Victor de Diegoren laugarren amesa
Diskoa Bartzelonako Laietana estudioan grabau eben aurtengo urtarrilaren 11an eta 12an, eta Victor de Diegogaz batera Joan Diaz, Curro Galvez eta Marc Ayza-ren ekarpenak be entzun geinkez, hirurak katalanak. Izan be, horreek lau gizonek osotzen dabe taldea.
Zortzi kanta barrigaz jatorku ‘Oraindik Ametsetan’, alkarren artean lotura zuzenik euki ez arren, estilo bera buztartzen dabenak. Erritmo bat hartu eta melodia sartuz sortutako abestiak izango doguz entzungai, ames egiteko edo beste baten amesak egia bihurtzeko. Bien bitartean, izarrik gagozala be gozau geinke, diskoa jarri eta imajinazinoari hegaz egiten itxita.
Atxapunte
Euskal Herritik Bartzelonara joan zan Victor de Diego saxofoi-jotzailea orain hamabost bat urte. Jazza zan (eta da) bere amesa eta oraindino be ames batzuk daukazan arren, arlo profesionalean, behintzat, asmo asko bete ditu daborduko.
Plazaratzen dauen laugarren bakarkako lana da ‘Oraindik Ametsetan’, Errabal Jazz zigiluaren eskutik. Maite dauena egiteko aukerea izan dau, askotan jazz musikeak beharko leuken oihartzuna izan ez arren. Salmentatara zuzendutako lana baino, musika mueta hau maite dabenenei zuzenduta dago diskoa, ‘freskoa, batzutan klasikoa eta batzutan modernoa’, de Diegok zehazten dauan legez.
Askok dinoe jazza bizimodua dala. Barru-barruan eroan beharreko kontua. Artista legez, ‘mundu honetan hazi ahal izateko, jente askogaz jo behar dozu, kolaborazino ugari egin behar dira’, dino musikariak. Holan, bakarka plazaratzen dauen laugarren lana izan arren, 35 kolaborazino baino gehiago egin izan ditu de Diegok orain arte, eta beste hainbeste egiteko amesa daukala igarten jako berbatan.