Ekialdeko Timor (II)
Etorkizuna eregiten
Orain, helburuak beste batzuk dira. Osasun-sistemearen egoerea negargarria da. Pratt Erwin medikuak Liquicako ospitalean egiten dau lan, Osasun Ministerioaren menpean. Osasun-zentrotik metro batzutara bizi da, etxe txiki baten. Bertan daukan lujorik aitagarriena aire girotua da. Australiarra da bera, eta egoera guztiz desbardinean bizi da Ekialdeko Timorren. ‘Hemen, lanaldiak 12 ordukoak izan daitekez. Baliabide gitxi daukaguz eta jente asko dago beharrizanakaz’, dino. ‘Independentzia lortuta dago. Orain ez dago sarraskirik eta behingoz, trankil bizi da Timor. Baina orain dagozan zereginak ez dira bape errazak. Herrialdea eregi behar da eta ez dago ezer. Batzutan oso etsigarria da’, dino penaz Prattek. ‘Egunero, ehundaka ume heltzen dira hona. Horreetatik, gitxi gorabehera % 60k malaria dauka. Agintzen deutsegun tratamentua jarraitu dagien ahaleginak egiten doguz, baina gurasoek askotan ez deuskue kasurik be egiten, euren siniskerien kontrakoa dalako. Holan, umeak hil egiten dira’. Mediku australiarraren arpegian oso kantsauta dagoala ikusi geinke. ‘Populazinoa edukau behar da, ahalik eta arinen’, gogoratzen dau, ‘oraindino, askoren ustetan sorginkeria da medizinarik onena, eta orain dala gitxira arte, kanibalismo kasuak be izan dira’. Ospitalean, Europar Batasunaren laguntzinoa dauka, eta pobretasunak pobretasun, itxurea onargarria da. Amak eta seme-alabak kanpoko jesarleku baten dagoz itxaroten. Negarrak eta laztanak dagoz. Apurka-apurka, Prattek umeak aztertzen ditu. ‘Ezin deutsagu eskaereari erantzun eta ez daukagu teknologia egokirik gaixotasunak arin atzemoteko. Halan da be, azken bi urteotako aurrerapausua itzela izan da’.
Ospitaletik hur, eskola bat dago. Ikasleak (12 eta 16 urte bitartekoak) prakakaz eta eskolearen izena daroan kamiseta bategaz dagoz jantzita. Kamiseta horretan, ganera, ‘Timor Lorosa´e’ leidu daiteke, argi ganera. Oraintsura arte, hori ezinezkoa zan. Irakasle-gelearen aurrean kartel itzel bat dago. Bertan, bihar-etzi herrialdearen dibisea izango danaren irudia dago: timondar ezkutua. Astiro-astiro ezartzen dira txanponak eta, bitartean, AEBetako dolarra erabilten da. Eskolak gogorrak dira eta gelatan idazmahaiak, egurrezko jesarlekuak eta arbel bat baino ez dagoz. ‘Herrialdeak ez daukaz baliabideak eta hori irakaskuntzan be igarten da’, dino irakasleak. ‘Zorionez, analfabetismo-maileak behera egin dau baina oraindino % 70 ingurukoa da. Kubak lagundu deusku eta Diliko unibersidadea martxan jarteko irakasleak bialdu deuskuz; nazinoarteak be hainbat hezkuntza-proiektu bultzatzen ditu’, zehazten dau. ‘Proiektu horreek barik, daukaguzan hezkuntza-helburuak inoiz be ez litzatekez beteko’.
Ekialdeko Timorren ganeko azken kapituluan nazinoarteko herrialde boteretsuek bertan daukiezan interesak aztertuko doguz. Ganera, familien antolakuntzea be eukiko dogu berbagai.
Testua eta argazkiak:
Zigor Aldama
Gure asmoa bertako nekazaritza-guneak aztertzea da, Ekialdeko Timorren arimea. Elektrizidade eta edateko urik barik bizi dan jentearen bizimodua zein dan jakin gura dogu, antolatu bako arrantzea eta ia nekazaritza produkturik barik, asko kostata baina bizimodua aurrera zelan ataraten dabenen nondik-norakoak aztertuko doguz. Taxi gidari bihurtu zan polizia timondar baten laguntzinoagaz, kostaldeko 200 bat kilometro egin genduzan. Populazinoak ez dauka ezelako tresna mekanikorik. Landetan eta ozeanoan egiten dabe lan, Erdi Aroan legez.
Harrigarria da Ekialdeko Timorren jentea zelan bizi dan ikustea. Uriburutik kanpo gitxi igarten dira portugaldarrek eta indonesiarrek itxitako arrastoak. Suntsipen eta sarraskiez betetako urteak pasau ostean, eleiza katoliko batzuk eta portugaleraz egindako inskripzino gitxi baino ez dira geratzen. Kolonoek herrialdeak eukazan baliabide natural eskasak hartzeko aprobetxau eben. Hemen, egia esan, kolonizazinoak ez dau aberastasunik itxi. Azpiegituren bakotasunak mundu modernotik kanpo itxi dau herrialdea.
Ekialdeko Timor Asiako hegoaldearen banaketan portugaldarrei tokau jaken saria izan zan. Frantsesek Indotxina kontroletan eben, holandarrek Indonesia, Espainiarrek Filipinak eta ingelesek Malasia, Singapur eta Hong Kong. Eta euren kolonietan azpiegiturak eregiten ebezan bitartean, Portugalek uko egin eutson Ekialdeko Timorreri. Halan da be, haren sandalo egurra ebagiten eban (herrialdearen benetako altxorra) eta kalidade handiko kafea kentzen eutson. Kolonizazino honek ez eban arrakastarik euki, baina erlijinoari jagokonean, barriz, bai. Hizkuntzea ez zan nagusitu bertako dialektoen aurrean; gobernua, ganera, erabat zatituta egoan eta haren eragina herrietan bakarrik igarten zan. 1893 eta 1912 urteen artean, timondarrak kolonoen kontra altzau ziran, baina errepresinoa itzela izan zan eta ez eben euren helburua lortu. Lehenengo Mundu Gerrearen ostean, Ekialdeko Timor mapatik desagertu zan, pobrezian sartuta egoan. Baina Bigarren Mundu Gerreak timondarren adorea erakutsi eban. Australiako tropa txiki batzukaz batera, japoniarren erasoari aurre egiteko kapaz izan ziran. Gitxi gorabehera 40.000 eta 60.000 timondar hil ziran. Krabelinen Iraultzearen ostean, Timorrek independentziarako bidea hurrago ikusi eban. Hiru indar politiko garrantzitsu sortu ziran; ezagunena, FRETILIN, ezkerreko alderdi independentistea. 1975eko martian, FRETILINek hauteskundeak irabazi ebazan. UDTgaz koalizinoan, negoziazinoak hasi ziran Portugalegaz, eta Indonesia konkistarako gogoagaz izartu zan. 1975eko zemendiaren 28an, Ekialdeko Timorrek independentzia aldarrikatu eban, Indonesia kontuan hartu barik. Baina pozak ez eban luze iraun: abenduaren 7an, Indonesiak indarrez bereganatu eban Ekialdeko Timor. Nazinoarteko Amnistiaren arabera, aurrez-aurrekoetan 200.000 bat timondar hil ziran.
Jakartak indar handiz gobernetan eban baina azpiegiturak eregiten ebazan eta edukazinoa eskaintzen eban. Urte asko ilunpean egin ostean, Indonesiaren kontrako matxinadea egin eben gerrillek. FRETILIN alderdiak FALINTIL alderdi armatuaren laguntzinoa izan eban. Xanana Gusmaok, Ekialdeko Timorren independentziaren aldeko burrukalariak, alderdi politikoaren presidente eta armadearen buru izentau eban bere burua. FRETILINen zereginak 1996an euki eban ordainsaria, Bishop Belo eta José Ramos Horta buruzagiek Bakearen Nobel Saria eskuratu ebenean. Azkenean, Nazino Batuek tira-biran eskuhartu eta Indonesiak erreferenduma onartzea lortu eben. 1999ko abuztuaren 30ean, timondarren % 78'5ek Indonesiaren okupazinoa baztertu eban. Indonesiaren aldeko indar paramilitarrak martxan jarri ziran. Nazino Batuek bakearen aldeko taldeak bialdu ebazan, eta bildur itzela bizi izan zan hilabete hareetan. Azkenean, 2002ko maiatzaren 20an, munduko herrialderik gazteena sortu zan. Amesa egia bihurtu zan.