Jan-edanak  IV. urtea // 100. zenbakia

Esnekien koipe mueta ezezaguna


Azido Linoleiko Konjugatua

Koipe mueta hau Azido Linoleikoaren eratorri bat da eta animalia hausnarkarien esnean dago gehien bat (emakumeen esnean be badago, baina askosaz be kantidade txikiagoan). Hausnarkarien artean, koipe mueta hau ugarien daukan esnea ardiarena da. Behiarenak eta ahuntzarenak be badauka, baina gitxiago.

Azido Linoleiko Konjugatu honen eragin onuragarriak honakoak doguz:

· Arterioesklerosiaren kontrako eragina.
· Hazurren mineralizazinoa errezten dau.
· Gorputzeko koipea bajatuazoten dau.
· Sistema inmunitarioan laguntzen dau.
· Diabetesaren kontrako agente moduan jokatzen dau.
· Kantzer batzuen aurrean babestu egin leike personea.

Animaliakaz egin diran ikerketatan ikusi da koipe mueta honen eraginak honexek dirala, baina gaur egun oraindino ez dakigu gizakiakan eragin hau ze neurritarainokoa dan. Horregaitik, ondorio guztiak behin-behinekoak dira.

Zergaitik dago hausnarkarien esnean gehiago?

Animalia hausnarkariek lehenengo elikagaia jan eta urdail berezi baten gordetan dabe. Handik ordu batzuetara, urdail horretan dagoan janaria ahora doa bueltan, hobeto mamurtu eta beste urdail batera joateko gero, rumenera hain zuzen be (hortik, gazteaniazko izena: ‘rumiantes’). Rumenean landareen digestinoa egiten laguntzen deutsien mikroorganismoak dagoz eta horrexek dira azido linoleiko konjugatu hori sortzen dabenak. Mikroorganismo horreek animaliak jan dauzan gantz azido poliasebako asko eraldatu eta konjugatu egin leikiez. Horregaitik, animalien elikadureak eragin handia euki leike sortzen dauan esneak eukiko dauan Azido Linoleiko Konjugatuaren kopuruan; hau da, animaliak zenbat eta azido oleiko eta linoleiko gehiago jan, esneak orduan eta linoleiko konjugatu gahiago eukiko dau. Koipe honeek hazietan dagoz eta haziak txikituta emoten bajakoz jateko, eragina handiagoa da. Pentsu batzutan itsasoko arrainak eta algak be sartzen dira, eragin hau handiagotzeko. Dirudienez, leku altuagoetan bizi diran animaliek Linoleiko Konjugatu gehiago sortzen dabe.

Horrezaz gan, esne glanduletan be sortzen da gantz-azido mueta hau.

Animaliaren arrazea be oso erabagiorra da esneak eukiko dauan Azido Linoleiko Konjugatuaren kantidaderako. Dana dala, arraza bereko animalien artean eta animalia-talde berekoen artean be desbardintasun handiak dagoz.

Esneki honeek preparetan doguzanean (gaztaia egiterakoan, berbarako) beroak eta beste faktore batzuk Azido Linoleiko Konjugatuaren kopurua handiagotzeko eraginik euki leikien ikertzen dabiz, baina momentuz ez dago ondorio garbirik.

Ondorio moduan ondokoa esan geinke: animalia hausnarkarien esneak orain arte oso ezagunak izan diran koipeez gan, osasunerako oso onuragarriak izan daitekezan gantz azido poliasebakoak be badaukaz. Eragin onuragarriak zeintzuk izan daitekezan ezagutzen badira be, oraindino ez dakigu oso ondo ze kopurutan janda sortzen diran eraginok. Ezaguera eta jakituria apurka-apurka lortzen dira bizitzan. Eta mueta honetako edozein ikerketak ez dau dieta orekatuaren Urrezko Araua baliorik barik ixten: danetarik jan eta danetarik neurriz.

Larraitz Artetxe,
Dietetikan eta nutrizinoan diplomaduna

Esnekien koipearen ganean berba egiten dogunean, normalean koipe aseak eta kolesterola aitatzen doguz; izan be, honeen eragina izan da orain arte ezagunena. Azken urteotan, ostera, esnekien koipe asebako bati eta gure osasunean euki leiken eragin onuragarriari atentzino gehiago iminten hasi jako: Azido Linoleiko Konjugatua.

Holakoetan, persona batzuk hasarratu egiten dira, hau da, errazagoa egiten jake esnekien koipeek odoleko koipe kopuruan eragin kaltegarriak euki leikiezala onartzea, akaso baieztapen hori erabatekoa ez dala onartzea baino. Baina dietetikea, ikerketea eta bizitza, orokorrean, holakoxeak dira, etenbarik gauza barriak ikasten gabiz eta ikasi ahala aurreko ondorio batzueri garrantzi handiago edo gitxiago emoten deutsegu. Eta hau ez da ez ona ez txarra, beti holan izan da eta holan izaten jarraituko dau, zientziaren eta bizitzearen dinamikearen izatea holakoa dalako.

Esan dogun legez, esnekien koipeak koipe ase ugari ditu eta horregaitik gaixotasun kardiobaskularrak daukiezan personentzat ez ei dira oso egokiak, printzipioz behintzat. Esnekien koipeek kate labur eta ertaineko gantz azidoak be badaukiez eta honeek ez dabe gaixotasun kardiobaskularrik sortzen. Beste gantz azido batzuk, ostera, poliasebakoak dira eta gaixotasun horreek ebitetako garrantzitsuak izan daitekezala ikusi da. Edozein modutara be, ez dogu hau ahaztu behar: esnekien koipeak A eta D bitaminetan oso aberatsak dira eta funtzezko gantz azidoan be bai, hau da, azido linoleikoan (derigorrez elikagaietatik hartu behar dogun horretan); ganera, koipeek oro har gure gorputzean beharrezkoak diran funtzinoak beteten dabez.