Musikea  IV. urtea // 101. zenbakia

Mungiako talde berezia: Los Moñas


Yamomopipi-Papo izena emon deutse diskoari, batek daki zergaitik. Popa eta rocka lantzen dabe batez be eta kanta errazak egiten dabez. Ameriketako surf-punk ukutua be badaukie eta ska-pop estiloa ez dabe baztertzen. Berbei jagokenean, barre egiteko gogoa etorriko jaku ‘El tanga’ lako kantak entzutean.

Diskoaren izena berezia bada, kontzertuetan ikusi geinken irudia ez da atzetik geratzeko modukoa. Eliteko unibersidadeetako jazkereagaz agertzen dira taula ganean, eskumako bigarren argazkian ikusi zeinken legez. Emonaldietan jenteak ondo pasetea gura dabe eta, horretarako, taldekideak eurak dira giroa alaitzen daben lehenengoak. Emongo dabe, bai, zeresana mungiar honeek.

Atxapunte

Los Moñas. Izen berezia eta taldekide bereziak. Eliteko unibersidadeetako uniformea jantzi (edo erantzi, diskoaren barruko orrietan ikusi daitekeen legez) eta kanteteari ekin deutso Mungiako hirukoteak.

Iban Hernandez ‘Moña’, Aitor Ganboa ‘Txanpi’ eta Ibon Zelaia dira taldekideak. Lehenengoa abeslaria da eta bajua be joten dau; bigarrenak, gitarrea joteaz gan, koruak be egiten ditu; hirugarrenak bateria joten dau. Orain urte asko ezagutu eben alkar baina urtebete eskas da taldea sortu ebenetik. Lehenago, Txanpik eta Ibon Zelaiak Mungiako XXL taldean joten eben, baina Madrilen izen bereko beste talde bat egoala jakin ebenean, bertan behera itxi eben.