Euskeraz eskolan eta kalean
'Olgetan' programea, urritik aurrera Leioan
Gogoetarako
• Leioako ereserkia:
Santimamitik Artatzako muturrera,
Lamiakotik Peruriko bazterrera
zabaltzen zaren herri goxo, sentibera...
Zahar eta gazte, guztiok batera
kantari gatoz zuri agur egitera
Lamien kabi kuttun eta oparoa,
San Juan suaren bizi txinparta beroa.
Jende gaztea zugan hezitzera doa,
gaurko bultzakadak baitakar geroa,
munduari zabaltzen diozun leihoa.
•Adituen eretxiak
Jose Maria Satrustegi (Euskaltzain Osoa, idazlea, antropologoa):
- 'Gure benetako sustraia euskalkia da eta gurasoak arduratu behar dira etxeko euskerea erakusten umeei'.
Koldo Zuazo (Idazlea):
- 'Erabat ahulduta daukagu geure hizkuntza sena.
- Euskerearen izakeraz eta kalidadeaz gitxi arduratu gara.
- 'Herri euskaldunetan, bertako berbakereari emon behar jako lehentasuna, ahozko jardunean behinik behin'.
Felipe Arrese Baitia (Idazlea):
'Euskaldun jayo nintzan,
Euskalduna azi,
Euskara utsik amak
Eustan irakatsi,
Euskara maite maite
Zabiltz neugaz beti,
Euskara ill ezkero
Ez dot gura bizi'.
Juan Manuel Etxebarria (Euskal Filologoa, Doktorea, idazlea, irakaslea):
- 'Hizkuntzeak gure bizikera guztien ispilu izan behar dau eta bizi dogun guztia ahotik askatzen jakin behar geunke eta bereizi behar dena bereizi, bakotxari berea emotea lakorik ez dago-eta' (Euskitz).
- 'Euskaldun jaio, euskaldun hazi, euskaldun hezi, euskaldun bizi' (Euskitz).
Azken burukoa
'Euskerea Berbagai' atalean azken aitamen bat egin behar dogu; izan be, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako gero eta gitxiago falta dala igarten hasi gara. Euskereagaz lotuta, Ibaizabal Argitaletxeak oraintsu kaleratu dau Juan Manuel Etxebarriaren liburu barria: 'Euskitz, euskararen nondik norako bitxia'.
Oraingo honetan, euskerearen historia dakarsku Etxebarria jaunak, ipuin antzeko narrazino ulerterraza. 'Euskitz' euskerearen personifikazinoa da eta, esan dogun lez, modu errazean, euskerearen berezitasunak (ergatiboa, konkordantzia bikotxa, generoa aditz alokutiboan, esaldiaren ordena...) eta euskalkiak azaltzen deuskuz.
Idazleak hitzaurrean dakarrenez, 'Euskitz', euskaldunon jatorrizko hizkuntza zaharra dogu, aurreindoeuropearra gitxienez. Euskaldunontzat garrantzi handienekoa da, izan be, geure hizkuntzea dalako, baina euskaldun ez diranentzako be garrantzitsua Europako hizkuntzarik zaharrenetarikoa dalako, oztopoak oztopo, oraindino bizirik eta biziago egoteko bidean dagoalako.
Euskal Herria txikia izan arren, herri osoa da eta sasoian sasoiko beharrizanetarako hizkuntza osoa erabili dau. Historian zehar, inguruko herri askok inguratu edo zeharkatu gaitu, baina arazoak arazo, aurrera egin dogu beti gure hizkuntzea aro barrietara egokituz.
Gaur egun, beste erronka baten aurrean gagoz geroari begira. Gauza izango ete gara gaur arterainoko euskerea jaso, egokitu eta etorkizunera bideratzen? Bai horixe!
Salbuespenak salbuespen, irakaskuntzan D ereduaren indarra ukaezinezkoa da.
Orain hilebete inguru hasitako ikasturtean, unibersidade ikasketak egiten ez dituen EAE osoko 266.961 ikasle izango dira. Kopuru horretatik % 47 baino gehiagok D ereduan ikasiko dabe, euskera hutsean beraz; % 27 inguruk gaztelaniazko A ereduan, eta % 25 B eredu elebidunean. Txikitxuen arloan, 0-3 urte bitarteko umeen artean, aldea handiagoa da oraindino: matrikula aurreko datuen arabera, 25.169 ume joango dira eskoletara, pasau dan urtean baino % 11,6 gehiago. Ikasle guztien % 57,84k ikastetxe publikoetan emon dabe izena eta % 91,4k D eta B ereduetan.
Datuok baikorrak dira eta bestelako analisirik egin ezean, etorkizunean, kaleetan, lagunartean, beharrean, mendian zein hondartzan euskera franko entzungo dala pentsau geinke.
Beste arlo batzuetan legez, teoria da bat eta praktikea beste bat
D eredu horrek euskerearen erabilerea bermatu beharko leuke baina, sarritan, eskola edo ikastola barruan be umeek lotsa barik egiten dabe erderaz. Ganera, umeak D ereduan ibili arren, kasu askotan, gurasoak erdaldunak, euskaldun barriak edo ia euskaldunak izaten dira eta, jakina, esaera zaharrak be badakar eta mirariak gitxitan ikusten doguz: 'etxean ikusia umeak ikasia'. Horixe da errealidadea. Beste alde batetik, euskerearen prestigioa edo ospearen kontua be askotan entzuten dogu; euskereari indarra, prestigioa emon behar jakola. Kontua da ze erabiltzaileek preminarik ikusi ezean, erderea erabilten dabela erosoago eta, gehienetan, lehenengo berbea erderaz izaten dala. Era horretara, hasikera-hasikeratik bidea zarratzen deutsagu euskereari.
Egoereari konponbidea emoteko ahalegin asko egin dira, baina beharra ez dago eginda eta inori erantzukizuna leporatu barik, guztiok erakunde, ikastetxe eta alkarteek euren aldetik eta bakotxak bere aldetik ahalegin handiak egin beharko doguz.
Olgetan Programea: Leioako Euskera Zerbitzuak euskerea eta aisia buztartzeko pentsautako ekimena
Kalean, aisian, lagunartean euskerearen erabilereak behera egiten dauela ikusita, 'Olgetan' programea jarriko dau abian dau Leioako Udaleko Euskera Zerbitzuak. Umeen artean, euskerearen erabilerearen ganeko azterlanak argi erakutsi dau ume gehienek euskerea eskolan ikasi arren, eskolan bertan baino ez dabela erabilten (kasu batzuetan, eskolan bertan be ez) eta ez, ostera kanpoan. Azterlanaren arabera, D ereduko umeek eguneroko jardunean, denporearen % 14 baino ez dabe erabilten euskeraz egiteko eta B eredukoek, ostera % 8 besterik ez. Datuak oso esanguratsuak dira: umeek eskolan baino ez dabe euskeraz egiten eta, gauzak holan dirala, euskerea eta aisialdia, euskerea eta lagunak edo euskerea eta kalea buztartzea oso gatxa da. Umeek ez dabe euskerea erabilteko preminarik ikusten kalean.
Olgetan programeari esker, umeek euskerea erabiliko dabe olgeta edo arlo ludikoan. Jokuen, eskulangintza mintegien edota kantuen bitartez, umeen motibazinoa suspertzea da asmoa, eskola edo ikastoletatik kanpo euskerea gehiago erabili daien. Ganera, Olgetan programea Leioako ikastetxe eta auzo guztietako umeen topaleku izango da eta, era horretara, lagunartearen balioa edo alkartasuna lako balorea be ezagutuarazo gura jakez gaztetxuenei.
Olgetan programea 2002ko urritik 2003ko bagilera bitartean egongo da martxan. Leioako euskaltegian eta Pinuetan izango dira saioak, astelehenetik barikura, ordubete egunean. Seguru gaztetxuek ondo pasauko dabena eta guztion onerako izango dana.
Hizkuntza gaitasuna Leioan:
- Euskaldunak: 5.467 // % 21,24
- Ia euskaldunak: 6.926 // % 26,91
- Erdaldunak: 13.339 // % 51,83
Euskerearen erabilerea Leioan (kale neurketea):
- Haurrak: % 3,98
- Gazteak: % 7,70
- Danetara: % 3,84