Jan-edanak  I. urtea // 11. zenbakia - 2002ko urriaren 1a - Hamaboskaria

Landare eta animalia jatorriko koipe gehiago

Margarinak


Jateko orduan zein aukeratu, margarinea ala gurina?

Bien arteko desbardintasunik handiena kolesterola da: gurinak kolesterola dauka eta margarineak ez (nahiz eta odoleko kolesterola murrizten laguntzen ez dauen).

Elikagaia bera egiteko orduan, gurina preparetako esnearen koipeari eragiten deutsen transformazino industriala, margarinak sortzeko orioari eragiten deutsena baino txikiagoa da, besteak beste, orioaren molekulak hidrogenau egin behar diralako. Arrazoi horregaitik eta gusto hobea daukalako persona batzuek gurago izaten dabe gurina.

Azken buruan, nire aholkua ondoko hau da: orain arte aitatu doguzan berezitasunen arabera, norberari gehien gustetan jakon produktua aukeratzea (gurina edo margarinea). Halan da be, ez ahaztu betiko kontua: neurriz jatea da onena; kasu berezi batzuk aparteko tratamentua behar daben arren, gurina edo margarinea tostada bat edo bi koipetzeko erabili ezkero, ez da arazorik sortuko; hori bai, tostadakaz eta gurinagaz edo margarineagaz betekada handiak egitea gustau ezkero, egunean zehar erabilten doguzan ganerako koipeak kentzea izango da onena.

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Nutrizinoan Diplomatua,
ELAN VITAL Medikuntzako Zentrukoa.


Kaixo irakurleok: aurreko atalean uda sasoian egindako gehiegikerien ganean eta barriro ordenaren bidean sartzearen beharrizanaren ganean egin genduan berba; gauzak holan dirala, daborduko egunerokotasunaren erritmoan ibiliko zarielakoan, aurretik ezagutzen hasi ginan koipeen multzoa jorratzen jarraituko dogu.

Margarinea

Margarina klase bi dagoz:

A.- Landare-margarinak: orioetatik ataraten diranak.
B.- Margarina mistoak: orio eta animalien (txarriarena batez be) koipeetatik ataratakoak.

Batzuetan, margarina mueta biei esne apur bat, gatza, koloranteak eta A, D eta E bitaminak be gehitzen deutseez.

Mantekilea edo gurinaren kasuan legez, margarinearen % 80 koipea da eta % 20 ura.

Oraingo honetan, landare-margarinatzat hartzen doguna aztertuko dogu gehienbat.

Margarinak metodo industrialak erabiliz lortzen dira eta horretarako orioak hidrogenazino prozesu teknologikoa behar dau. Hidrogenazino prozesu horretan, margarinek koipe asegabe edo insaturatu asko galtzen dabe. Horren ondorioz, margarinek gurinak baino koipe ase edo saturatu gitxiago daukie, baina ez daukiez gantz azido asegabeen eraginez orioen propiedade onuragarriak.

Horrezaz ganera, prozesu industrial horretan, orioen koipeek beste eraldaketa kimiko batzuk be izaten dabez.

Margarineak badauka kolesterolik?

Gogoratu, kolesterola animalia jatorriko elikagaietan baino ez dagoala; baieztapen horretan oinarrituz, margarinea orioetatik sortzen bada, kolesterolik ez daukala esan behar da. Dana dala, azken ikerketen arabera, emoten dau hidrogenazino prozesu horren eraginez, orioei autortzen jaken odoleko kolesterola beheratzen laguntzeko berezitasun hori galdu egiten dauela.

'Orduan, ona al da margarinea jatea?' itauntzen deuste sarritan

Eta nik dietetikearen oinarria dan erantzuna emoten deutset: elikagai guztiak neurriz jan ezkero onuragarriak, onak dira.

Gurina eta esnegaina edo kremea

Esnearen koipeagaz kontuz, koipe saturatuetan eta kolesterolean aberatsa da eta, beraz, jaten dogun kopurua kontrolau behar da. Guk, zorionez, orioakaz preparetan doguz jatekoak, baina Europako eta Ameriketako herrialde askotan gurina erabilten dabe horretarako eta gaixotasun kardiobaskular gehiago izaten dabez. Horrenbestez, ez deiogun uko egin ohitureari; askozaz hobea da orioa elikagaiak preparetako gurina baino; edozelan be, noz edo noz gurina aukeratzen badogu (makarroiak, pureak eta bestelakoak preparetako) ahal dala, gitxitxu izan daitela. Tostadakaz hartzen dogunean, geuk kontrolau beharko dogu kantidadea eta betiko gomendioagaz jarraituko dogu, hau da, egunean jaten doguzan ganerako koipeakaz orekea topetea. Dana dala, ez ahaztu esneopilak edo opil barrubeteak eta gozotegietako ganerako 'pekatuak' sarritan gurinagaz egiten dituela; ganera, askotan tabernako kafetxuagaz esnegaina edo kremea be hartzen dogu, eta miragarrizko 'orekea' lortzeko sakrifizioak egin beharko doguz; izan be, horreekaz guztiakaz gehitu egingo da egunean hartuko dogun koipe asetu edo saturatu edo arriskutsuen kopurua.

Gurinak B1 eta A bitaminak daukaz, D bitamina apur bat be bai eta gaur egun, bitamina piloa eransten deutsie 'osasunaren kultura' horri eusteko. Perretxikoen moduan agertu dira denda guztietan era horretako gurinak.

Gurinak edo mantekileak ez dauka kaltziorik (metodo industrialak erabiliz gehitu ez bajako behintzat), ez proteinarik ezta laktosarik be, hau da, ez da 'esne mueta' bat, esnearen koipea baino.

Gurina zuriagoa edo beilegiagoa izatea bestalde, erabilitako koloranteen araberakoa da eta ez dauka balio nutritiboagaz ezelako zerikusirik.