Bertsotan  IV. urtea // 99. zenbakia

Bizkaiera onenaren zigorra


Hori gitxi balitz, ariketa paradigmatiko zein sintagmatikoak izan, bertsolariek egin beharreko dana bizkaieraz dago. Ederto! Euskalki askok gurako leuke holako presentziarik izatea sariketa batean. Horren ederra ez da, ostera, bizkaierea ez berba egin, ez ulertzen ez dabenantzat. Ni izan nintzan horren lekuko: neuri ez jatan tokau, baina neure gaztetxu denporan, bizkaierea ez zan hurreko kodea eta kide bati honeek errimak tokau jakozan bertsoa osotzeko: “justu, apustu, estu eta deusku.” “Justu ondo, apustu be bai, estu bale... baina zer da azken berba hori?” Musika irakasle bat euki neban behin Voicescu deitzen zana eta haren izena etorri jatan burura. “K” haren ordez “T” bat egon behar zala pentsau neban gero, baina ez gengozan Bilbo inguruan. Deusku ha eta gero etorriko jatazan genkio, belu, jagon... eta egunen batean puntu-erantzunean “zarie” edo “baleust” berbak topetako ikarea.

Eta aurreko astean, BBK Sariketearen lehen saioetan bildur hori atzera bizi izan neban. “Konpondu egin nahi neban, baina/ “belu” zan horretarako”. Eta neure ikaslearen aurpegia neurearen ispilu bihurtu zan. Ez zan lehenengo aldia ha argazkia biziten nebana.

Baina lasai, alternatibak badaukadaz kexagaz batera:

“BBKko jaun-andere agurgarriak:

Ezin saritu daikezue partaide danek beteten ez daben ezaugarri bat; edo, bizkaierea saritu gura badozue, emon partaide danei bizkaierea ikasteko aukerea eta pagau ganorazko ikastaroren bat. Eta bestela, saritu egizue bardintasunezko erispideak finkatu ondorengo zer edo zer; berbarako, bizkaiera onena beharrean, saritu bertsorik onena. Edozelan be, eskerrak emoten deutsuedaz neure aurrekoei, neuri eta neure ondorengoei kantetako emon deutsezuen aukereagaitik.”

Adeitasunez.

Xabier Paia

Ez. Ezetz. Ez pentsau bizkaierearen kontra egin behar dodanik oraingo honetan. Hori baino, bizkaierearentzat kaltegarria izan daiteken kontu bategaz nator aste honetan: BBK Sariketako bizkaiera onenaren saria.

Bizkaiko biztanleen artean zenbatek egingo dau euskeraz? Eta gazteen artean zenbatek? Eta bizkaieraz Bizkaiko zenbat gaztek egiten dau? Gura badozue gaztetxo esan daigun, 14-18 urte bitartekoen ganean berba egin gura dodalako batez be. Dudarik barik, itaun bakotxaren erantzuna gero eta txikiagoa izan da; azken itaunak ez dauka erantzun nulu edo negatiborik, maila orokorra hartzen badogu kontuan behintzat. Hau da, Ibaizabalen ezker eta eskuma hurrean, bizkaieraz egiten daben nerabeak, lepoa ez neuke egingo, baina geure amaren bigarren kotxea postura egingo neuke esateko kopurua ez dala futbol talde bat osotzeko beste; eta hori ordezkorik behar ez dogula pentsauta.

BBK Sariketean, ostera, errealidadea sano desbardin ikusten dabe. Bizkaie!-k ezagun dau BBK Bilbao Bizkaia Kutxak urtero kanpomartxo sasoian egiten dauan ekimena: Bizkaiko bertsolari gazteak (0-24 urte artekoak) martxan iminteko eskualdeka egindako taldekako sariketea. Txapelketeak 6 eskualde batzen dauz lehian (Busturialdea, Lea-Artibai, Arratia, Bilboaldea, Ipar Uribe eta Durangaldea), bertsolaritzea oso espektro desbardinetik ikusi eta bizi dabenak. 18 urtera arteko gaztetxoek hiruna bertso kantau behar dabez eta 18-24 bitartekoak (aurten parte hartzeko adin-tartea zabaldu da kategoria honetan; lehen 18-23 artekoa zan) launa. Talde eta kategoria bakotxean hiruna kide: eskualdeko sei eta danera hogeita hamasei (kontuan hartu barik talde batzuek ordezkoak izaten dabezala). Sei bertsolari gazte lortzea, ostera, ez da gauza erraza gaur egun eskualdeotan; ondorioz, eskualde batzuek bertsolari-ganadua 'inportau' behar izaten dabe (Arratia eta Busturialdea kasu).

Taldeak antolatuta, saioak hasi egiten dira. Gai-jartzaileak bizkaieraz egiten dau, talde gehienetako kide eta epaile danek lez. Talde danek, ostera, ez dakie bizkaieraz. Baina errealidadea ez ei da holakoa antolatzaileentzat, 140 euroko saria emoten deutsielako bizkaieraz hobeto egiten dauan neska-mutikoari. Horrek esan gura dau bizkaieraz ez dakianak horretan parte hartu be ez dauela egiten.