Amor idiota
Ventura Pons-ek produzidu, idatzi eta zuzendu dau Amor Idiota izeneko film hau; pelikula dramatiko eta komikoa da, maitemina eta obsesinoa nahastetan dauzana. Filmak Pere-ren istorioa kontetan deusku. Gauzak holan dirala, Argentinan bizi zan aspaldiko lagun on baten heriotzearen barri euki ostean, taberna batera joan eta bertan pena eta min guztiak itoten ahaleginduko da. Kalera mozkortuta urten eta ezustean neska zoragarri bat ezagutuko dau. Neska honegaz obsesionauta, zelatan eta kukuka ibiliko jako, haren bizitzearen barri zehatza eukiteko.
Bat-batean, segundo bakar batzuetan, pelikulea drama baltzetik komikotasun erotiko batera igaroko da. “Amor Idiota” film interesgarria da, laino trinko baten galduta dagoan personaia baten mundura eroaten gaituana. Pere galduta dago eta ikus-entzuleak be bai. Personaia honek zapuztu eta gure onetik atarako gaitu, ardura eta erantzukizun falteagaitik. Beharbada personaia honen erakargarritasuna ez dago istorioan bertan, ezpada Santi Millánek emon deutson ikutu malenkoniatsu, etsi eta bizian. Cayetana Guillén Cuervok be ondo jarduten dau andrazko gogor, zital eta erakargarriaren zereginean.
Beharbada, off-eko ahotsaren erabilerea larregikoa da, baina onartu beharra dago gizakiaren ergelkeriaz eta kokolokeriaz nahiz bizitzearen absurdoaz berba egiteko baliabide egokia dala. Azken batean, ez da aparteko lana, baina bai bizitzearen ganeko filosofia merkea gustoko dogunontzako kontakizun desbardin eta atsegina.
Joseba Terreros
-Zuzendaria: Ventura Pons.
-Herrialdeak: Katalunia eta Andorra.
-Iraupena: 105 minutu.
-Antzezleak: Santi Millán (Pere-Lluc), Cayetana Guillén Cuervo (Sandra), Mercè Pons (Jordina), Marc Cartes (Àlex), Jordi Dauder (Cárdenas), Gonzalo Cunill (Nicco), Andrea Fantoni (Vera), Pere Tomàs (Pulido), Héctor Mas, Xavi Fernández (tabernaria), María Lanau, Joan Anton Rechi.
-Gidoia: Ventura Pons; Lluís-Anton Baulenas-en nobelan oinarrituta.
-Argazkia: Mario Montero.
-Muntaia: Pere Abadal.