Euskaldunok munduan  IV. urtea // 99. zenbakia

“Crimen ferpecto” pelikulea AEBn


Iratxe Ibarra

Denporea da Alex de la Iglesiaren azken pelikulea Euskal Herriko zinematan egon zanetik. Orain munduari bueltea emoten dabil, eta dakigunez AEBetan eta Kanadan aukerea izango dabe barre egiteko eta egunerokotasuna bestelako begiakaz ikusteko, Hollywoodetik eskaintzen daben pelikuletatik eta ikuspegitik aldenduta. Filmaren gaia ez da berezia: saltoki handi bateko saltzaile batek lanpostu hobea gura dau, baina beste batek lortuko dau berak gura dauena. Hollywoodeko gidoia izan eitekean, baita geroago lanpostua lortu dauena hilten danean be. Askotan pasetan dan moduan, inportanteena ez da istorioa bera; garrantzitsuagoa da istorioari nondik heltzen jakon, eta zein ikuspuntu hartzen dan pelikulan aurrera joateko.

Halanda ze, aukera ederra daukie estadubatuetarrek euskaldun baten pelikulea ikusteko, eta danok dogun bizimoduaren ganera gogoeta apur bat egiteko. Alex de la Iglesiak filmaren ganean esan dau persona guztiak ez dirala onak eta ez dabela besteak liluratzen (geu be ez garala hain onak be onartu behar dogu, duda barik). Zuzendariak beste batzuetan egin izan dauen moduan, danok daukagun txarrena ataraten dau estereotipoz beteriko pertsonaiatan.

Alex de la Iglesiaren pelikulea hainbat uritan egongo da ikusgai, besteak beste, Miamin eta Toronton, baita Palm Springseko jaialdian be; hortik aurrera, 30 herrialdetan ikusi ahal izango dabe.