Eretxia  IV. urtea // 99. zenbakia

Errua onartzea ondo dago, baina nahiko ete da?


Orain ikusi izan dogu arinkeria handiagaz kritiketan dogun prebisino faltak geurean be posible dirala. Oraingoan, meteorologia zerbitzuek iragarritako izotzak txistuka eta etxeko lanak egin barik hartu ditu kontu publikoetan dabizan asko. Bideak izoztu egin ziran eta trafikoan izandako ondorioak danok ezagutzen doguz. Orain gitxiko barreak hasarre bihurtu dira gure instituzinoek ez ebelako asmau ekatxaren arazoari behar zan legez aurre egiten.

Arazoaren biharamonak be ezustean hartu gaitu. Ez doguz egunero ikusten politikariak parkamena eskatzen eta errua eurena dala autortzen. Horixe bera egin eban Bizkaiko Diputazinoko Azpiegitura diputaduak. Gure artean, politikariek beste bati edota uritarrei errua botatea jokabiderik normalena izaten da. Era honetan, ondo gogoratu beharko dogu politikariek euren lanean akatsak egon zirala autortu eben eguna. Ez dogu ahaztuten aurreko edurte baten Madrileko agintariek uritarrei
leporatu eutsiela trafiko arazoaren errua. Honen aurrean, gure diputaduak agertu dauan jokabideak ez dauka zerikusirik Madrilekoek orduan izandakogaz.

Baina hori txalotzekoa izanda, ez daigun ahaztu horrenbeste miresten dogun Europan akatsaren errudunak, lehenengo mailakoa ala bigarrenekoa izan, haren akatsa bereganatzeaz ganera, beste ondorio bat sufriduten dauala. Hain zuzen be, Europa zibilizauan, arazoaren arduradunek (ala ardurabakoek) hareen kargua galtzen dabe izandako akatsen ondorioz.

Iñaki Atxutegi

Pasa dan asteko edurteak ondorio larriak eragin ebazan gure eguneroko bizimoduan. Asko, lanera berandu heldu ziran edo bidean geratu ziran. Eskola eta lantegi askok ateak zarratu egin behar izan ebezan. Gazte eta helduok jai eguna aprobetxau genduan edurragaz jolasteko, trafikoagaz batera eguneroko bizimodua hankaz gora geratu zalako.

Biharamonean, edurraren ondoren, leia etorri zan. Edurrak eta "lei baltza" dalakoak sekulako trafiko arazoak eragin ebazan Bilbo inguruetako errepideetan. Guzurra dirudi, benetan, aldez aurretik iragarrita dagoan ekatxak horrenbesteko kaltea eragin izatea.

Gutako askok barre ironikoa egin genduan orain aste gitxi Gaztelako errepideetan Madrileko gobernuak izandako prebentzino falteagaitik. Ahopeka esaten eban batek baino gehiagok holako gauzak Espainia ‘atzeratuan’ pasetan dirala, baina ezelan be ez Europa zibilizauan. "Holako edurte batek ez dau gelditzen eguneroko bizitza Alemanian edo Holandan", esaten genduan ahobeteka.