Koldo Isusi: 'bizkaiera hutsean idatzitako egunkaria be ederra izango litzateke'
1.- Bizkaie! aldizkariaren 100. zenbakia dago Sarean eta apirilean hiru urte beteko ditu. Zein da balantzea?
Pozik gagoz. Hiru urte konturatu barik joan dira, aurtengo apirilaren 8an ospatuko dogu 3. urteurrena eta 100. zenbakia Sarean dago. Hasieran ezarritako helburuetako batzuk bete dira eta geldiro-geldiro baino ez bada be, mendebaldeko euskalkia edo bizkaierea bere lekua hartzen doa; helburu horreen artean, bizkaiera idatzia normalizetan laguntzea nagusienetako bat da eta zeozelan gure ekarpena egiten gagozala pentsetan dot. Bizkaie! aldizkariagaz batera, mendebaldeko euskereak be indarra hartu dauela uste dot eta badagoz pozik egoteko arrazoiak.
Hasieratik honako eboluzinoan hiru kontu azpimarratuko neukez: alde batetik, Bizkaie!-k Buber Saria irabazi eban 2003an ‘Euskerea Interneten hedatzen gehien lagundu dauen webgunea’ kategorian, internet&euskadi erakundeak euskal web onenak saritzeko antolatutako sariketan, internautek eurek lehenengo botazinoan eta epaimahaikoek gero, Bizkaie!-ren diseinua eta edukinen erakargarritasuna saritu eben. Mugarri eta bizigarri garrantzitsua izan zan saria ze lortutako mailari eutsi guran, ordutik aurrera konpromiso eta erantzukizun handiagoagaz ibili gara beharrean.
Beste alde batetik, Bizkaie! hamabostekari lez sortu arren, igaz sekulako pausua emon genduan: aldizkaria astekari bihurtzea eta eguneko barriak jasoteko atala sortzea. Beharra bikoiztu egin jakun, baina merezidu izan dau, gaur egun Bizkaie! dinamikoagoa, erabilgarriagoa eta aberatsagoa dalako. Ganera, erabiltzaileei eurei jaramon eginaz, atal barriak be sortu doguz eta kolaboratzaile-sarea be handiagoa da gaur egun.
Azken buruan, Bizkaie! aldizkaria gero eta ezagunagoa da, hasieran aurreikusten ez genduan sektore edo arloetara heldu gara eta euskalgintzan zeozelako erreferentzia edo eredu garala igarri dogu. Erronka handia da hori guretzako. Gaiaren harian, Bizkaie! erabilten edo bisitetan dabenak gero eta gehiago dira azken azterketok erakutsi daben lez; 2004 urte osoa hartuz egindako analisian, danetara, bi miloetik gorako sarrerak nabarmenduko neukez eta atalik atal ibili ziranak 350.000 milatik gora; horrezaz ganera, egunean, batez beste, 1000 bisita inguru izan genduzan. Bisitearen iraupena be gogoan hartzekoa da, izan be, argitalpen digitaletan ohikoena laupabost minutukoa izaten da eta Bizkaie! aldizkarian, barriz, 13 minututik gorakoa da bisitearen batez besteko iraupena. Gure bisitariak hara eta hona, atalik atal artikuluak irakurten ibilten dirala erakusten dau datu horrek.
2.- Mendebaldeko euskalkia darabilen Sareko argitalpen bakarra da Bizkaie!...
Holan da. Bizkaiereak be badauka bere lekua Interneten. Fanfarroikeriarik barik, Sarean era guztietako gaiak jorratzen doguz eta horretan bakarrak gara; papelean eta herri mailan badagoz argitalpenak adierazmolde lez bizkaierea darabiltenak baina munduko edozein txokotara heltzen gara gu Interneti esker eta Bizkaie! kenduta ez dago besterik. Dana dala, bakarra izatea baino gehiago hutsune bat betetea edo premina bat asetzea garrantziatsuagoa dala esango neuke. Mendebaldeko euskalkia darabilgunok konpleju handiak euki doguz eta kontrako jarrera eta burlak be sufridu behar izan doguz baina, zorionez, egoerea normalizetan doa eta bizkaierea gizarteko eremu askotan sartu da; gaur egun ez dago ukatzerik euskalkietan dagoala euskerearen indarra.
3.- Mendebaldeko euskalkia normalizau eta bateratu barik dago. Zein da Bizkaie! aldizkariaren eredua?
Ereduarena Bizkaie! egiten dogunon burukomina izan da hasieratik. Ahozkoan norberak bere etxeko euskerea egitea da naturalena baina idatzirako eta munduko bazter danetara heltzen dan aldizkaria dala kontuan hartuta, eredu bateratua nahitaezkoa zan eta horretan gabiz. Mendebaldeko euskalkian berbeta modu edo azpieuskalki asko dagoz eta danak dira bizi-biziak, aberatsak; jakina, hizkuntzearen normalizazino eta bateratze prozesuan laguntzea da gure asmoetako bat eta eredu jagia lortzeko azpieuskalkien aberastasuna jaso eta eredu bateratu horretara eroatea da gure erronka. Eregite prozesuan dagoan euskalkia da bizkaierea eta dudak eta burukominak ugari izan arren, ‘Labayru Hiztegia’ eta ‘Bizkai euskeraren jarraibide liburua’ dira gure ereduak.
4.- Zergaitik ez Bizkaie! papelean?
Lehen be esan deutsudan lez, papelezko argitalpenen eskaintza zabala dago eta etorkizuna teknologia barrietan dagoala jaubetuta, Sarean Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoa argitaratzea pentsau genduan, zeozelan Interneten be bizkaierea normaltasunez erabili daitekela erakutsi guran. Ganera, Interneti esker Bizkaie!-ren zabalkundea mundu mailakoa da eta hori be kontuan hartzeko datua da.
Gauzak holan dirala, papelean argitaratzeko aukerea behin eta barriro aztertu genduan Sarera salto egin aurretik baina aurrekontuagaitik eta bestelako arrazoi batzuengaitik ezerezean geratu zan. Dana dala, oraintsu barriro heldu deutsagu gai horren ganeko eztabaideari eta papelean Bizkaie!-ren urtekaria edo edizino bereziren bat atarateko aukerak aztertzen ibili gara. Bizkaiera hutsean idatzitako egunkaria be ederra izango litzateke baina oraingoz ezinezkoa da.
5.- Hemetik aurrera, zer?
Ilusino beste diru eukiko bageunke gorago aitatutako helburuak errazago gauzatuko geunkez baina amesetan egitea gauza ona izan arren, badakigu ondo zer garan, nora heldu garan eta nora goazan, eta ahal dan neurrian, geure proiektura ahal danik eta lagun gehien erakarri gurako geunke, bat eginda errazagoa izango dalako gero eta saltsa handiagoetan sartzea. Gustora gabiz eta gure irakurleak be pozik dagozala uste dogu. Eurei esker dago Bizkaie! dagoan lekuan. Gure partetik, beharra eta ilusinoa ez dira faltako eta Bizkaie! gero eta hobea egiteko beharrezko pausuak emongo doguz.
Saioa Torre Gereketa