Para que no me olvides
“Para que no me olvides” film tristea eta bizigarria dozue aldi berean; sentimentuak komunikazino osogai modura erabilten dira, ikus-entzule eta personaien arteko loturea estutzeko. Zuzendariak maitasun eta heriotzearen ganeko istorio bat kontetan deusku: aitita, ama eta andregaiaren maitasuna eta loba, seme eta maitalearen heriotzea.
Gauzak holan dirala, hiru personaia nagusi horreen ikuspuntuetatik abiatuta, persona maite bat galtzeak dakarren hondamendiaren barri eukiko dogu. Aititak daborduko heriotza asko sufridu behar izan dauz eta etsipen lasaiaren adibidea da. Amaren mina, ostera, sakon, zurrun eta gogorrena izango da. Azkenik, neskalagunarena agertzen da; honen eretxiz, munduan ez dago bestelakorik, ez dago galdutako maitasunetik harantzagoko bizitzarik.
Horreri guztiorreri, gogoratzeko garrantziaren inguruko hausnarketea gehituko jako, gomutea geu izateko eta, era berean, aurrera egiteko daukagun abiapuntu bakarra dalako. Beraz, ahanztura eta gomutearen artean aukeratu gura dabenei ikasgai moduko bat emongo deutse, nondik gatozan eta nora goazan jakiteko, ezin dalako ahaztu, baina aurrera egiteko be ezin dalako beti atzeko guztia gogoratu.
Zuzendariak minaren erraiak erakutsi gura izan deuskuz eta, egia esan, lortu egin dau. Horretarako, musika ederra, eszenenografia ona, paisaje ikusgarriak eta antzezpen bikainak erabili ditu. Ikusi beharra dago eta sentidu.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Patricia Ferreira.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 106 minutu.
- Antzezleak: Fernando Fernán Gómez (Mateo), Emma Vilarasau (Irene), Marta Etura (Clara), Roger Coma (David), Víctor Mosqueira (Antonio), Mónica García (Ana), Marisa de Leza (Leonor), Ana Cuerdo (Eva/Nina), José Luis Agudo (Ciro/Sorin), Jorge de Benito (Rubén/Trepelev), Santi Ruiz (Medvedenko), Miguel Zúñiga (Andrés).
- Gidoia: Virginia Yagüe eta Patricia Ferreira.
- Argazkia: Marcelo Camorino.
- Muntaia: Carmen Frías.