Emon bostekoa!, Ibilaldia´05eko kantea aurkeztu dabe
Ilusinoa ez da falta izan, kantan azpimarratzen dan antzera, “eregiten gabizen etxera” pop-rock estiloan ondo-etorria emoteko.
Bizkaie!
Ibilaldia, jakin dakizuenez, Bizkaiko ikastolen jaia da. Bizkaiko Ikastolen Elkartean 22 ikastola bazkide dagoz, guztira 13.390 ikaslegaz. Durangon, maiatzaren 29an, Ibilaldiaren 27. edizinoa ospatuko da. Aurtengoa Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek antolatu dabe, 'Emon bostekoa!' lelopean.
Pop-rock erritmoz jantzita dator Ibilaldia 2005eko kantea. Ander Ertzilla durangarrak egin dau doinua, berbak Unai Iturriaga bertsolariak jarri deutsoz eta ahotsa Ken Zazpi musika taldeko Eñaut Elorrieta abeslariak, Anderren alabatxo Jone Ertzillak eta Ikastolako ikasle eta guraso talde batek. Guztiek lotura zuzena daukie Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolakaz: Eñaut Ibaizabal ikastolako irakaslea da; Unai Iturriaga Kurutziagako ikasle ohia da, Ander Ertzilla Ibilaldia 2005 antolaketa taldeko kidea…
Emon bostekoa! abestia “erraza, bizia eta musikalki partaidetza askotakoa” legez definidu dau Ander Ertzillak. Eta, letreari jagokonez, Unai Iturriagak be umeakan pentsau dau idazteko orduan. Berbatan fantasiarako jokerea ondo geratu eitekeala pentsauta, “batez be bertsoaren bigarren atalaren oinarria jolasa da”, Iturriagaren esanetan.
Lehenengo, berbak sortu ziran eta gero doinua. Horregaitik, Ertzillak erabateko autonomia izan dau musikea egiteko.
Erabilitako musika tresnak bateria, bajua, gitarra elektrikoa, tronpetea, tronboia, saxofoia... izan dira. Akaso, Ibilaldiko kanta baten itxaroten ez diran musika-tresnak dira. Horregaitik, erritmo biziz, bostekoa emon deutse Ibilaldiari Ander Ertzillak, Unai Iturriagak eta Ibilaldia 2005 kantan parte hartu daben guztiek.