Kulturea  IV. urtea // 100. zenbakia

Begirada galduen lurraldea


Asier Zabaletak bere buruari ipini deutsan erronka ez da makala: Suitzako zirkuituetatik, diru-laguntzetatik, publiko aditutik eta dantzaren aldeko girotik iges eginda, gipuzkoarra etxera etorri da, baina ez proiektu hau aurrera eroan eta atzera kanpora joateko: bere asmoa Euskal Herrian geratzea da, eta, zelan ez, etorkizunean sortuko dituan proiektuak be Euskal Herrian garatzea. Badaki lan gatxa izango dana, badaki “apur bat utopikoa” dala, baina ames horregaz dabil, eta aurrera egin gura dau ilusinoagaz. Ezagutu dau dantzearen paradisua, eta oin Euskal Herrira etorri da: badaki ez dituana aretoak beteko, Suitzan pasetan jakon moduan. Badaki dantzea ikuskizun minoritarioa dana hemen, eta, halanda be, ez dau etsi gura.

Gauza bat dalako ames egitea, eta beste bat, sano desbardina, Babian egotea.

Julen Gabiria

“Babia” esan eta danori gauza bera etorriko jaku burura: errealidadearen barruan egon arren, batzutan errealidadetik kanpora egiten dogula iges, beste zeozertan pentsetan hasita edo, beste barik, despistearen despisteagaz. Babia geugan daukagun mundu bat da, eta, halanda be, gitxitan aitatu dana artean, eta gitxiagotan oindino arte eszenikoetan. Baina danok ezagutzen dogun mundua da, askotan bakarrik berba egitera eroaten gaituana edo, beste askotan, inguruan daukaguna ikusten ixten ez deuskuna.

Mundu berezi horren barri emon gura deusku Asier Zabaleta koreografo eta dantzari gipuzkoarrak, “Babia” izeneko lanagaz. 32 urte daukaz Zabaletak, eta hemeretzigaz deskubridu eban dantza garaikidea. Ordutik, arnasa hartzeko astirik hartu barik, Zabaleta konpainia eta koreografo askogaz ibili da lanean: Valentzian, Donostian, Burgosen, eta, azken lau urteotan, Suitzan, Alias taldeagaz. Europan dantza garaikidea lantzeko egoerea eta baldintzak sano onak badira be, atzera Euskal Herrira etorri da koreografo gaztea, berak sortutako Ertza konpainiak produzidutako obreagaz. Bere mundua dantzea dan arren, lan honetan antzerkiak be zeresan handia dauka, eta, esate baterako, parte-hartzaileei ezin jake “dantzari” bakarrik deitu, edo bakarrik “aktore”. Izan be, danak dira antzerkian eta dantzan ibilitakoak: “batzuk aktoreak dira baina badakie dantzan, eta besteak dantzariak, baina antzerkia be egindakoak”, esan eban Ezkion jaiotako koreografoak. Dantzari-aktore horreek Pilar Andres, Iñigo Iraultza Garcia, Maria Ibarretxe eta Jorge Lastra dira, eurek eroango gaitue begirada galduta eukitera behartzen gaituen lurralde horretara.

Lurralde horretan “gizartearen arauetatik kanpo” geratzen garala dino Zabaletak, eta hori sano erakargarria begitantzen jako. Hori dala eta, Babian dagoanean jenteak egiten dituan keinu eta soinuetan oinarritu da antzerki-dantza lan hau sortzerakoan, jokaera horreek “personen izaera garbia” erakusten dabelako eta, azken baten, geure buruak hobeto ezagutzeko bidea izan daitekelako gai honen inguruko hausnarketea egitea.

“Babia” lanak pertsonaia eta egoera asko biltzen ditu, baina ez dago hari narratibo jakin bat: alkarren artean lotuta dagozan sekuentziak dira, collageen moduan buztartutako ideia solteak. Dana dala, lanaren amaieran, hari guztiak alkartu egiten dira zelan edo halan, “amaiera hori lar agerikoa ez dan arren”, aitortu eban zuzendariak.

Azken aldian ikusten gabilzan moduan, mota honetako proiektu eszenikoetan musikeak giroa sortzeko helburua dauka. Horixe aitatu genduan “Ezekiel” lanagaz, eta gauza bera esan behar dogu oingoan be bai: halanda ze, giroa sortu gura izan da musikearen bidez, istorio eta pertsonaia ugariakaz batera musika desbardinak sartuta. Txikitasunean oinarrituta dago dana, eta horren ezaugarri da Iñigo Leonek sortutako eszenografia be.

Esan dogun moduan, testuak ez dira asko: soinuetan dagoz oinarrituta, jenteak Babian egotean egiten dituan keinu eta soinuetan. Halanda ze, dantzarien ahoetatik urtetan dirak berbek ez daukie esangura berezirik: berba solteak dira, egoera horretan dagoan jenteak holako gauzak esaten ditu eta. Berba horreek euskeraz eta gaztelaniaz dagoz, eta Zabaletak argi dauka horrek Euskal Herrian lan egitera mugatuko dauela. Beste alde batetik, hizkuntza albo baten itxita, autoreak uste dau, gai aldetik be, pieza osoa dagoala “hemengo jentean eta hemengo gizartean kokatuta”.