Txileko arrainen artean errege dogu Xabier Zabala sukaldaria
Iratxe Ormatza
Xabier Zabala Belauntzan, Gipuzkoa, jaio zan orain dala berrogeita sei urte. Ameriketara joan zan gaztea zala, eta Mexikon eta Argentinan egon ostean, Txilera joan zan. Hogei urte bete dira han dagoanetik. Lapiko artean bizi da. Euskal herriko gastronomia eta Txilekoa era ederrean batu dauz txiletarren eretxiz, izan be, Txileko Gastronomia Kronikalarien Elkarteak 2004ko chef onenaren saria emon deutso.
Gaur egun ‘Infante 51’ jatetxean egiten dau behar. Santiagoa de Txilen izen ona dauka jatetxeak: ederra, handia, elegantea. Zabalak dino, jatetxea goi-mailakoa bada be, danetariko jentea joaten jakola. Horixe gura dau, klase guztietako jentearentzako topaleku izatea. Aurretik beste jatetxeetan behar egin izan dau: Kaia, Pezcadores… Izenek adierazoten dabe Zabalaren guraria: arraina. Arrain freskoa kozinetea gustetan jako gehien, eta kotxea hartu eta hainbat eta hainbat kilometro egiteko kapaz da arrain ona lortzearren. Arraina gustetan jako baina arrainean eskua lar sartu barik kozinetan dau. Bide laburra egiten dau arrain ederra eskaintzeko: arraina eta orioa. Txilen, antza, arraina lar egosten dabe eta kalidade onekoa ez dan orioagaz. Ez da harritzekoa, beraz, hango jenteari gustetea arraina preparetako daukan modua. Arrainaren kulturea zabaldu gura dau eta erakutsi ondoan daukien itsasoak jaki gozoak eskaintzen deutsizala. Horretarako, eginahalean dabil, bertakoek jaten ez daben arraina kozinau eta probau egiten dau eta gustokoa badauka, saldu egiten dau.
Zabalak sueteen artean topau dau bere zaletasuna eta lanbidea. Baina handik kanpo be jenteagaz egoten da behar diran azalpenak emoten eta, sarritan konbentzidu be egiten ditu, baita inoren gogoa bete be. Haren beharra ez da amaitzen preparau dauena bezeroen ahotik pasau danean. Bezeroen gogoan eta buruan eragitea be bada Zabalaren helburua.