Kulturea  IV. urtea // 99. zenbakia

Daniel Vázquez Díaz: ahaztutako pintoreagaz akordetan


Vázquez Díazen pinturearen ezaugarrietako bat figuren sinpletasun geometrikoa eta forma eta bolumenen sintesia da, kubismoaren eraginez. Forma garbiak, kolore zuri eta grisak, eta dana argi eta kolore leunetan aplikatuta.

1929an, enkarguz, La Rábida (Huelva) monasterioko freskoak pintetan hasi zan: Deskubrimenduaren Poema izena ipini eutsan, Amerikako deskubrimenduaren oroimenez. Hortxe lortu eban benetako ospea, baina, denboreagaz, frankismoak “estetika nazionalaren” adibide lez erabili zituan pintura horreek.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, artea ahaztu egin zan Vázquez Díazegaz. Oin, Bilboko Arte Eder Museoaren eskutik, Euskal Herriko pinturan hain eragin handia euki dauen pintoreagaz gogoratzeko aukerea daukagu.

Julen Gabiria

1906ko garagarrilaren 29an, Daniel Vázquez Díaz ez zan oindino ezaguna. Huelvako Nerva herrian 24 urte lehenago jaiotako gaztea Gipuzkoara heldu zan egun haretan, eta modu horretan, gerora, hartu-emon oparoa sortuko zan margolariaren eta Euskal Herriaren artean. Bitxia izango da batzuentzat Bilboko Arte Eder Museoak holako erakusketa antologiko handia antolatzea Andaluziako margolari baten gainean, baina, egia esan behar bada, Euskal Herriak eta, batez be, Bidasoa inguruak asko emon eutsien Vázquez Díazi, eta trukean pintoreak be asko emon eutsan euskal pintureari. Hondarribia inguruan uda asko pasau zituan, eta Euskal Herriko paisajeagaz maitemindu egin zan. Hainbesteraino maitemindu be, Bidasoako arroa bere ikonografiaren oinarrizko parte bihurtuko zan.

Lehengo astean zabaldu zan “Daniel Vázquez Díaz, 1882-1969” erakusketea, eta maiatzaren 29ra arte egongo da bisitetako moduan. Ehun bat olio ikusteko aukerea dago bertan, marrazki eta akuaforte askogaz batera

Jaime Brihuega eta Isabel García komisario dituan erakusketa honek margolariaren produkzinoaren berrikusketea eskaintzen dau, eta argi geratzen da Vázquez Díazek zelako lana egin eban Gerra Zibila baino lehenagoko Espainiako pinturea barritzeko.

Erakusketarako aukeratutako artelanen bidez, haren bilakaera kronologikoa errepasetako aukerea dago, Parisko obra goiztiarretatik hasi eta La Rábidako fresko ospetsuetara heldu arte. Azken horreek erakusteko, zirriborroak, prestakuntzarako kartoiak eta freskoan egindako saio bat dagoz. Beste alde batetik, Vázquez Díazen margoak ikuspuntu artistikotik ikusi badaitekez be, margolariaren garaiko artista eta intelektualen erretratuen galeria interesgarria be topauko dogu. Izan be, hareetako batzuekaz (esate baterako, Juan Ramón Jiménez poeteagaz eta Aurelio Arteta pintoreagaz), Vázquez Díazek adiskidetasun handia euki eban. Erretratatuen artean Regoyos, Ortega y Gassett, Rubén Darío, Pérez Galdós, Sorolla, García Lorca, Gómez de la Serna, Unamuno edo Gutiérrez Solana dagoz.

Daniel Vázquez Díaz (Nerva, Huelva, 1882- Madril, 1969) XX. mendearen lehenengo erdialdeko Espainiako kultura artistikoaren oinarrietako bat izan zan, eta hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetako abangoardietan eta mobimentu barritzailean protagonista izan ziran margolari askoren erreferentzia be bai. Halanda be, artearen figura nabarmena izan zan arren, Vázquez Díazen gaineko ikerketa gitxi egin izan da, eta erakusketa antologiko honek haren benetako soslai historiko eta artistikoa irudikatu gura dau.

Hasierako ikasketak Sevillan egin ostean, Vázquez Díaz Parisera joan zan, eta bertan bizi izan zan 1906 eta 1918 artean. Urte hareetan Parisko bizimodu artistikoagaz hartu-emonetan jarri zan, eta Juan Gris eta Modigliani ezagutu zituan. Gainera, Euskal Herriko artisten giroan be sartu zan, eta hareen adiskide egin: tartean egozan Zuloaga, Durrio (horrek Picasso aurkeztu eutsan), Echevarría eta Zubiaurre anaiak, besteak beste. Garai haretan Parisko saloi ofizialetan sarritan egin zituan erakusketak.

1918ko udabarrian, eta lehenago egonaldi laburragoak egin ostean, lau hilabetez Hondarribian egon zan, pintetan. Euskal Herrira egindako lehenengo bidaietako paisajeakaz guztiz hunkituta, Vázquez Díaz urtero bueltauko zan udak Hondarribian pasetan. 1919an Bilboko Pintura eta Eskulturaren Nazioarteko I. Erakusketan hartu eban parte, eta hurrengo urtean erakusketa indibiduala egin eban leku berean, kritikearen eta publikoaren aldetik arrakasta handiagaz.

Halanda ze, gero eta lotura handiagoa eukiko eban euskal artistakaz eta, batez be, Artetagaz. Hartu-emon sakon hori modu paradigmatikoan agertzen da Euskal lurra olio-lanean eta Nire lagun Arteta marrazkian. Euskal Herriko egonaldi horren ostean, Madrilera joan zan biziten, eta, bertan, bere estiloa osotu eban eta garai haretako pinturearen barrikuntzearen liderra izan zan.