Kulturea  IV. urtea // 101. zenbakia

Zaldutik Zaldibarrera. Toponimian barrena


Alberto Errazti

Euskal Filologian lizentziatua. Euskal hizkuntza eta literatura irakaslea da, Durangoko Institutuan. 1989tik Deustuko Unibersidadeko Deiker Instituturako ahozko toponimia biltze lanak egin ditu Araban eta Bizkaian. Haren argitalpenen artean, Bizkaiko Bira (1990), mendi gidaliburua dogu bai eta Iurreta elizateko euskara eta toponimia (1994) ikerlana be.

Zaldutik Zaldibarrera. Toponimian barrena izeneko liburua Euskaltzaindiak argitaratzen dauen Onomasticon Vasconiae bildumearen 24. alea da. Zaldibarko toponimo historikoak eta egun bizirik dagozanak biltzen dituan lan horren egilea Alberto Errazti Igartua dogu. Maila teknikoan, Euskaltzaindiak holan izentauta, Fernando Aranberri ibili da lanaren gainbegirale. Zaldibarko Udala, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Saila, Eusko Jaurlaritzearen Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa izan dira argitalpenaren babesleak. Liburuaren aurkezpen ekitaldian, besteak beste, Nerea Garitagoitia, Zaldibarreko alkateordea, Jose Luis Lizundia, euskaltzaina eta onomastika batzordekidea eta Alberto Errazti egilea izan ziran.

Liburu honen esparrua Zaldibarko udalerria izan da eta haren helburua ondoko hauxe: Zaldibarko leku izenak biltzea, arautzea eta kokatzea. Liburua orain dala hiru urte hasitako ibilbide baten azken emoitzea da. Alberto Erraztik berak nabarmendu dauenez, “belaunaldi zaharrenakaz batera betiko leku izenak galtzen ari dirana ez dago ukatzerik eta ardura hori gero eta zabalagoa zan bertako euskerearen aldeko taldeetan”. Beraz, Zaldibarko Udalak Euskaltzaindiaren aholkularitzeagaz, deialdi publiko baten bitartez ikerlana abian jartzea erabagi eban. Horren emitzea, Zaldutik Zaldibarrera. Toponimian barrena liburua dogu.

Ikerlanaren metodologiaz egileak esan dau metodologia globalaren aldekoa dala, hau da, baliabide teknikoek eskaintzen dabezan aukera guztiak erabiliz, horreen bidez toponimoen konplexutasun osoa aztertzearen aldekoa. Hauxe da, hain zuzen be, liburu honetan aurkezten dana: leku izenen zerrendak auzoz auzo, XVII. mendeko dokumentuetatik zelan bilakatu diran, gaur eguneko kokapena eta zelan ahoskatzen diran eta barriemaileen kontakizunak eta datu guztiak apaintzeko, hainbat urtetako 300 argazki.

Erraztiren esanetan, Zaldutik Zaldibarrera. Toponimian barrena liburuaren ekarpenik garrantzitsuenetarikoa dokumentuen arloan dago, orain arte egin ez dan lez, katastro zahar eta barriko datuak kontuan hartu eta eskrituretatik ataratakoakaz buztartu diralako.