Martiak 8
Aldarrikapen eguna ala ospakizun eguna? Bietatik izango dau martiaren 8ak, Emakume Langilearen Nazinoarteko Egunak. Nik be bietatik egiteko gogoa daukat, ospatu eta aldarrikatu. Ospatu, sormena lana dan neurrian, emakumea bertsotan fin ari dala lanean. Eta aldarrikatu, emakumeen aldarrietarako ez dagiezala emakumeak bakarrik lanean jarri.
Ahozko tradizinioan ez da barria emakumearen parte hartzea. XVI. mendean baziran ezkontzetan eta hiletatan eresiak kantetan ebezan emakumeak. Baina ez ziran ondo ikusiak emakume publikoak, eta garaiko botereak isunak be iminten eutsiezan ahotsa erakusten eben plazandreei. Izan be, plazagizona beti existidu da. Plazandrea ez, ezta gaurko hiztegietan be. Berbako gizona gizon noblea da, estimadua, balio handikoa. Emakumearen berbeak ez dau inoz kategoria bera euki kultur tradizinoan. Berbako andrerik ez, danak etxekoandre. Euskal Herrian bertan zenbat emakumek firmau ete dauz bere idazkiak gizonezko izenagaz! Eta bere izena erabilten ebenak be eremu pribadura kondenatuak, bere heziketa eta bizitza osoa lez. Emakumea bertsolari? Bai, baina isil-isilean, bertso batzuk jarri eta etxeko sutondoan kantau ostean oheburukoan gordetako, badaezpada.
Baina asko aldatu da egoerea. Zorionez. Ezkaratzean beste behar dogu emakumea kalean. Parkatu, ezkaratzean baino gehiago. Emakumea dalako da gizonezkoa gizon. Eta betirako zor hori sekula kitatuko ez bada be, neskek irauli dabe eremu publikoa. Publikoaren aurrean kantetan dabez orain bertsoak. Han hasi ziran orain dala hogei bat urte Kristina Mardaras eta Arantzazu Loidi, gero etorri dira Iratxe Ibarra, Maddalen Lujanbio, Estitxu Arozena, Ainhoa Agirreazaldegi, Amaia Agirre, Oihane Enbeita, Oihane Perea, Onintza, bixkiak...Gizonen artean lekua egin dabenak, feminidadea emon deutsienak tabladuari. Txapela jazten be ez diranak lotsatu: Maddalenek Gipuzkoan, Estitxuk Nafarroan, eta beste hamaika txapel gazte sariketetan. Eta badatoz gehiago. Bizkaian bakarrik: Oihana Bartra, Miren Loizaga, Amaia Jauregizar, Miren eta Olatz Ibarluzea, Matxalen Zabaljauregi, Amaia Uribe, Miren Amuriza, Algortako beste hiru sorgin... BBK sariketan asko dira kantetan dabizen neskak.
Ospatzeko motiborik bada, beraz. Eta martiaren 8a ospatzeko izango dira manifestazinoak, batzarrak, aldarrikapenak, eta zelan ez, bertso-saioak. Biren barri badogu behintzat:
- Martiak 7, Durangon, Plateruena Kafe Antzokian, 20:00etan: Iratxe Ibarra, Amaia Agirre, Miren Artetxe eta Oihane Perea. Gai-jartzailea: Leire Aurrekoetxea. Antolatzailea: Durangoko Bilgune Feminista.
- Martiak 9, Muskizeko Kultur Etxean, 19:00etan: Maddalen Lujanbio, Oihane Enbeita, Oihana Bartra eta Iratxe Ibarra. Gaijartzaile: Miren Loizaga. Antoilatzailea: Muskizko Udaleko Kultura Batzordea.
Emakumez osotutako saioak biak. Ohitura dan moduan egun seinalatuaren bueltan. Emakumeentzako saioak? Ez dakit asmoa zein izango daben, ez dot imajinetan sartzen itxiko ez deustienik. Nire aldarrikapena beste bat da. Ez naz ni beren beregi emakumez bakarrik osotutako kartelen aldekoa. Pobrea iruditzen jat. Kartelean diran bertsolari gehienak be bat etorriko dira neugaz. Emakumearen eskubide eta aldarrikapenez kanteteak ez leuke ekarri behar emakumeek bakarrik kantetea. Mitin itxura hartzen deutsat. Aberatsagoa litzake gizonezkoei be berbea emotea gai honeetan, eretxia eskatzea, emakumearen azalean jartea, emakumeak gizonezko rolak betetea (badakit hau bestera be egin leitekela). Protagonismoa bai, zelan ez, bertsolarien erdiak gitxienez emakumeak holango saio batean, baina jomugea zabaldu, maskulinidadeari etxetik kanpo jokatzera behartu. Ez dodaz saiook gitxietsi gura, ezta antzekorik be. Antolatzaileak libre dira gura dabezan bertsolariei deitzeko, eta bertsolari onak dira ganera saio bietan batuko diranak. Ulertuko ete dabe esan gura dodana!
Bardintasuna ez dau legeak ekarriko. Kupoetan ez dot sinisten. Personengan sinistu gura dot nik, eta bakotxaren eremuan hasten da bardintasun soziala lantzen. Bertsolaritzan modu naturalean dago emakumea lekua hartzen, plazan, gaiak jarten, bertsoak epaitzen, bertso-eskolan ikasten eta irakasten, Bertsozale Elkarteko ardurak hartzen eta lan-taldeetan parte hartzen. Inork ez dau behartu, ezerk ez dau galarazo. Eta zorionekoak gara, bertso munduko neska zein mutil, emakume zein gizon. Bidea badago egiteko, eta egingo da, egingo dogu, konpartiduko dogu. Ikusiko doguz laster emakumeak umedun tabladu ganean, eta ‘gure ama bertsolaria da’ harro erantzungo daben neska-mutilak. Holan bedi.
Iñaki Aurrekoetxea
Mikrofonoa (h)artutakoan
zenbat txistu zenbat lorpen
gaur txapela be jokoan dala
begira ez da egoten.
Bertsolaritzan emakumeak
beretik dabiz emoten
laster umeak ikusi geinkez,
badot nahiko itxaropen,
plazan bertsotan ari dala ta
amari txaloak joten.