ezinezkoa izango zan behar hau. Beste alde batetik, proiektuaren bultzatzaile eta babesle nagusiak Bakioko Udala, Mendebalde Kultura Alkartea, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzea izan dira.

Bizkaie!

Aurreko leloagaz bat eginaz, Bakioko Udalaren ekinbidez, zazpi urteko ikerketa prozesuan, 120 etxetan eta 200 informatzaile ingurugaz berbaldiak egin ostean, herriko ondare kultural eta linguistikoa jaso da ‘Bakio eta eskola’ gidaliburu didaktikoan eta DVDan, Bakioko hiztegi elektronikoan eta Bakioko euskereraen ganeko Mediategian. Liburua, barriz, laster izango da kalean.

Herriko ondarearen erabilera praktikoan pentsaurik osotu da ‘Bakio eta eskola’ DVDa, izan be, eskolan ikasten diran edukinetan hur-hurrekoakaz hasi behar da ezagutza zabalagoetara jo aurretik. Esangura horretan, eskolarako preparautako materiala da, sei atal nagusitan banatuta eta bideo, audio zein irudiakaz horniduta. Herriko esamoldeak, leku izenak, tresneria, landaredia, animaliak zein antxinako ogibideen ganeko azalpenak jaso dira.

Bakioko hiztegian, barriz, 7500 berba inguru jaso eta normalizau dira; azalpenak batuaz dagoz. Transkripzinorik ez da agiri, baina hiztegiaren barritasuna edo bereizgarria, sarrerak entzun daitekezala da.

Beste alde batetik, Bakioko webera, hau da, http://www.bakio.org helbidera bildurik dago 6 GBtik gorako Mediategia. Danetara, hamar mila dokumentu dira: 7259 audio artxibo, 607 bideo eta 1701 irudi.

Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan egin zan gorago aitatutako proiektuaren aurkezpen ekitaldia eta Iñaki Gaminde, Esti Izagirre, Txomin Renteria, Andres Urrutia, Patxi Goenaga eta Gotzon Loberak emon ebezan azalpenak. Hona hemen, mahaikideetako batzuek aurkezpenean botatakoak:

- Patxi Goenaga (Hizkuntza Politikarako sailburuordea): ‘euskera bizia biltzen dauen lana da, eskoletan txertatzeko oso aproposa. Beste herri batzuetan eredu edo erreferentzia izatea espero dot.

- Txomin Renteria (Bakioko alkatea): ‘antxinako konplejuak ahaztu, etxekoak balio dauela erakutsi eta euskaldun modura harrotasuna berreskuratu gura izan dogu. Izan diralako gara, ta garalako izango dira’.

- Gotzon Lobera (BFAko Euskara Sustatzeko Zuzendaria): ‘ondarea berreskuratzen aparteko ahalegina egin dau Bakiok; eginda dagozan gauzak egiten ibili barik, hutsunea beteten dauen lana da.