Edurne Brouard: 'konpromiso kolektiboetatik personaletara pasetako ordua da'
Badator Korrika 14; martiaren 10etik 20ra bitartean, ‘Euskal Herria euskalduntzen; ni ere bai’ lemapean, Orreagatik Bilbora 2.350 kilometro izango dira.
Urte birik behin AEK-k antolatzen dauen euskerearen aldeko lasterketeak oraindino euskerea ikasi ez dabenei dei berezia egin gura deutse aurten helduen euskalduntzearen garrantzia nabarmenduz.
1980an Oñatitik Bilbora Korrika 1 egin zanetik 25 urte pasau dira baina oraindino be badagoz arrazoiak holako ekitaldiak egiteko.
Aurtengo Korrikaren, euskerearen egoereraren eta helduen euskalduntze eta alfabetatzearen ganean berba egiteko Edurne Brouard Korrika 14ko arduraduna konbidau dogu.
1. Korrika hasteko egun batzuk falta diranean, zein da zure ardura edo burukomin nagusia?
Aparteko burukominik ez daukat. Dana da burukomina eta dana da ardurea ze gehiena eginda dago eta azken ukutuak baino ez dira falta; akaso, eguraldiak arduratzen deust orain gehien. Aurtengo negua benetan gogorra da eta bildurretan gagoz, badakigu mendate batzuetan, Pirinioetan eta Hegoalde eta Iparralderen arteko pasabideetan arazoak euki geinkezala edurragaz eta leiagaz. Hori bai, hamar egunetan danetarik toketan jatzu eta egin doguz bai Korrikak, edurretan, euritan eta eguzkitan.
Dana dala, ondo preparauta gagoz eta ezusteko handirik ez dala izango pentsetan dot.
2. Korrika 14 Bilbora helduko da martiaren 20an, 14 edizinoetan bosgarrenez. Zer dauka Bilbok?
Ahalegintzen gara Korrikaren amaierak leku desbardinetara eroaten baina pentsaizu Korrika amaiera batek azpiegitura handia eskatzen dauela eta horregaitik beti aukeratu izan doguz uriburuak.
Kontuak kontu, Bilbok lotura handia dauka aurtengo mezuagaz; euskaldun ez diranak euskalduntzearen beharra planteetan dogunean, duda barik, Bilbon era horretako jente asko dago; horrezaz ganera, daborduko esfortzu hori egin dabenei omenaldia egitea erabagi dogu eta, beraz, Bilbo euskaldunbarrien topaleku handia da, euskal herrietatik etorritako hainbat lagunen eta urrunetik datozen etorkinen topaleku; horrexegaitik da berezia Bilbo.
3. Helduen euskalduntze alfabetatzearen garrantziaz jaubetuta, euskerea ikasi eta erabilteko euskaldun barriek egiten daben esfortzuaren eredu lez, Andolin Eguzkitza igaz hildako euskaltzaina omendu dau Korrika 14k...
Bai. Andolin Eguzkitza eredu ederra da. Euskerea dagoan lekuan badago, neurri handi baten behintzat euskerara hurreratzeko esfortzua egin daben 'euskaldunbarri' esaten jaken horreei esker da. Gaur egun hori esatea gitxi ala lar esatea izan daiteke, zehetasun falta handia dago hor, ze oso oker ez banago, euskaldunen artean erdiak baino gehiago edo hor bueltan dira euskaldunbarriak. Orduan, Andolin Eguzkitza eredu ona zala pentsau genduan; inguru erdalgunean, Santurtzin sortua, 15 bat urtegaz hasi zan euskerea ikasten. Hortik aurrera, danok ezagutzen dogu Andolinen ibilbidea: irakaslea, poeta, idazlea, euskerea mundura zabaldu dauena, euskaltzaina, euskaldunbarritasuna azken muturreraino eroan eban laguna. Jakina, guk ez deutsagu inori eskatuko Andolinen esfortzu hori, guk gura doguna da bakotxak bere gogo eta aukeren araberako konpromisoa hartzea.
4. ‘Ni ere bai’ kantua Afrika Bibangek egin dau, euskaldun barria hau be, euskerea AEKn ikasi ebana. Aproposa, beraz, aurtengo mezua zabaltzeko.
Bai. Duda barik. Afrikak bere doinu barritzaileakaz Korrika 14ren mezua erabili dau kantuan, izan be, leloa bera: ‘ni ere bai! kantuaren izenburua da; euskerea ikasiz eta erabiliz geure hizkuntzea jagoteko deia egin dau dantzarako aproposa dan kantuan. Haize freskoa ekarri deusku, duda barik. Afrika euskaldunbarria da, AEKn euskerea ikasi dauena eta etorkina izan ez arren, familia kanpotarra dauka eta sekulako ahalegina egin dau, eredugarria da, beraz, euskaldunbarriak omentzen dituan Korrika 14 honetan.
5. Korrika 14ren helburuak zeintzuk dira?
Helburuak betikoak dira. Korrika zentzu ludikoan eta Euskal Herri osoan egiten dan euskerearen aldeko lasterketa ludikoa da; horixe da aldarrikapen nagusia. Jakina, Korrika bakotxak bere mezua zabaltzen dau momentuan momentuko egoerearen eta beharren arabera. Aurtengo Korrikak konpromiso kolektiboetatik personaletara pasetako ordua dala planteetan dau eta, beraz, bai euskeraz dakitenei eta ez dakitenei be dei egiten deutsegu, dakitenek erabili dagien, erakundeei euskereari neurriko erantzuna emon daiotsen eta gizarteko sektore guztietako lagunei euren ahalegintxua egin dagien; aurten, berariaz, oraindino euskaldun ez diranei, bildurrik barik ikasi dagien eskatzen deutsegu, izan be, behar-beharrezko pausua da hori euskerearen geroa bermatu gura badogu behintzat. Hizkuntza jakitea baino gehiago, erabiltea da giltza eta, esangura horretan, edozein leku zein egoeratan euskeraz egiteko gai izango diran lagunak behar doguz.
6. Unai Iturriagaren gidoaiagaz osotutako bideoa be plazaratu dozue euskerea ikasteko konpromisoa hartu daben 47 lagunei egindako alkarrizketakaz (Richard Sanzol, Juan Martinez de Irujo, Jorge Cerrato, Julio Ibarra, Veronique O’Kelli, Gayuki Shinohara...). Euskal gizartearen konpromiso mailagaz pozik zagoz?
Bueno, bakotxak erabagi beharreko kontua da, guk ezin dogu inor behartu. Konpromisoa nahikoa ete dan, ezetz pentsetan dot eta gizarteko eremu danatan pausu gehiago emon behar dirala. Erabilerea sustatzea nahitaezkoa da, ez gagoz inondik inora beharko geunken erabilera mailan eta, duda barik, jente asko dago oraindino euskalduntzeko. Jakina, pozik nago euskerea ikasteko eta erabilteko konpromisoa hartu dabenakaz baina oraindino hartu ez dabenak konbentzidu eta erakarri behar doguz euskerearen mundura. Danok be gehiago emon geinkela uste dot.
7. Gaur egun, euskaltegi pribatu homologatuak mobilizazinoetan dagoz. Zein da arazoa?
Labur esango deutsut. Hiru eredu administratibotan banatuta dago euskerearen eremua. Iparralden aurrera pausu batzuk emon badira be, ez dago ofizialtasunik eta egoerea negargarria da. Nafarroan, barriz, egoerea larriagoa da ze atzera pausu nabarmenak emon dabez agintariek diru-laguntzinoak murriztuz. Gero eta ikasle gehiago baina gero eta diru gitxiago emoten dabe; Nafarroan euskerea irakastea zigortu egiten daben jarduerea da zeozelan esateko. Euskaltegiak itolarrian dagoz. Azkenik, EAEn, euskerea hizkuntza ofiziala da baina gauza asko dagoz egiteko. Helduen euskalduntzearen alorrean, pare bat urte inguru joan dira gitxieneko diru-laguntzinoen negoziazinoetan eta oraingoz ez dago ezelako akordiorik. Gobernuagaz aurre akordio bat lortu genduan baina berbatutako diru-laguntzinoak ez doguz jaso oraindino. Iparraldeko eta Nafarroako egoerea larriagoa dala onartuz, EAEn be ez dogu normalizazino egoerarik bizi.
8. Euskerea bera osasuntsu ikusten dozu?
Euskerea ez dago osasuntsu baina hilzorian be ez. Gauzak holan dirala, izatez baikorra naz, euskerearen geroa bermatzeko bide luzea dogu oraindino aurretik baina euskerearen alde gagozanak asko gara eta danon ahaleginagaz lortuko dogula uste dot. Esangura horretan, Korrika tresna ezin hobea da zenbat garan eta ze konpromiso hartzeko prest gagozan neurtzeko.
9. Lehenengo Korrika egin zanetik 25 urte joan dira eta lehenengo alfabetatze taldeak beharrean hasi ziranetik 40 urte inguru. Zer lortu da eta zer dago egiteko?
Galdera gatxa. Euskeraz dakitenen kopurua handiagoa da gaur orain urte batzuetakoa baino; nik uste dot euskera ikastearen beharra edo logikea normaltasunez ikustea lortu dogula, gaur egun ez da arraroa persona batek euskerea ikasteko erabagia hartzea. Orain 40 urte holako jarrerak bakanak ziran. Beste alde batetik, orain urte batzuk zeozelan esateko kutsu folklorikodun mundu abertzalera hurreratzeko bidea zan euskerea eta, gaur egun, holako jarrerak bazterrean geratu dira. Zorionez, eremua zabaldu egin da eta gaur era guztietako lagunak hurreratzen dira euskaltegietara normaltasunez.
Halan da be, ia dana dago egiteko. Gurea ez da hizkuntza normalizatua, minorizatua baino eta, jakina, eragozpenak eta arriskuak dagoz; horreei danei aurre egiteko euskerea eta euskerea ikasteko prozesua normaltasun bidean jartea falta da.
10. Korrika 14ko lekukoaren barruan joango dan mezua sekretua da baina mezu hori nork irakurriko dauen badago jakiterik?
Ez, ez dago jakiterik. Ederra da benetan, konfidantza osoagaz, 2.350 kilometrotan jenteak eskurik esku Euskal Herrian zehar mezua eroatea edukina zein dan jakin barik. Mezua nork irakurriko dauen esaten badeutsut erraz jakingo zeunke mezuan zer idatzi dan nahiz eta beti irakurlea eta egilea bardinak ez izan. Xarma horri eutsi egin behar jako, izan be, Korrikaren doeetako bat horixe dala pentsetan dot.
11. Zelan biziko dozu zuk Korrika 14?
Korrikaren hasieratik amaierara arte behar handia eukiko dot. Jarraipen zehatza egingo deutsat, Orreagan egongo naz martiaren 10ean eta herrialde danatatik pasetako asmoa daukat; ganera, kilometro batzuk be egingo dodaz korrika. Jakina, bien bitartean, azken orduko makinatxu bat gestino be egongo dira egiteko eta komunikabideen eskabide eta galderei erantzutea be ez da makala izango. Aste Santura arte ez jaku oporrik toketan.
12. Korrika 14 hasteko egun batzuk falta diranean, aparteko mezurik bialduko zeunke?
Bai. Mezu bat bialduko neuskie Korrika baten sekula parte hartu ez dabenei. Etorri daitezala esango neuskie, ez dirala damutuko. Aldarrikapenerako bai, baina jai girorako eta gozamenerako be preparautako ekitaldia da Korrika eta etxera orduko kriston satisfazinoa sentitzen dala esango neuskie.
Koldo Isusi Zuazo