Gurasoek seme-alabakaz sexu eta HIESAren inguruan berba egitearen garrantzia
“Naturaltasunez”
Kanpaineari indar eta sendotasuna emoteko, Interneten web gune bat edegi dabe; bertan, gurasoek giza inmunoeskasiaren birusaren ganeko informazino zabala eskuratu daikie, bai eta seme-alaben sexu heziketeari aurre egiteko modua be. Materiala egiten jardun daben espezialistek azpimarratu gura izan dabe sexu heziketea jaiotzatik bertatik hasten dala, “horren jakitun egon ez arren, seme-alabak hezten gabilzalako eten barik, gure lotsa, laztan, isilune edo eretxien bitartez”.
Azaldutakoagaz bat, sexu heziketearen helburua gazteek umeak nondik datozan eta sexuaren bitartez hartu daikiezan gaixotasunak zeintzuk diran jakitetik harantzago doa. Ikasi behar dabe euren burua ezagutzen, onartzen eta erotikea zoriontsua izateko moduan adierazoten. Gurasoek, euren aldetik, ahaleginak egin behar dabez sexuaren ganean naturaltasunez berba egiteko; “kontua ez da seme-alaben aurrean bilozik agertzen ahalegintzea”, ezpada norbera agertzea dan moduan, lotsak-eta onartuz. “Ona izan daiteke aldatzeko guraria azaltzea, baina ez da antzezlanik egin behar”, azaldu dabe.
Hiesaren ganean berba egitean, beste gai batzuk be jorratu daitekez, berbarako drogak, prostituzinoa edo pobrezia. Jakinarazo beharreko mezua hau da: sexualidade positiboa biziteko bidea errespetuan eta autoestimuan oinarritzen dala.
Ondoko web gune honetan argibide gehiago topau daitekez: http://www.sida-hies.net
Begiluzea
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gurasoei bihotz emon gura deutse 13 urte beteten dabezanetik aurrera seme-alabakaz sexuaren eta Hiesaren ganean berba egin daien; izan be, edade horretan neska-mutilak gai horri oratzeko baizen helduak dira eta, ganera, bizitzan gaixotasun hori hartzeko arrisku etapa bati aurre egin beharko deutsie.
Gazteek oso osasun ona euki ohi dabe eta horrek pentsau eragiten deutse sekula ez dirala makalduko. Errealidadea, ostera, guztiz bestelakoa da. Oker jasoten dabezan mezuen kopuru handiak eta edade horretako berezko fantasiek sexu transmisinozko gaixotasunen biktimak izateko jomuga bihurtzen dabez.
Osasun sailburuak, Gabriel Inclán-ek, hausnarketa hori egin eban aurreko astean, GIBaren kontrako prebentzino kanpainea aurkezteko saioan. Kanpaina horren izenburua hau da: “Nahiz eta zuri ez iruditu, Hiesarentzat helduak dira”. Gazteak ekimen honen helburu izan dira, hainbat arrazoi dirala eta. Orain dala gitxi egindako inkesta baten arabera, gazteak 18 urtegaz hasten dira sexu hartu-emonak izaten mutilen kasuan eta 19 urtegaz nesken kasuan. Azterlan horrek dinoanari jarraituz, gazteen % 29k lehenengo koitoa eukiten dabe edade nagusitasunera ailegau baino lehenago.
“Guraso askok ez dakie zelan hasi berbetan euren seme-alabakaz, ez dira seguru sentiduten sexualidadearen gaien inguruan berba egitean” adierazo eban sailburuak. Era berean, onartu eban eskoletan emoten dan edukazino afektibo eta sexuala hobetu behar dala, baina gogorarazo gura izan euskun lehenengo ikastetxe nagusia familia barruan dagoala. “Edukazino sexualak ez dau laguntzen sexu hartu-emonak goiztiarragoak izaten” erantsi eban, beti be Osasuneko Mundu Erakundearen txostenetan oinarrituta.