Euskerea berbagai  IV. urtea // 99. zenbakia

Euskerearen egoerearen adierazleak


Berez, Euskal Herriko Hizkuntza-adierazleen Sistemea (EAS) aginte publikoei, euskerearen erabilerearen normalizazino prozesuan jarduten daben eragile eta organoei, eta batez be uritarrei, euskerearen egoereaz eta Euskal Herrian luze-zabal agertzen dauen bilakaereaz informazino zehatza emoteko erremintea da.

Informazino hori beharrezkoa da martxan dagozan hizkuntza-politiken eta ekimenen funtzionamentua ezagutu eta ebaluetako, baita horreek garatu eta hobetzeko beharrezko neurriak hartzeko be, nork bere eskumenen araberakoak. Beste era batera esanda, tresna honek eskura iminten deuskuzan datuak gaurkotasunez betetako estadistikak egiteko datuak emongo deuskuez eta holanik, gaur egungo hizkuntza-politikeak hobeto identifikauko dauz geure hizkuntzearen ahulgune eta beharrak. Horretarako, hizkuntza-adierazleek aintzat hartu beharko dabe testuingurua, funtzionamentua, aitatutako hizkuntza-politikea eta ekimenen kostuak eta emoitzak, edota holakoen faltea, kasua horren ona ez danean.

EASen egiturea

Lehen pantailan kontsulta-aukera bi dagoz: gaika eta udalerrika. Lehen aukerea zabaldu ezkero, bost eremu nagusiren artean aukeratu daiteke (testuingurua, baliabideak, lege-garapena, esparrukako programak eta emoitzak). Era berean, eremu bakotxaren barruan adierazleak biltzen dabezan azpi-eremuak topau daikeguz.

Bigarren aukereak udalerri baten egoera soziolinguistikoa ezagutzeko bidea emoten deutso erabiltzaileari, sistemearen zenbakizko adierazle nagusien laburpenaren bitartez.

Informazinoa eguneratuta dago, beraz, edonoiz eskuragarri dagozan daturik barrienak eskainiko dira. Baina, sistemearen helburua bikotxa dala kontuan izanik, hau da, euskerearen egoerea eta bilakaerea neurtzea, ahal dan neurrian aurreko urteetako datuak be eskainiko dira.

Ahalegin sendoa da Kultura Sailak abian jarri dauena euskerearen onerako, izan be, bide egokiena zein dan jakiteko ezinbestekoa da mapa eta iparrorratz onak eukitea. Espero daigun ahalik eta lasterren ekitea ibilteari!

Xabier Paia

Eusko Jaurlaritzeak euskerearen egoerearen barri emoten dauen adierazle bildumea jarri dau Interneten. Hain zuzen be, Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskal Herriko Hizkuntza-adierazleen Sistemea aurkeztu eban aurreko astean. Honen bitartez, euskerearen egoerearen eta bilakaerearen barri emoten daben adierazleen bildumea eskegi gura dau Interneten, edozein eragilek zein uritarrek zazpi herrialdeetako informazinoa eta datuak jaso dagiazan. Hizkuntza politiken funtzionamentua eta eragingarritasuna neurtzea da tresna horren asmoa, etorkizunean jarraitu beharreko bideak erabagiteko. Ondorioz, dudabakoa da eguneratzea etenbako beharra izango dana.

EAS-ek (Euskal Herriko Hizkuntza-adierazleen Sistemea) Euskal Herri osoa hartzen dau aintzat, nahiz eta oraindinokarren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hizkuntza adierazleak baino ez dagozan ikusgai. Lapurdi, Nafarroa, Nafarroa Behereari eta Zuberoari jagokenez, ondino biztanleen ganeko datuak baino ez dabez eskegi, baina eremu horreetako erakunde eta agintariakaz alkarlanean hizkuntza adierazleak jartea da Jaurlaritzako Kultura Sailaren asmoa eta helburua.