Zinea  IV. urtea // 100. zenbakia

Azkenean Natxo Vigalondok ez dau Oscarrik lortu


Ganerako sari inportanteak, banatuago

Ganerakoan, Jamie Foxxek lortu eban gizonezko aktorerik onenaren saria Ray filmagaitik eta Jorge Drexler artista uruguaitarrak abestirik onenaren saria etxeratu dau Al otro lado del rio beharragaitik (Diarios de motocicleta filma), gaztelaniazko kanta batek eskuratzen dauen lehenengoa.

Euskal ordezkaritza bat, Miren Azkarate Kultura sailburua tarteko, Los Angeles urian izan zan aurreko astean Vigalondoren 7:35 de la mañana film laburra babestu guran. Pelikuleak Eusko Jaurlaritzearen diru-laguntzinoa jaso bai baina azkenean ez dau Oscarrik eskuratu.

Joseba Terreros

Miren Azkarate buru, euskal ordezkaritzea izan da aurreko astean AEBetan 7:35 de la mañana euskal film laburra babesten. Ganerakoan, Clint Eastwoodek (zuzendaririk onena eta pelikularik onena) irabazi dau Scorsese-gaz euki dauan lehia.

Amesak erdi bidean geratu dira. Azkenean, Natxo Vigalondo fikzinozko film laburrik onenaren Oscar barik etxeratu beharko da. Vigalondoren 7:35 de la mañana lana faboritoa bazan be, Oscarra WASP ingelesari emotea erabagi dabe Akademiako kideek.

Bestalde, Alejandro Amenabarrek atzerriko filmik onenaren saria eskuratu dau Mar Adentro filmagaz. Amenabarrek Ramon Sampedrori, Bardem aktoreari eta Fernando Bovaira produktoreari opetsi deutse Oscarra.

Eastwoodek boxeoaren inguruan egindako Million Dollar Baby filma Scorseseren The aviator lanari nagusitu jako; azken honek aurkariak baino estatuatxu bat gehiago eskuratu dau, baina Eastwooden filmak pelikularik onenaren eta zuzendaririk onenaren Oscarrak jaso dauz.

Gauzak holan dirala, The aviator-rek bost sari eskuratu dauz (11 izendapen eukazan) –andrazko bigarren aktorerik onenarena (Cate Blanchett), zuzendaritza artistikoa, argazkilaritzea, jantzi eta editatze onenaren sariak-; Martin Scorsesek, bestalde, bosgarren biderrez galdu dau zuzendaririk onenaren Oscar saria lortzeko aukerea.

Izan be, Clint Eastwoodek irabazi eban azkenean saria –beste bat jaso eban 1992an Unforgiven filmagaitik-, eta Million Dollar Baby lanarengaitik beste hiru Oscar eskuratu dauz: andrazko aktorerik onenarena (Hilary Swank), gizonezko bigarren aktorerik onenarena (Morgan Freeman) eta sari nagusia, filmik onenaren saria.