Ospakizuna eta itxurakeria
Aho batez izango doguz komunikabideak andrearen eskubideen defensan aste honetan zehar. Eta gu danak aurrerakoiak garala sinistuko dogu momentutxu baten. Hori txiste mingotsa! Tupustean, gure benetako pentsamoldearen gordintasunak lekutxu bat egingo dau komunikabideetan hemendik egun gitxira. Horren feminista eta bakezalea dan gizarte honetan, indarkeria albo batera ixten dauen herri honetan, ahularen kontrako presinoa gaitzesten dauen Europako txoko honetan... basapiztiaren atzapar matxistak era ezin gordinagoan agertuko dira, zoritzarrez ez gara horrenbeste aldatu eta.
Holan, tratu txarrak etxeetako txokorik sagraduenetan, eliteko edukazinoa jaso daben personek egindako indarkeria sexuala, matxismorik sinpleena (matxismoak alde konplejuak baldin badaukaz) puntako jantziakaz dabizanen ahotik... Irudi txarrak edonon. Honek erakutsiko deusku oraindino badagoala zer egiterik. Eta gehiago esango dot: agertzen dogun itxurakeriak konpondu bako arazoa ostendu baino ez dau egiten.
Iñaki Atxutegi
‘Aste honetan ospatuko dogu Andrearen Nazinoarteko Eguna’. Esaldi honek ez nau trankil itxi. Ez dot uste, gure gizartearen egoerea ikusita, "ospatu" aditza egokiena danik. Asko dira, oraindino, andrearen eskubideak bigarren mailan iminten dabezanak. Asko dira, oraindino, itxurakeriak eta izugarrizko berbaldi borobilak egiten dabizanak martiaren 8an. Larregi, nire ustetan. Eta ez dira gitxi ekitaldi ofizialak amaitu eta berehala (edo amaitu baino arinago) andrak sukaldera bialtzen dabezanak edo txiste matxistak kontetan dabezanak.
Ez gaitezan itsutu. Gizartean ondo ikusita dagozan jarrerak erakusten doguz jentaurrean. Gu danak gara feministak, ekologistak, metrosexualak, bakezaleak, garraio publikoaren aldekoak, arrazismoaren kontrakoak... Esandako erdia egia izango balitz, beste gizarte bat eukiko geunke.