Londres
Mundu anglosaxoniarraren ikonoa eta Europako uririk erakargarrienetarikoa
Kontuak kontu, alde ezkorrak bazterrean itxita, Londres uri erakargarria da edozeinentzat, txiki, handi, gazte, heldu zein edadekoentzat. Arkitektura eta museo zoragarriez ganera, paseoan ibilteko parke ederrak, Covent Garden, Nothing Hill edo Picadilly Circus lako leku magikoak, Portobello roadeko azokea, dendak, bobbyak, pisu biko autobusak eta bestelakoak topauko dozuez. Egunez nahikoa jirabira egin ez badozue eta kantsau ez bazarie, gauez be badagoz disfrutetako aukerak; hori bai, patrikerea ondo beteta eroatea komenidu da. Esandakoak esanda eta ikusitakoak ikusita, Londres gustau ez bajatzue beharbada joan zaiteze Parisera. Hori bai, Parisen be diru asko gastauko dozue.
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.
Londresen dotorezia eta Parisen erromantizismoa: horreek dira uri horreen ganean beti entzun izan doguzan topikoak; baina, sarritan, errealidadea bestelakoa izaten da. Dana dala, ez dago ukatzerik Londres Europako uririk garrantzitsuena dala ekonomiaren zein historiaren aldetik. Erresuma Batuko uriburutik agintaritza militar ikaragarria zuzendu zan gizaldietan zehar, eta gaur egun gune ekonomiko indartsua da. Uriaren erdialdean eraikin dotoreak dagoz botere horren erakusgarri: parlamentua, Big Ben ospetsua, munduko erlojurik ezagunena, Thamesis ibaiaren ganeko zubiak edota Londreseko Torrea. Gitxi-asko, danok ezagutzen doguz horreek guztiak, noz edo noz bertan egon garalako edo non edo non ikusi edo irakurri dogulako. Alde turistikoa baino ez da hori, eta Bizkaie! Aldizkarian aitatzen doguzan lekuetako gizartea eta lagunak interesetan jakuz gehiago. Duda barik, Londres oso interesgarria da, ikuspegi soziologikoa, ekonomikoa eta politikoa kontuan hartuta.
Arraza eta kulturen arteko alkarbizitzea
XX. gizaldiaren erdialdea ondo igaro arte botereari eutsi deutso Britainiar Inperioak, eta gaur egun oraindino berea da burukomin handiak eragin dituan kolonia, hau da, Gibraltarreko hatxa; egia esan, kolonizau dituen leku edo herrialdeen eragin handia izan dabe bai Erresuma Batuak eta bai Frantziak be. Eragin horretan, zeresan handia izan dau immigrazinoak, eta gaur egun indiarrak, malaysiarrak, pakistandarrak, txinatarrak, Sahara azpiko herrialdetakoak zein munduko edozein lekutako lagunak topau geinkez Londresen. Bertan dago kontinente zaharreko eta, beharbada, mundu osoko arraza pilaketarik handiena. Horrezaz jabetzeko, metroan osteratxua egitea izaten da onena: Europako beste uri handi batzuetan legez, Paris, Berlin eta Madril (Madrilen ez da horrenbeste igarten) lako urietan metroan goazela ez dago jakiterik zein herrialdetan gagozan. Arrazen arteko alkarbizitza hori ez dau mundu guztiak ondo ikusten, baina immigrazino basatia hasi zanetik urteak pasau dira Erresuma Batuan eta, salbuespenak salbuespen, arraza eta kulturen arteko tolerantzia eta errespetua nagusitzen dira. Edozelan be, planeta osoan legez, etnia bakotxa ghettoetan pilatzen da uriko leku jakinetan eta, horren ondorioz, askotan degradazino eta bazterkeria kasuak sortzen dira. Halan da be, oro har behinik behin, Londres uri segurua da.
Erdi mailako herritarrentzat eta kanpotarrentzat arazo larriak eragin ditu uriko kanpoaldean auzoak sortzea ekarri eban XX. gizaldiaren erdialdeko eta amaierako industria eta teknologiaren boomaren amaiereak. Langabeziak eta delinkuentziak nabarmen egin dabe gora. Industrian be igarri da eragina, baina ez Erresuma Batuko beste uri batzuetan legez, Newcastle edo Manchester lako urietan legez, berbarako. Dana dala, azken urteotan uriko giroan zeozelako degradazinoa ikusten da eta, oraingoz, larria ez bada be, kaleko segurtasunaren maileak behera egin dau.
Mundu anglosaxoniarraren erdigunea
AEBetako New York edo Washington DC lako urien indar ekonomikoa askozaz handiagoa izan arren, Londres beti izan da (eta aurrerantzean be izango da) mundu anglosaxoniarraren uriburua eta eredu garbia oso urrun dagozan herrialde batzuentzat: Australia, Singapur edo Indiarentzat, kasurako. Mundu anglosaxoniarraren ezaugarriakaz bat etorriz, uri hotza da, eta gizataldeen artean distantziak marketan dituana; hori guztia areagotu egiten da ganera guztia ondo eta zehatz ordenauta dauen uriko klima hotz eta grisagaz. Londres uriko ezaugarririk ezkorrena da hori askorentzat, eta horregaitik autortzen dabe Londres ez dala euren gustoko lekua biziteko. Halan da be, Europako uririk bisitatuena da, eta normalena bisita turistiko laburrak egitea izan arren, asko eta asko dira ingelesa ikasteko edo behar egiteko hilebete batzuetarako edo urteetarako Londresera joaten diranak. Edozein lekutako lagunak topau geinkez bertan -baita euskaldunak be-, eta, beharbada, arraza eta kulturen arteko nahasketa horren eraginez, Londreseko uritarren izaera hotz horretan zipriztin berezia sortzen da eta Londreseko gauak oso alaiak izaten dira astegunetan be. Gauetan, uriko pub eta diskoteketan sortzen dan giroak ez dauka Rio de Janeiro edo Ibiza lako urietako gauaren inbidiarik.
Beste alde batetik, Londres negozioetako uria da. Londreseko lau aireportuetatik ehun miloe lagun baino gehiago pasetan dira urtero, gehienak exekutiboak. Egia esan, Erresuma Batua espezialistea da inoren kapitala erabiliz dirua ataraten. Jarduera horretan, milaka lagun dabilz 'city' izenagaz ezaguna dan finantza gunean. Batik bat, arraza zurikoak dira hemen batera eta bestera arin-arinka dabilzanak. Egunez zoramena izaten da, baina gauez arimarik be ez dabil kale horreetan. Isiltasuna izaten da nagusi, eta lantzean behin agiri diran lagunen egoneza eta urduritasuna begi bistakoa izaten da. Finantza gunea egunez bisitau behar da, ezelako duda barik.