Ofizialtasun sinbolikoa
Gaur egun zerbitzu publikoan behar egin gura dauenak, euskerarik jakin barik jai izan beharko leuke lan-alkarrizketatan, eta zer esanik ez oposizinoetan. Halan da be, euskeraz jakiteak edozein egoeratan hizkuntza hori erabili ahal izatea esan gura dau. Neuk 3. hizkuntza eskakizuna edo EGA eskatuko neuke gitxienez. Interpreteen kasuan, ostera, zehaztasun handiagoa behar da oraindino: berbarako, Entzutegi Nazionalerako, interpreteak era guztietako euskerea itzultzeko beharrean topau leike bere burua, akusaduak ez daukalako zertan batuaz egin. Suerta leiteke akusadu, lekuko edo deklarazinoa egiten dauen personearen ahoskerea zarratua izatea, herri zehatzen bateko euskalkian egitea berba ala erregistro, jerga edo gaiaren inguruko hiztegi personalizatua eukitea. Eta interpreteak hizlariaren buruan sartzeko gai izan behar dau; azken batean, deklarazino-egilearen jatorrizko bersinoa izan beharko leuke interpretazinoak.
Baina zer espero leiteke interpreteak hizkuntza eskakizunen mailea beteten ez dauenean? Egoera hori salatu guran, EIZIEk eta Kontseiluak zezeilaren 11an Madrilgo Entzutegi Nazionalean hasitako “Jarrai-Haika-Segi” Sumarioaren epaiketan interprete batzuakaz jazotako gorabehereak arduratuta jarraitu ostean, gutun bat bialdu eutsien orain aste bi Alfonso Guevara sumarioko epaileari.
Aurrerantzean epaitegiak interprete gaituez horniduteko beharrezko pausoak emon dagiazala eskatu eutsen, “lekuko izan garen egoera lotsagarriak ebitatuz, profesinoaren eta tarteko dan hizkuntzearen, euskerearen kaltegarri”. Halan da be, epaileak ez dau aintzat hartu erakunde biek egindako eskaerea. “Ez dogu ulertzen zergaitik proposatu diran epaitegian behar besteko gaikuntzarik ez daukien personak zerbitzu horreek emoteko”.
Ganera, “interpretazio-zerbitzuak emoteko erabili diran personen jarduera eskasa dala eta, kalte handia egin deutsie hainbeste interprete kualifikaturen irudi profesionalari komunikabideatan zabaldutako barriek; izan be, pentsatuazo leikie ez dagoala persona gaiturik” dinoe erakunde biek, eta esan dagidan kaltetuetakoen artean ni neu agiri nazala.
Aholkuakaz nahiko izango ez balitz legez, Kontseiluak eta EIZIEk lankidetzea eskaini deutsie epaileari, Estaduari interpreteak topetan laguntzeko. Gaiaren arlo politikoan sartu barik, hizkuntza eskubideak bermatzen ez dauzan justiziak ze on ekar leikio euskereari?
Xabier Paia
Espainiako Konstituzinoaren hirugarren artikuluak holan dino: “Gaztelania da Espainiako Estaduaren hizkuntza ofiziala. Espainol guztiek jakin behar dabe eta erabilteko eskubidea daukie. Espainiako beste hizkuntzak be ofizialak izango dira eurei jagokezan Erkidego Autonomoetan berauen Estatutoei jagokezan lez.”
Hain zuzen be, hau artikuluau aitatu eban Entzutegi Nazionaleko Guevara jaunak bere instituzinoaren interprete-zerbitzuak eukazan bakotasun eta hutsuneez jaubetuta, euskerarik jakin barik interpreteak baino gehiago ulertzen ebala konturatu zanean.
Ni Itzulpengintzan eta Interpretazinoan Lizentziaduna naz. Lizentzia horren arabera, beharrerako erabili neiken ama hizkuntzea euskerea da. Historian, igaz sortu zan euskera hizkuntza ofizial lez ikusten eban lehenengo itzultzaile eta interprete promozinoa. Edozein kasutan, karrerea sortu baino lehen, ibilbide handi eta luzeko profesional onak eskuragarri izan dauz gure gizarteak.
Aurreko hiru paragrafoen kontzeptu nagusiak bat eginik, hau ondorioau mahai ganeratzen jaku: hizkuntza bardintasuna ez dago bermatuta.
Kasuak antzeko ahaide bat dauka Bilboko Bertendona kalean: bertan, 2. hizkuntza eskakizuna gainditu ez dauen irakasle talde batek beharlekua ez galtzea aldarrikatzen dau, urteak badira be ikasteko tratua onartu zala. Baina hau zer da? Kargu publiko batean gaur egun behar egin gura dauen edonork hizkuntza biak jakin beharko leukez Euskal Herrian: euskerea eta gaztelania. Leitza lako herri euskaldun batean, medikuak euskeraz jakin behar dau ezinbestean. Erderaz baino ezin badeutso berba egin zortzi urteko neskatoari, umeak zelan ulertu behar dau berez euskeraz be ulertzeko gatxa dan zer edo zer?