Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 99. zenbakia

Munduaren egonkortasuna kolokan


Inbersino gehiago

Nazinoartearen miopiaren adibideak sobran dagoz. Esate baterako ur garbia eta saneamentuak emoteak holakorik ez daukien 2.000 miloe personari 37.000 miloe dolarreko kostua eukiko leuke; goseteak erdira jaisteak, 24.000 miloe; andrazkoei ugalketearen inguruan zuzendutako zerbitzuek 12.000 miloe; analfabetismoa desagertu eragiteak 5.000 miloe; garapen bidean dagozan herrialde guztietako umeei beharrezko txertoak emoteak 3.000 miloe.

Adibide gehiago dago. Urtean Hiesaren kontra burrukan egiteko 10.000 miloe eta malaria kontroletako 3.000 miloe dolarreko inbersinoa eginda, miloeka bizitza salbauko litzatekez. Zenbateko horreek batu ezkero, behar dan diru kopurua itzela edo astronomikoa dala emoten dau; hala eta guztiz be, txostenean beste datu bat emoten da; diru kopuru horreek guztiak Irakeko gerran gastautako 211.000 miloe dolarren erdia besterik ez dira.

Begiluzea

Munduko egonkortasun eta bakearen arerioak ez dira Osama Bin Landen, ez Iran, ez Saddam Husseein, ez Ipar Korea. Arerio horreen izenak, beharbada, ez dira hain deigarriak, baina bai askoz kaltegarriagoak: pobrezia, desbardintasunak, HIESaren moduko pandemiak eta ingurumenaren hondamendia, besteak beste. Horreek danak benetako “okerraren ardatzak” dira, Etxe Zuriak “terrorismoaren” kontra aurrera daroan nazinoarteko kurutzadeak garrantzia kendu gura badeutse be.

Horixe da, laburbilduz, Worlwatch Institute erakundeak munduaren egoerearen ganean egindako diagnostikoa. 2005eko txosten honen sarreran Mijail Gorbachov-en berbaurrea agiri da. Perestroikaren aitak eta Nazinoarteko Kurutze Berdearen Fundazinoaren gaur egungo zuzendariak bere buruari itauntzen deutso ia non dagozan gerra hotza desagertu eta bloken politikea gainditu ostean sorturiko etekinak: “Gaur egun, zergaitik dagoz hain zabalduta lurralde arteko gatazkak eta terrorismoa?” itauntzen deutso irakurleari.

Azterlanaren egileen arabera, ezegonkortasuna gero eta handiagoa da mundu osoko gobernuak, AEBren gidaritzapean, ikuspegiaz okertu diralako edo bestelako interes ezkutuak daukiezalako. Ondorioak arrazoitzat hartzen dira eta hondamendi handiko armen nahiz ekintza islamista fanatikoaren kontrako burrukea atxakia modura erabilten da beste desafio batzuei ez oratzeko, berbarako pobreziari, azpigarapenari eta ingurumenaren iraunkortasunari.

Benetako arazoak gosetea, superpopulazinoa, erregai fosilen agorpena, Hiesa eta klima aldaketa dira; faktore horreek beste gatazka batzuk (etnikoak, erlijiosoak eta mugakideen artekoak) bizten dabilz eta nazinoarteko komunidadeak ez dau zirkinik be egin arazooi aurre egiten hasteko, NBEren helburuen artean egonagaitik be. “Zuztarrean dagozan arrazoi honeei aurre egiten ez bajake, mundu mailan etengo ez dan indarkeriaren espiral batean sartuko gara”, azaldu eban Worldwatch Institute erakundeko zuzendariak, Christopher Flavin-ek.