Bertsotan  IV. urtea // 100. zenbakia

Bizkaierearen zigorra barik, euskerearen mesedea


Xabier Paiaren 'Bizkaiera onenaren zigorra' artikulari erantzunez

Aupa Xabier!

Beste ezeren aurretik zorionak emon gura deutsudaz Bizkaiko txapelketan egin zenduan lan ederragaitik eta batez be Bizkaie-n egiten dozun ekinagaitik.

Beste alde batetik, aitatu gure neuke ez nagoela guztiz ados Biezkaiera onenaren erabilerearen sariari egin deutsazun kritikeagaz. Oso osoan ulertzen dot zure iritzia, izan be, danok dakigu Bizkaien ez gagozela gazte guztiok, euskerearen aurrean aukera bardinekaz. Holan eta guzti, nire ustez, sari bat emotea beti izango da Bizkaierean mesedetan -honetan seguru zeu be ados zagozela-. Baia, ez hori bakarrik, bertsolari guztien mesedetan be izango da, batetik gehiago saiatuteko arrazoi bat daukielako eta bestetik, hasikeratik aukera barik dagozenek be gehiago ikasiko dabelako besteeri Bizkaiera jator jatorra entzunez gero.

Hori bai, egie danez gero bizkaitar askok Bizkaiereagaz desabantaile handiek daukiezela, bai BBK-k eta bai beste guztiok, egin dagigun eguneroko ahalegin bat etorkizunean hori holan izan ez daiten!!

Besarkada handi bat hartu egizu, gernikar baten besotik, baia Gernike osoan partez.

Iñaki Madariaga

Hara, Xabi, nik goitik behera sinisten deutsut bizkaierearen kontra ez zagozala dinozunean. Egin bere polito egiten dozu zuk gure euskalkian. Baina BBK sariketan euskalkiari emoten jakon tratamentuaren inguruan kexaz idatzi dozu BIZKAIEn eta gauzatxu batzuk argitu beharrean nago.

Uste dot Bizkaiko eskualdeetatik txango bat egin beharrean zagozala. Ikusiko dozu zenbat gaztek egiten dauen euskaraz, eta ikusiko dozu egiten daben kasik danak mendebaldeko euskeraz dabizela. Egiten dabenak dinot, ze jakin askozaz gehiagok daki, baina egin ez dabe dakien guztiak egiten, horixe gura geunke baina. Sei urte daroat Bizkaiko eskualdeak astero zapaltzen eta Lea-Artibain, esaterako, ez dot sei urtean berba bat erderaz entzun gazte baten ahotik. Bat bera bere ez! Eta ahozko erregistroan behintzat euren azpieuskalkian jarduten dabe danak. Hor daukozu eskualde osoa beste gizaldi oso baten euskalkian egingo dauana, nahiz eta batuan ondo jakin halan komenidu diran funtzinoetarako.

Nik ez dot ebatzirik hartu BBK sariketan erabili behar dan euskerearen ganean, baina guztiz konforme nago egiten danagaz. Gaiak eta bestelako lanak mendebaldeko euskeraz aurkezten jakoz bertsolariari. Behar polita egiten dau gai-jartzaile taldeak horretan. Berbak kontuz samar aukeratuta egoten dira nire eretxirako, Bizkaiko edozein gaztek ulertzeko modukoak izaten dira gehienak eta. Hori bai, berbaren bat ulertzen ez danean urtenbide erreza dago: gai-jartzaileari itaundu urli berbeak zer esan gura dauan. Hori neuk bere egin dot inoz txapelketa nagusian eta ez naz horregatik ezjakinago sentidu. Horixe egin behar eban zure ikasleak ‘belu’ entzun ebanean. Erantzuna berba bakarrekoa izango zan: ‘berandu’. Zorioneko belu hori Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan berean dago ganera. Gure hiztegia zabaldu egin behar dogu, murriztu beharrean.

Ez jakitea defenditzea da okerrik handiena. Zuen eskualdeko gaztetxuak bere mendebaldeko euskera ulergarri naturala BBK sariketan naturaltasunez entzutea mesede baino ez da, euren euskerearentzako eta euren jakinduria orokorrerako. Niretzako mingarria da Bizkaiko gaztetxuak, gure hizkuntzearen egoereak eta gure konplexuak eraginda ‘amama’ barik ‘amona’ kantatzen entzutea, edo ‘amaitu’ barik ‘bukatu’. Eta honetan ez nabil zuon eskualdekoakaitik bakarrik. Morrontza handia bizi dogu eta horrek geure nortasunari uko eginarazoten deusku.

Bizkaiera onenaren saria egoteak ez deutso inori kalte egiten, nahi eta zuron eskualdekoak horretan ez izan trebeenak. Kontu baina, zuen eskualdean bere badagoz gazteak euskalkian urratsak emonez datozenak eta. Edozelango sariketetan egoten dira sari partzialak: herriko onena, gazteenaren saria, xelebreena… Danak ez dabe bardin parte hartzen sari bereziari begira baina berorrek zeozertan mesede egiten daualako banatzen da sariori. Danak egin ahal ez izatea ez da nahikoa argudio sari berezia kentzeko, eta sariorreri arrazoia emoten deutso, ostera, ikusteak urte batzuetan zelan egin dauan gora euskalkiaren erabilerak BBK sariketan. Danak ez dabe bardin egiten, askok ez dau erregistroen egokitasunean bete-betean joten, baina orain naturalagoa da gazteen bertsokeran entzuten dan euskerea. Hamar bat urte atzera eginez gero, danak euskara batuan jarduten eben BBK sariketan, eta batuan egiteak okerrik ez daukon moduan, daukonak daukonetik emotea onuragarria izango da beti berarentzat eta entzuten dabenentzat.

BBKk ikastaroren bat antolatu edo ordaindu egin beharko leukeela dinozu. Berez ez dot uste zeregin hori daukonik, baina badira urte batzuk, Bizkaian bertako euskalkia bertsolari pare batek baino gehiagok erabilten ez ebala-eta Bertsozale Elkarteak BBKren laguntasunez ikastaroa antolatu eban Amuriza irakasle zala. Eta Bizkaieraz bertsotan liburua argitaratu bere bai. Han erein zan haziak fruitu pozgarria emon dau harrezkero.

Ni konbentzituta nago, Xabi, hemengo bertsolariak bertako hizkuntzakeran bertsotan egiteak mesederik gehien euskereari berari eta euskaldunari egiten deutsola, ez bizkaiereari bakarrik. Eta egiten ez dauanak bere aberastu egingo dau hizkuntza almazena. Entzunda ikasten dogu danok. Zeuk egiten dozun maduan, Xabi, egunero handi-horti-hemeti ahal danik eta gehien kolkoratuz. Hori ez da zigorra, hori mesedea da.

Juanjo Respaldiza