Araba Errioxako ardao batek irabazi dau Nazinoarteko Tempranillo Ardaoen Lehiaketea
Munduko tempranilloen lehiaketa honek hainbat helburu ditu antolatzaileen esanetan:
Tempranillo bariedadeko kalidade handiko ardaoen produkzinoa eta ardaogintzea bultzatzea, ingurumenagaz bat eginaz landatutako mahastiak dirala azpimarratuz eta honeen inguruko balio kultural eta naturalak goraipatuz
Tempranillo ardaoen aberastasuna eta batez be sarituenak, nazinoarteko merkatuetan ezagutarazotea baita kontsumitzaile atzerritarren artean be.
Ardaoaren ganeko kulturea zabaltzea, neurriko kontsumoa sustatzea eta ardaoaren onura kardiobaskularrak ezagutarazotea.
Imanol Sarasola,
enologoa
Aurreko artikuluan, tempranillo ardaoen onuren ganeko jakingarriak eskaini neutsuezan eta ardao honeek aurkezten diraneko nazinoarteko lehiaketa bat be aitatu neutsuen. Lehiaketea Danimarkako Kopenhagenen izan da eta irabazlea ‘Contino Viña de Olivo’ Araba Errioxako ardao baltza izan da, tempranillo ardaoen arteko mundu mailako lehenengo lehiaketan urrezko domina lortu dauana hain zuzen be. Ardao hau Biasterin egindakoa da, Viñedos del Contino upategian, hain zuzen be. Ardaoa % 90ean tempranillo bariedadekoa izan da eta ganerako %10 grazianoa.
Lehiaketa honetan Europako 10 herrialdetako 300 ardaotik gora aurkeztu dira baita Amerika eta Ozeaniakoak be baina, esandako moduan, espainiar estadukoak nabarmendu dira; danetara, 22 jatorrizko izendapenetako ardaoak aurkeztu dira bertan.
Aitaturiko ardao horreez gan, beste 60 ardaok be urrezko dominak jaso dabez, tartean 20 Ribera del Duero, 13 Errioxa, zazpi Lurraldeko ardaoak eta sei Mantxako jatorrizko izendapenekoak; ganerako seiak Argentina, Portugal eta Italiakoak izan dira.
Lehiaketa bitxi hau, urtero egingo da herrialde desbardinetan, espainiar estaduko enologoen federazinoak antolatuta Global Wine & Spirits, Amorim eta Foss Electric-en laguntzinoagaz.
Zilarrezko beste 30 domina be emon ebazan epaimahiak, berau prestigio handiko ardo dastatzaileek, kazetariek, ardogile eta sumillerek osatu ebelarik, bestak beste, Jose Peñin kazetaria, Jacqueline Jensen danimarkar kazetaria, Isabel Mijares enologoa eta Christian Aro sumiller Daniarra.
Espainiar estatuko enologoen federazioaren arabera, lehen lehiaketa honetara 300 ardao aurkeztea aurreikuspenak ondo betetea da eta ondorioz aurrerantzean nazioartean kontsumo maila zabaltzeko aukerea be badago.