Lauaxetaren irakur menduak
Lauaxetaren biografia
Esteban Urkiaga Laukizen jaio zan 1905eko abuztuaren 3an. Handik lau urtera familia Mungiako “Lauaxeta” baserrira joan zan biziten; denporagarrenean izen hori aukeratu eban izengoititzat idazki eta lanetarako. Batxilergoa ikasi ondoren, Durangoko Josulagunen ikastetxean, 1921ean Jesusen Konpainian sartu zan, ordena 1928an itxi arte. Nobiziatu sasoian, Loiolan, poesia klasikoaz hasi zan interesetan, latin eta grezierako irakasle eban aita Errandonearen eskutik. Evangelista de Iberoren Euzko Ami irakurri ostean, euskal kulturara hurreratzen hasi zan Jokin Zaitegi olerkariaren eskutik. Urte horreetan, gainera, idatziak argitaratu zituan Jaungoikozale eta Jesus'en Biotzaren Deya lako agerkarietan. Handik gitxira Euzko Alderdi Jeltzalean afiliau zan.
Errenterian 1930ean I. Olerti Eguneko lehenengo saria irabazi eban Maitale kutuna izenburuko olerkiagaz.
Gero, 1931n, Bide Barriyak argitaratu eban, García Lorcaren eta Juan Ramón Jiménezen poesiaren eraginak nabariak zirala.
Baina Esteban Urkiaga Lauaxetak, poesia ez eze, kazetaritzea be gogoko eban eta Euzkadi egunkariko euskarazko saileko arduraduna be izan zan. 1931n, EAJren mitin politikoetan parte hartzen hasi zan.
1935ean, barriz, Arrats-beran lana argitaratu eban.
Demokraziaren kontrako altxamendu militarra izan zanean, euskal abertzaleen gudularien Estatu Nagusiko parte izan zan. 1937ko apirilaren azken aldera Gernikan atrapau eben, kazetari atzerritarrei uriak jasotako aire-bonbardaketearen barri zehatza emotera joan zanean. Era horretara, nazioartean zabaldutako faxisten bersinoa (bonbardaketearen egileak euskaldunak eurak izan zirala) hankaz gora imintea zan helburua.
Gasteizera eroan eben eta han Gerra Kontseilu batek epaiketa sumarisimoa egin ondoren, heriotza-zigorra ezarri eta 1937ko bagilaren 25ean fusilau eben.
Sabino Arana Kultur Elkargoa aurten Esteban Urkiaga “Lauaxeta” (1905-1937), euskal idazle eta olerkariaren jaiotzearen mendeurrena ospatzeko antolatzen ari dan jarduera-sailaren barruan, Euskal Abertzaletasunaren Agiritegi Historikoak olerkariagaz zerikusi handia dauen dokumentu argitarabako bat aurkeztu dau; bertan haren liburutegia osotzen eben liburuen zerrende jasoten da.
Agiria garrantzitsua da, batez be, Lauaxetak gustuko zituan irakurgaiak eta izan zituan eraginak jakitea ahalbidetzen deuskulako, baina, gainera, 1930 eta 1937 urteen artean Bilboko burgesia txikiak irakurten ebanari buruzko informazinoa dakar.
Inbentarioa 1937ko abuztuaren 7a eta 16a bitartean egin zan, Esteban Urkiaga “Lauaxeta” ejetzito frankisteak fusilau eta hilabete bira. Dokumentua egin ebana Luis Arregi izan zan, Euzkadi Buru Batzarreko Idazkaria eta behin eusko gudarostearentzat gerrea amaituta, Kantabrian egozan ehundaka errefuxiatuen ebakuazinoa antolatzeko ardurea izan ebana. EBBko burukideek Lauaxetaren liburutegia Baionara bialtzea erabagi eben, ohostu eta ezereztu ez eiezan, eta horretarako bitartekoa, Thorpebay itsasontzia izan zan.
Beste alde batetik, zerrendan agertzen diran 650 izenburuetatik gehienak nahiko modernoak dira, 1930 eta 1937 bitartekoak, nahiz eta XIX. mendeko euskal argitalpenak eta gaztelaniazko liburu zaharrak be badagozan.
Zerrendeak, bestalde, Lauaxetak irakurtzen zituan beste hizkuntza batzuei buruzko informazinoa be eskaintzen dau. Liburuak ondoko hizkuntzatan dagoz: frantsesez (frantziar poesia sinbolista, Verlaine, batez be, baina baita eleberria be, André Gide); ingelesez (ekonomia zein literaturako liburuak); italieraz (Leopardiren poesia), eta alemanez (haur-liburuak, beharbada hizkuntza ikasteko erabiliak), eta gainera, katalanez (Carner) eta galizieraz (Rosalia de Castro).
Liburutegi honetako liburu eta argitalpenen gaiak, barriz, ondokoak dira: literaturea (poeta klasiko latinoak, Urrezko Aroko espainiar literaturea, frantziar Erromantizismoa, Modernismoa, euskal literaturea eta XX. mendearen lehenengo herenekoa), pentsamentua (euskal abertzaletasuna), etnografia, pedagogia, artea, biografia, euskerea, generoa (feminismoa eta emakumetasuna), beste hizkuntzetako liburuak, filosofia, soziologia, erlijinoa, gizartea eta ekonomia.
Jon Kortazar EHUko Euskal Literaturako katedradunaren ustez, gaiak kontuan hartuta, argi dago eskaintzen deuskun irudia, kultura, politika eta gizarte alderdiez interesautako gizon batena dala. Lauaxetaren motibazino nagusiak literaturea, ekintza politikoa eta abertzaletasuna ziran.
Lauaxetarenak izan ziran liburuen zerrenda hau Jesus Solaunek, 1935etik BBBko eta EBBko burukide eta 1977tik EAJko lehendakariak gordetako dokumentazinoaren artean egoan. Urte batzuk pasauta, haren alargunak, Karmele Goñik Sabino Arana Kultur Elkargoari emon eutson etxean bilduta eukan dokumentazino guztia.