Zinea  IV. urtea // 99. zenbakia

Sideways


Drama eta komediaren arteko bidean, film honek ironiaren, apaltasunaren eta giza miseriaren bidezidorrari heltzen deutso, produktu gazi-gozo interesgarria eskaintzeko. Eta are jakingarriagoa da personaiek euren bizitzearen bidekurutzeari aurre egin behar deutsielako, goitik behera jatorken errealidadeari iges egiteko aukera larregi barik.

Ardaoa, literatura, bikote nahiz lagunen arteko hartu-emonak eta desioak ardatz modura hartzen dira eta, behin ironia, komedia eta tristezi apur bategaz nahastau eta gero, usain eta gusto oneko produktua egin dabe.

Batzuei, beharbada, erritmoa lar geldoa dala begitanduko jake edo gai jakin batzuen ganeko alkarrizketak lar luzeak, baina, era berean, egia da eszena horreetan guztietan ikus-entzuleen inplikazinoa topetan ahalegindu dirana. Pantailaz bestaldekoak kontakizunagaz identifiketako beharra keinu eta gauza txikien haritik bideratu dabe eta konplizidade hori sano eskertu beharra dago.

Bestalde, Paul Giamatti-ren lana bikaina da; horretan fisikoak eta personaia irudikatzeko itxureak asko be asko lagundu deutso, batez be bere gain hartzen dauzan tarte erdi dramatikoetan.

Laburbilduz, neure eretxi apalean, film interesgarria da; edozelan be, AEBn nahiz Europan oso kontrako eta oso aldeko kritikak euki dauz, erdibiderako tarte barik. Ikusi eta zuok erabagi.

Joseba

- Zuzendaria: Alexander Payne.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 123 minutu.
- Antzezleak: Paul Giamatti (Miles Raymond), Thomas Haden Church (Jack Lopate), - Sandra Oh (Stephanie), Virginia Madsen (Maya), Marylouise Burke (Miles-en ama), Jessica Hecht (Victoria), Missy Doty (Cammi), Alysia Reiner (Christine), Shaké Toukhmanian (Erganian andereñoa), Duke Moosekian (Mike Erganian), Peter Dennis (Leslie Brough).
- Gidoia: Alexander Payne eta Jim Taylor; Rex Pickett-en nobela batean oinarrituta.
- Argazkia: Phedon Papamichael.
- Muntaia: Kevin Tent.